«Ez nuen espero finala jokatzea, ez baitut anitz prestatu txapelketa»

«Ez nuen espero finala jokatzea, ez baitut anitz prestatu txapelketa»

Adosen sanferminetako lau eta erdiko torneoa irabazi eta gero, modalitate horretako txapel nagusia lortu nahi du Leire Oskozek (Lantz, Nafarroa, 2007). 

Lau eta erdiko finala jokatuko duzu. Pozik?

Oso, ez bainuen espero finala jokatzea. Sanferminetako lau eta erdikoa irabazi nuenez, zerrendaburu izan naiz, eta ez dut jokatu behar izan ligaxka. Hala ere, ez nuen espero finalera iristea. Batetik, aurkariek anitz jokatzen dute lau eta erdian; eta, bestetik, nik ez dut anitz prestatu txapelketa. Munduko Frontball Txapelketa jokatu behar nuenez, modalitate horretan aritu naiz gehien, eta lau eta erdiak eta frontball-ak ez dute batere antzik.

Ez duzu asko entrenatu lau eta erdikoa, baina bikain moldatzen zara.

Gustatzen zait lau eta erdikoan jokatzea, baina ez uste, anitz alditan galdu dut ere modalitate horretan; pixkanaka ari naiz ikasten. 

Zertan moldatzen zara ondo?

Aurkaria dezente mugiarazten dut, eta anitz alditan jotzen dut pilota airez.

Binaka jokatzen duzue gehien. Eskertu egiten duzue beste modalitate batean aritzea?

Bai, izugarri. Niri ikaragarri gustatzen zait bakarka aritzea: horretan erakusten duzu benetan zer-nolako maila duzun, eta zuk irabazten edo galtzen duzu. Arras polita da bakarka aritzea.

Ez duzu ligaxka jokatu, baina adi erreparatu diozu?

Bai, eta zera geratu zitzaidan oso argi: hemen, den-denek jokatzen dutela anitz pilotan, eta nik ere oso ongi aritu beharko nuela berriro final batera iristeko.

«Niri ikaragarri gustatzen zait bakarka aritzea: horretan erakusten duzu benetan zer-nolako maila duzun»

Bi partida jokatu dituzu. Nolakoak izan dira?

Gogorrak. Maite [Mujika] arras ona da: bikain mugitzen du pilota, eta oso ongi sartzen da airez. Banekien arras ongi aritu beharko nuela hari irabazteko. Eta egin nuen [22-12 irabazi zion]. Finalerdietakoa izan da partidarik gogorrena, baina banekien oso gogorra izango zela: Ierak [Iturriagak] anitz jokatzen du pilotan, eta hari irabazteko anitz borrokatu beharra dago. Oso ongi hasi nintzen, baina seguru nengoen Ierak gogotik egingo zuela borroka. Horrela izan zen, baina, eutsi, eta irabazi egin nion [22-18].

Barrokalen aurka jokatuko duzu finala. Zer itxura hartzen diozu?

Partida oso zaila izango da, eta bete-betean aritu beharko dut irabazteko. Ahalegin betean arituta ere, oso gogorra izango da.

Zergatik?

Maddi arras aurkari gogorra baita: oso zaila da haren aurka jokatzea, ez baitu inoiz etsitzen, eta ez baitu pilotarik galtzen. Horrez gain, gogor jotzen du pilota, eta oso ongi sakatzen du.

Zer egin behar duzu ondo hari irabazteko?

Konstantea izan: ekin eta ekin aritu.

Nola joan da urtea?

Arras urte borobila izan da: binakakoa, eta sanferminetako eta bertso pilota torneoak irabazi ditut. Ea 2026a horrelakoa den.