Txibite: «Demokrazia defenditzeko modu hoberena da legea urratzen dutenekin irmo jokatzea»

Txibite: «Demokrazia defenditzeko modu hoberena da legea urratzen dutenekin irmo jokatzea»

Bere lagun eta alderdikide izan zen Santos Cerdan ez du aipatu, baina haren itzala nabaritu da urte amaierako Maria Txibiteren diskurtsoan. Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du etika faltak, ustelkeriak edo arlo publikoaren erabilera publikoak sistemari kalte egiten diola. «Horrek min egiten dit eta kezkatzen nau», aipatu du eta gaineratu: «Demokrazia defenditzeko modurik hoberena da legea urratzen dutenekin irmo jokatzea eta sistema sendotzea». 

Bost minutu eta erdi irauten du Txibitek urte berri ona opatzeko plazaratutako bideoak, eta Nafarroak Gobernuaren Youtubeko kanalean ikus daiteke. Gazteleraz mintzatu bada ere, hasierako eta amaierako agurraz gainera, euskarazko hiru esaldi tartekatu ditu. Lehenik, Nafarroako Jauregi kanpoaldeko irudi batzuk ageri dira eta gero, areto baten barruan, zutik, egin du diskurtsoa. Bideoan, arrosa gorriak eta Nafarroako bandera ikus daitezke. Argazki ofizialean, berriz, Espainiako eta Europako banderak ere ageri dira.

Urte zaila utziko du atzean. Guardia Zibilak ekainean kaleratutako txostenak Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkariari legez kanpoko komisioak kobratzea aurpegiratu zion eta ustelkeria saren parte hartu zutenen arteko harremana Nafarroan hasi zela adierazi zuen. Akusazio horren aurrean gobernuak dar-dar egin zuen, eskuineko oposizioak ustelkeria leporatu ziolako. Gobernuko bazkideen arteko konfiantza urratu ez bada ere, oposizioaren jarrerari egin dio erreferentzia, zeharka. «Nafarroaren izen ona ez dute zikinduko bere lepotik baliatzen direnek. Nafarroaren irudi ona defendituko dut». 

«[Gazteei]Badakit garai zailak bizi dituzuela baina ez zaitezte aldendu politikatik, politikaren bidez soilik hobetu daitekeelako egoera»

MARIA TXIBITE Nafarroako Gobernuko lehendakaria

Alde onari ere begiratu nahi izan dio. Eguberrietako oporraldia hasi aurretik, Nafarroako Parlamentuan 2026ko aurrekontuak eta zerga neurriak onartu ziren. «Nire agintaldiko zazpigarrenak izango dira eta zerga neurriei esker nafarren %70ek diru gehiago izango dute poltsikoetan». Horri erantsi dio lehiakortasun indizeetan datu onak dituela eta ekonomia «sendo» dagoela, «hazten eta enplegua sortzen jarraitzen baitu».

Herritarren kezka nagusiei ere erreparatu die: etxebizitza eta osasun espezialitateetako itxarote zerrendak. «Horiek dira erronka nagusiak, migrazioarekin eta errespetuzko eta indarkeriarik gabeko elkarbizitza eredu baten sendotzearekin batera». Ildo beretik, esan du gizarte berdinzalea dutela helburu «non ez duten tokirik izango diskriminazio matxistak, indarkeriak, arrazismoak eta LGTBI+ kolektiboaren eskubideen urraketarik». 

Olatu autoritarioari aurre egin

Bere irudiko, mundu mailan nagusitzen ari den «olatu erreakzionario, pribatizatzaile eta negazionistak ez du bidea egingo Nafarroan, gehiengo sozialak hala nahi duelako». Txibiteren esanetan, mehatxu horri aurre egiteko modurik hoberena da zerbitzu publikoak indartzea. 

Gazteei ere zuzendu zaie. «Badakit garai zailak bizi dituzuela baina ez zaitezte aldendu politikatik, politikaren bidez soilik hobetu daitekeelako egoera». Autokritika egin du eta onartu du ziurrenik gobernuak ez duela erantzuten etxebizitza eta lan beharrei haiek nahi bezain azkar. «Baina itxaropen eza populismo autoritarioaren bazka besterik ez da, eta autoritarismoak zuek deuseztatu nahi zaituzte».