Baker eta Howland uharteak dira urte berriari ongietorria ematen azkenak. Uharte horiek Amerikako Estatu Batuen mendekoak dira, eta biak ala biak daude jendegabeturik. Urtea, uharteotan, Euskal Herriarekin alderaturik, hamabi ordu beranduago hasten dute bertan bizi diren animaliek, landareek eta piztiek.
Bi aste baino gutxiago geratzen dira inolako aurreikuspenik gabeko 2026. urtearen hastapena heltzeko, eta, barkatu, baina ni, bederen, ez nago prest. Beste urte batzuekin alderatuta, aurtengoa ezberdina izan delako irudipena dut; aurtengoa, oro har, hain urte latza izan dela uste dut, ezen hamabi hilabeteotan ezin izan naizen guztiaz oso kontziente izan, areago iragandako denboraz; ez dut bihurguneen gaineko kontzientziarik izan, horietan zuzenean babes listoia jo baitut; ez dut oraina orainaldi izan; ez dakit zer nahi nuen, zer nahi dudan eta zer nahiko dudan, are gutxiago neure buruari zer exijitu. Aurten, oholtza bete ezusteko, nahigabe, kezka, haserre eta ezintasun izan dugu gurean, eta norberarentzako leku gutxi egon da.
2025. urtean berrogei bat iritzi artikulu idatzi ditugu hedabide honetan hainbat emakumek. Horietan, gure izana zeharkatzen duten gorputzaren, azalaren eta harremanen inguruan hausnartzeaz gain, etengabe hedatzen ari den faxismoari, matxismoari, homofobiari eta transfobiari, arrazakeriari, kontsumismoari, hizkuntza eskubideen urratzeari eta gaur egungo genozidioei, gerrei eta sarraskiei buruz ere hitz egin dugu. Hitzez, perpausaz eta berariaz bilatutako lexikoaz luzatu dugu gure ikuspuntua, eta errealitatea gorpuztu; haatik, nago aurten hausnarketa gehiegi eta autokritika nahiz ekintza gutxiegi egon ez ote den.
Hala eta guztiz ere, nahiz eta hainbat gai deserosoren inguruko iritzia emateko erabakia hartu, ez dakit hilabeteotan zehatz-mehatz zer izan naizen; ez dakit, aurtengo gertakariak ikusirik, zein rol izan dudan, ez dakit erruduna, konplizea ala errugabea izan naizen.
Hori dela eta, aurten eskerrak eman nahi dizkiot izana biltzen digun eta dike propio dugun azalari, gu babesteko nahiz biltzeko gaitasuna duenari; izan ere, aurten, behin baino gehiagotan, azalak, kanpotik heldutakoak ni zeharkatzea eta haltsarrak belztea zaildu du, eta, era berean, 52 asteotan neure burua zutunik mantentzea ahalbidetu du, baita sentitutakoa sekretupean geratzea ere.
Kontraesan ugari gorde dizkit sekretupean azalak, horien artean, ondoeza eta, maiz, ezintasun sentsazioa; baina baita errua ere. Euskaldunok, aurten, mundu mailako egoera anitz salatu ditugu eta zapalduei elkartasuna adierazi diegu; halere, salatutakoa ekonomikoki sustatzen eta borreroak zeharka babesten jarraitu dugu.
Aurten, oholtza bete ezusteko, nahigabe, kezka, haserre eta ezintasun izan dugu gurean, eta norberarentzako leku gutxi egon da
Ez dakit datorren urtean zer bilduko eta ezkutatuko digun azalak; ez dakit hura zeren bilgarria izanen ote den; ez dakit errudunak, konplizeak ala errugabeak izanen garen, baina honako jarrera mantenduz gero, erantzuna erraz aurreikus daiteke.
Gizakirik gabeko Baker eta Howland uharteetara joan nahiko nuke. Identitatea eta hari lotutako eskumenak hemen utzi, etiketak erauzi, eta hamabi ordu gehigarri horiek izan 2026. urtea hasi aurretik; ez zerbait aldatzeko saiakera egiteko, baizik eta munduaren nahiz errealitatearen errotazio mugimendua eta kausa-efektua ahazteko eta neure burua, azala, oreztak eta haltsarrak entzuteko eta begiratzeko. Autokritika egiteko. Animalia eta, halaber, piztia izateko.
Ez dakit zer izango ote garen euskaldunok 2026. urtean, baina ziur nago oraindik beste hainbeste idazteko gertakariak izango ditugula gurean.
