«Gu ume ginela halako zerbait egin balute, agian askeago haziko ginen»

«Gu ume ginela halako zerbait egin balute, agian askeago haziko ginen»

Maruxak kolektibo trabestiak 2019an ekin zion bideari, genero rolak zalantzan jarri eta aske adierazteko esparruak sortzen saiatzeko. Bihotzak ikasi abestia eta bideoklipa atera dituzte orain, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. Injustiziak transformatu nahi dituztela aldarrikatu du Aimar Jimenez Maruxak taldeko kideak (Burlata, Nafarroa, 2004).

«Ez da mozorro, ez gezur, ez traba/ pailazo eta trabestiak egia gara»; hala diozue bideoklip berrian. Egunero justifikatu behar horrek ere asko izango du egiatik eta errealitatetik, ezta?

Bai, eta nekagarria da. Gezurra badirudi ere, 2025ean jendeak oraindik kontzeptuak ez dauzka argi.

Bihotzak ikasi abestia eta bideoklipa kaleratu dituzue Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin. Nola sortu zen aukera?

2019an sortu genuen Maruxak, eta ordutik gure entzuleen artean gehienak ez dira izan haurrak. Baina toki batzuetan ikusi dugu etxeko txikienek disfrutatu dutela gehien gurekin. Azken biran, esaterako, nabaritu dugu haurrek gaia barneratuago zeukatela helduek baino. Maiatzean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldian parte hartu genuen, Barakaldoko BECen, eta han sortu zen proiektua. Haurrentzat zerbait sortu beharra geneukala sentitu genuen. Opari bat izan da guretzat. Gu ume ginela halako zerbait egin balute, agian askeago haziko ginen.

«Bihotzak ikasi» diozue, baina zenbat gauza dauden oraindik ikasteko…

Asko. Gure proiektuetan ez dugu nahi guztia arina eta alaia izan dadin, kolektiboko kideak garelako eta dezente sufritu dugulako. Sufriarazi digutenak kritikatu nahi ditugu, eta eskerrak eman nahi dizkiegu babestu gaituztenei.

Folklorea ikuspegi queer, komunitario eta aldarrikatzaile batetik berreraikitzeko helburuarekin sortu zenuten Maruxak. Zer bide egin duzue sei urteotan?

Bi lagun ziren hasieran eta zortzi gara orain. Hasierako helburua zen txosnetan jotzea, eta espazio queer bat edo edonor egon daitekeen espazio bat sortzea. Horrelako espazio gutxi zeuden lehen; hiri handietara mugatuta zegoen trabesti giro hori. Pixkanaka espazio garrantzitsu batzuk okupatu ditugu, eta jendeari pentsaraziko dion gauzak egiten jarraitu nahi dugu. Euskal dantza taldeetatik gatoz gu, eta hor mutilek mutilen dantzak dantzatzen zituzten, galtza jantzita, eta neskek, neskenak, gona jantzita. Orain aldatzen ari da hori, baina kultura guztiari eman behar diogu buelta bat, ez dantza arloari bakarrik.

«Pixkanaka espazio garrantzitsu batzuk okupatu ditugu, eta jendeari pentsaraziko dion gauzak egiten jarraitu nahi dugu»

Beste askorentzat ispilu edo eredu zarete. Harrotasuna edo presioa, zer sentitzen duzue gehiago?

Badakigu garrantzitsua den zerbait egin dugula, talka eragin duen zerbait egin dugula, berria dela, baina gure burbuilan gaude, nolabait esateko, eta ez gara asko jabetzen eragiten duen edo sortzen duen oihartzunaz. 

Gizartean, zenbait esparrutan, zalantza asko sortzen ditu oraindik genero rolak zalantzan jartzeak, eta hainbat kolektiboren aurkako gorroto mezuak ugaritzen ari dira azken hilabeteotan. Nola bizi duzue egunerokoa?

Ikusi nahi gaituztenak bakarrik etortzen dira gure kontzertuetara, nahiz eta egun batean, adibidez, izotzak bota zizkiguten, edo sare sozialetan «utzi umeak bakean», «zer da hau?» eta halakoak esan dizkiguten. Baina, tira… 

«Pentsatu, sentitu, ekin» diote Pirritx, Porrotx eta Marimototsek. Ez da filosofia txarra…

Hala egingo balute denek, askoz hobeto joango litzateke mundua.

Zer mezu bidaliko zenieke begi zurrun horiei? 

Besteak transformatzeko transformatzen garela gu, eta maitasun osoz egiten dugula dena, sentitzen dugulako; Porrotxek esaten duen bezala: mundu hobe, polit eta libreago batean sinisten dugulako.

lotsabako

Maruxak?
Etxea.

Bizitzarako kolore bat?
Urdina.

Min bat?
Txosnetako kartelak orekatuak ez izatea.

Aholku bat?
Ez da dena ulertu behar; errespetatu.