Nafarroaren eta Pirinio Atlantikoen arteko kohesioa indartzeko konpromisoa berretsi dute

Nafarroako Gobernuak eta Pirinio Atlantikoetako Departamenduak 2001etik indarrean duten lankidetzarako hitzarmena berritu dute gaur, 2028ra arte. Hitzarmen horretan konpromisoa berretsi dute hobekuntzak egiteko honako arlo hauetan: mugikortasuna, turismoa, trantsizio ekologikoa eta eleaniztasuna. Ana Ollo Nafarroako bigarren lehendakariordeak eta Jean Jacques Lasserre Pirinio Atlantikoetako Departamenduaren Kontseiluko presidenteak parte hartu dute Nafarroako Jauregian egindako ekitaldi instituzionalean. Esan dutenez, bi lurraldeetako biztanleen ongizatea hobetzea eta kohesioa indartzea dira hitzarmenaren helburuak.

Nafarroako Gobernua eta Pirinio Atlantikoetako Departamendua elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela iritzi diote arlo jakin batzuetan. Zehazki, mugikortasuna, ingurumena, garapen jasangarria eta berrikuntza soziala jorratzen dituzte elkarrekin. Lankidetza horrekin lotutako neurri batzuk aipatu dituzte, hala nola nekazaritza arloan belaunaldien erreleboa bermatzea eta «bi lurraldeenak diren» kultura eta hizkuntza indartzea. Alde horretatik, euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko guneak, Eusguneak izenekoak, eta Hezhi programak indartzeko asmoa berretsi dute instituzioetako ordezkariek.

Horrekin batera, mugikortasun jasangarriari dagokionez, abian dauden zenbait proiektu —Mugaziklo eta Atlanticombike— aurrerantzean ere sustatzeko asmoa azaldu dute, baita Donejakue Bidearen ibilbideak egokitu eta seinaleztatzekoa ere. Segurtasunaren inguruan ere Safer eta Alertpyr proiektuak indartuko dituzte. Halaber, bi lurraldeen artean dagoen Larhun mendiarekin lotutako proiektuak garatzeko konpromisoa agertu dute.

Populazioari eusteko neurriak

Deskarbonizaziorantz ere urratsak egin nahi dituzte. Horretarako, energia berriztagarrien tokiko ekoizpenarekin lotutako egitasmoak garatuko dituzte, eta, horrekin lotuta, hidrogeno berriztagarriaren sustapena nabarmendu dute. Agripower proiektua ere jasotzen du hitzarmen berrituak; egitasmo horretan teknologiaren bi erabilera uztartu nahi dituzte, nekazaritzarako, eta eguzki energia sortzeko. Horretaz gain, nekazaritza eremuetan populazioari eusteko neurriak ere ezarri nahi dituzte, esaterako, formakuntza eta laneratze programak sustatuta eta osasun profesionalak erakartzeko pizgarriak jarrita.