Gora jotzeko helegitea jarri diote Tuterako araztegiko lohiak biometanizatzeko plantari

Gora jotzeko helegitea jarri diote Tuterako araztegiko lohiak biometanizatzeko plantari

Nafarroako Gobernuak azaroaren 5ean eman zion Tuterako hiri lohien kudeaketarako eta biometanizaziorako plantari ingurumen baimen bateratua, eta Sustrai Erakuntzak eta Ekologistak Martxan-ek gora jotzeko helegitea jarri diote horri. Izan ere, uste dute hainbat kalte eragingo dituela plantak, eta goiko administrazio bati eskatu diote baloratzeko prozedura horren legezkotasuna. Ohar bidez iragarri dute ekimen hori.

NILSA enpresa —Navarra de Infraestructuras Locales SA— da planta horren titularra, eta iaz jakinarazi zuen instalazio hori egiteko asmoa zuela, eta bi elkarte ekologistek salatu dute planta horretan Nafarroako hiri lohien %40 tratatuko direla bertan. Bi taldeek azaldu dutenez, planta uholde eremuan egongo da kokatuta, eta kontserbazio bereziko eremu baten ondoan dago. Horrez gain, balio agroekologiko handiko zelaietan egongo da kokatuta, eta nabarmendu dute Tuterako hirigintza planaren kontra doala proiektua.

[articles:1341778]

Nafarroan azken urteetan biderkatzen ari dira hondakin batzuetatik biometanoa lortzeko plantak egiteko proiektuak, eta Sustrai Erakuntza da, beste batzuen artean, zabalpen azkar horren kontra gogor egiten ari den taldeetako bat. Talde horrek uste du enpresek «negozioa» lehenesten dutela proiektu horiekin, eta ohartarazi dute plantek lurra kutsa dezaketela. Gaur bidalitako oharrean, bi talde ekologistek esan dute «makroplanta» hauen eredua «oso arriskutsua» dela; hori dela eta, iragarri dute «edozer» egingo dutela proiektu hori gelditzeko, eta mahai gainean jarri dute administrazioarekiko auzibidera jotzea.

[articles:2150492]