Nafarroako II. Bizikidetza Planak ez du nahi zuten adinako adostasunik lortu

Nafarroako II. Bizikidetza Planak ez du nahi zuten adinako adostasunik lortu

Adostasun handiagoa nahi zuen Nafarroako Gobernuak II. Bizikidetza Plana onartzeko. Lehenengoak Nafarroako Parlamentuan izandako porrotaren ostean, parte hartze prozesua zabaldu zuten, herritarrek eta beste eragile sozial eta politiko batzuek ekarpenak egin zitzaten. Gaur, PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak gobernu bilkuran onartutako plana aurkeztu dute, eta, EH bilduk eta UPNk proposamenak egin arren, «horietako batzuk bai, baina beste batzuk ez» dituzte kontuan hartu, baztertutakoak «ekarpen kontrajarriak baitziren». PPk eta Voxek ez dute ekarpenik egin.

2021. urtean, Nafarroako I. Bizikidetza Plana atzera bota zuten Nafarroako Parlamentuan, kontra egin baitzuten bai UPNk eta PPk osatutako Navarra Suma koalizioak eta bai EH Bilduk. Eskuin espainiazaleak «ETAren gaitzespen esplizituan» jarri zuen marra gorria. Ezker abertzaleak, berriz, salatu zuen planak ez zituela aintzat hartzen torturaren errealitatea eta beste indarkerien biktimen eskubideak. Bigarren plana prestatzeari begira, berriz, abuztuan aurkeztu zuten zirriborroa, aurrekoak piztutako ika-mika gainditzeko.

«Ezinezkoa izan da [alderdi politiko] guztien adostasuna lortzea», aitortu du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollok, gaurko gobernu bilkuraren ostean. Parlamentuan aurkeztu gabe onartu dute gobernuko alderdiek plana, ganberan eztabaidatua eta bozkatua izateko aukerarik gabe. Dena dela, plana gainontzeko alderdiei parlamentuan azaltzeko asmoa dutela iragarri du Ollok.

EH Bilduk eta UPNk aurkeztutako ekarpenei dagokienez, zera zehaztu du Nafarroako gobernuko lehendakariordeak: «Horietako batzuk kontuan hartu ditugu, baina batzuetan ez ditugu hitzez hitz jaso. Bai, ordea, proposamen horien zentzua». «Horixe bera azaldu diegu, eta plana haiekin kontrastatu», gehitu du.

117 neurri

Plangintzak 17,4 milioi euroko aurrekontu aurreikuspena du datozen bost urteetarako, eta 117 neurri zehazten ditu, sei ataletan banatuta: giza eskubideen aplikazioa; identitate, sexu eta genero aukera, hizkuntza, laizismo eta erlijio aukera, kultura eta jatorri desberdinen arteko bizikidetza; frankismoaren, terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimen eskubideak aitortzea eta aplikatzea; memoria kritiko eta inklusiboa eraikitzea; elkarrekin bizitzen hezteko eta ikasteko beharra; eta erakundeek bizikidetzaren erreferente izateko duten eginkizuna.

Ollok azaldu duenez, planaren helburua «bizikidetzari buruzko erronka berriei heltzea da, gero eta pluralagoa den Nafarroako gizarte honetan». Haren hitzetan, «datozen urteetan foru komunitateak erronkak izango ditu giza eskubideetan, bakean eta aniztasunean, mundu aldakor baten testuinguru globala kontuan hartuta».

Horrekin batera, «indarkeria ororen deslegitimazioan eta gaitzespenean» sakonduko du planak, «batez ere ETAren terrorismoak, frankismoak eta funtzionario publikoek edo eskuin muturrak eragindako motibazio politikoko indarkeriaren aurrean egindako urratsak ere sendotuz».