Sanferminak 78 Gogoan elkarteak salatu du German Rodriguezen oroitarrian dagoen plakari eraso egin diotela, eta halakorik ez errepikatzeko neurriak eskatu dizkiete erakunde publikoei. Hala dio plakak: «German Rodriguez Saizen oroimenez, Poliziak tiroz hil zuen 1978ko uztailaren 8an». Ohar batean jakinarazi dutenez, baina, hura estali dute, gainean neurri bereko plastiko gogor bat itsatsita. Rodriguez «ezker abertzaleak» hil zuela idatzi dute hartan.
Ez da Rodriguezen oroitarriari eraso egiten dioten lehen aldia. Besteak beste, lehen monumentua kolpeka hautsi zuten, eta bigarren baten kontra lehergailu bat ere jarri zuten. Hala, aurretik emandako eraso sorta kontuan izanda, eta azken hau gauzatzeko moduari erreparatuta, elkarteak salatu du «aurrez pentsatu eta prestatutako» ekintza bat izan dela.
Oharrean, ezker abertzaleari egindako aipamena ere gaitzetsi dute elkartetik, Rodolfo Martin Villa orduko Barne ministroaren bertsio «lotsagarriarekin» bat egiten duela esanez; hark, zuzenean, ETArekin lotu zituen 1978ko uztaileko gertaera haiek. Horren aurrean, azaldu dute iruindarrek argi ikusi zutela «eraso polizial kriminal eta indiskriminatu bat» izan zela.
Horiek hala, eraso larritzat jo dute jazotakoa: «Germanen memoriaren eta bere familia eta lagunen sentimenduen kontrako atentatu bat izateaz gain, gure hiriko memoria kolektiboaren kontrako atentatu bat ere bada». Izan ere, elkarteak gogoratu du oroitarriak Nafarroako memoria gune izendapena duela. Hala, adierazi du Nafarroako Gobernuari dagokiola hura babestea. «Eskatzen diogu beharrezko neurriak hartzeko salatutako ekintza bezalako gehiago gertatzea ekiditeko».
