Iruñeko Udalak etxegabeen azterketa eta diagnostikoa egingo du

Iruñeko Udalak etxegabeen azterketa eta diagnostikoa egingo du

Zenbat pertsona bizi dira kalean Iruñean? Zerk bultzatu ditu kalean bizitzera? Zer baliabide daude etxegabeei laguntzeko? Egokiak al dira? Iruñeko Udalak hiriko etxegabeen azterketa eta diagnostikoa egingo du, galdera horiek eta beste batzuk erantzuteko asmoz. Erakundeak Knowledge Sharing Network enpresari eman dio azterketa eta diagnostikoa egiteko ardura, 58.140 euroren truke. Zazpi hilabete izango ditu bukatzeko.

Iruñeko Udalak nabarmendu du aintzat hartuko dutela genero ikuspegia, eta zehatz-mehatz aztertuko dituztela kalean bizi diren emakumeen egoera eta premiak, egoera horri egokitutako politikak eta zerbitzuak antolatzeko.

Integrazio planen ebaluazioa 

Etxegabeentzako baliabideak zehaztuko dituzte, bai publikoak bai pribatuak. Baita haien egokitasuna eta koordinazioa ere. Etxegabeen mugimenduak aztertuko dituzte, zerk bultzatzen dituen batetik bestera ibiltzera edo zerk zailtzen duen leku batean errotzea. Beste hiri batzuetara begiratuko dute, etxegabeei laguntzeko zer egiten duten ikusteko, batez ere Iruñeko testuingurura ondoen moldatu daitezkeenak. Kanpora begiratzeaz gain, barrura ere begiratuko dute, azken urteetan abiatutako integrazio planak ebaluatzeko.

Azterketa egin eta gero, Iruñeko Udalak egokitu egin nahi ditu etxegabeentzako baliabideak, eta plan integral bat osatu. «Erantzun estrategiko eta operatibo bat eskaini beharko du, pertsonan oinarritutako arretan aurrera egiteko», Iruñeko Udalak zehaztu duenez.

Iruñeko Udalak jakin nahi du zenbat etxegabe dauden hirian. Zenbait gizarte eragilek egin dute gutxi gorabeherako zenbaketa bat: 150 eta 200 artean. Herenegun eman zuten datua honako taldeek: El Hadji, MIG, Matalaz kontrabotere espazioa, Oxfam Intermon, Herri Jantokia, Dar Etxea, Negu Gorriak Derecho a Techo eta Haritu. Kontzentrazioa egin zuten eta janaria banatu zuten Udaletxe plazan.

Erroldarik ez

Erakunde publikoek etxegabeei ematen dieten erantzuna kritikatu zuten: «Oso zaila da kalean zenbat pertsona bizi diren jakitea, erakunde publikoek ez dituztelako hartu ere egiten. Egunero dozenaka pertsona gose dira bere aberastasunaz harro dagoen herrialde batean». Gehienak gazteak dira eta lan egin nahi dute, baina gizarte eragile horiek salatu dute ezin dutela lan egin, Espainiako Atzerritarren Legeak eragozten dielako: «Batez beste lau urte behar izaten dituzte beharrezko dokumentazioa lortzeko».

Iruñeko Udalari egotzi diote ez dituela hartzen erroldarik ez duten pertsonak, nahiz eta legeak erakundeak behartu egiten dituen bertan bizi diren pertsonak erroldatzera: «Burokraziarentzat erroldarik ez dutenak ez dira existitzen. Beraz, udala eta gobernua kudeatzen dutenek ez dituzte ikusten edo ez dituzte ikusi nahi sabairik, dutxarik edo janaririk gabe nekez bizi direnak». Erakundeek oinarrizko premia horiek asetu beharko lituzteketela uste dute.

Egoera ikusita, gizarte eragile horiek etxegabeei otordu bat ematen diete astelehen, astearte eta ostegunetan Arrosadian, Arrotxapean eta Alde Zaharrean. Duela urte eta erdi hasi ziren. Ez da nahikoa. Egunero eman nahi dituzte otorduak, «edo, bestela, Iruñeko Udalak edo Nafarroako Gobernuak haien eginbeharrak bete ditzatela, eta udal jangela soziala handitu».