Arrosadia: habia berritu du mozolo zaharrak

Arrosadia: habia berritu du mozolo zaharrak

Auzo historikoa da, eta, aldi berean, berria. Etxebizitza modernoek eta eraikuntzako garabiek bestelako zeruertz bat eta beste muga batzuk marraztu dizkiote azken urteetan, baina barru-barruan, herri txiki baten nortasunari eusten dio oraindik, parte zaharreko karrika maldatsuen eta frankismo garaiko etxebizitza bloke marroien artean. Langile auzo bat da, eta urteetan, jatorri askotako jendeari egin dio ongietorria. Erdaraz izen asko izan baditu ere, euskarazko hitz batekin da ezaguna aspalditik: Arrosadia.

«Etxe txiki batzuk Zaragozarako errepidearen bi aldeetan, besterik ez zegoen inguru honetan. Gainerakoa landa eremua zen», esplikatu du Xabi Sarda Arrosadiko bizilagun eta Euskara Taldeko kideak. 65 urte bete berri ditu, eta auzoan bizi izan da ia-ia jaio zenetik. Txikitan, Gelbenzu kalean, gurasoekin; gaur egun, handik metro batzuetara, Taxoare kalean. Denbora horretan, Arrosadiaren bilakaeraren lekuko izan da, nahiz eta, haren begietara, «asko-asko ere ez» da aldatu: «Etxe gehiago eraiki dituzte, bai…», onartu du, Albeniz kafetegiko barran bermatuta. Begiak kafe katilutik altxatu, eta ostatuko terrazan eserita dagoen gazte kuadrilla zaratatsuari erreparatu dio: «…baina auzoa betiko bera da».

Hamaika izen, hamaika jatorri

XIX. mendean, eraikin gutxi batzuek osatzen zuten auzoa: zenbait teileriak, benta batek eta laborantza lurren artean barreiatutako etxola txikiek. Benta horrek El Mochuelo zuen izena (mozoloa), Lehen Karlistaldian borrokan aritutako Urbano Igarreta Mochuelo gerrillari liberalaren omenez, eta izenak arrakasta izan zuen garai hartako iruindarren artean. Izen ofiziala ez bazen ere, bentaren inguruko etxe multzoa izendatzeko erabiltzen zuten askok. Hala ere, leku izen zaharrena euskarazkoa da, orokortu diren gaztelaniazko formak baino lehenagokoa, eta, auzoa sortu gabe zegoen garai horietan, Iruñeko Zabalgunearen eta Sadar ibaiaren artean zegoen nekazaritza eremu zabala izendatzeko balio zuen.

Arrosadia auzoaren hastapenetako irudi bat, XX. mendearen hasierakoa. BERRIA

Arrosadia eta Mochuelo, horiek ziren auzoaren izenik zabalduenak. Baziren gehiago ere, Arrosadiari era askotara deitu izan baitzaio: Sario, Sadar, eta zenbait urtez, baita La Rosalía ere, euskarazko Arrosadia-ren kalko modura. Azkenerako, baina, Iruñeko udal frankistak Milagrosa izena eman zion, 1930ean handik gertu eraikitako elizaren eta komentuaren omenez. «Guk Arrosadia esan izan diogu beti, baina, haurrak ginenean, Milagrosa erabili behar… Francoren garaian ez zegoen besterik», kontatu du Sardak. «Frankistek ez zuten gustuko Mochuelo izena, eta euskarazko toponimorik ere ez zuten nahi. Eta toki guztiei santuen izenak ematen zizkietenez, bada, Milagrosa. Alde bakarrez jarri zioten izen hori, inori galdetu gabe».

Arrosadia harrera auzo izan da beti, 1950eko hamarkadan ingurua urbanizatzen hasi zenetik beretik. «1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Arrosadiko bizilagun gehienak inguruko herrietatik etorritakoak ziren», azaldu du Sardak. «Lanera etorriak ziren Iruñera, eta hemen errazagoa zen etxea erostea: kalitate eskaseko etxebizitzak ziren, txikiak, merkeak…». Hurrengo hamarkadetan, lehengo bizilagun horiei batu zitzaizkien atzerritik etorritakoak: 1970eko eta 1980ko hamarkadetan, Espainiatik heldu ziren nagusiki, eta 2000. urtetik aurrera, beste herrialde askotatik: Ekuador, Errumania, Senegal…

Azken urteetan, baina, beste bilakaera bat izan du auzoak, eraikuntzaren sektoreari lotuta. Berriki, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoaren inguruko eremuak urbanizatzeko plana adostu zuten Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak, eta, horri segika, ehunka etxebizitza eraikitzen ari dira Arrosadiaren hegoaldeko zelaietan —horietako asko, babestuak eta alokairu sozialekoak—. «Nik Arrosadia Berria esaten diot inguru horri, bestearengandik bereizteko», esan du Sardak, irribarrez. Gaur egun, 16.000 bizilagun inguru ditu auzoak, baina, etxebizitza sustapen horien guztien ondorioz, dezente handituko da kopuru hori datozen urteetan. Handitze horrek, baina, beste hamaika erronka ekarriko ditu berekin.

Handitze «desordenatua»

«Arrosadia, hirigintzari dagokionez, erabat defizitarioa da». Ainara Ainzuaren hitzak dira. Auzoko gazte mugimenduko eta beste zenbait kolektibotako kidea izandakoa da, eta argi-ilunak ikusten ditu Arrosadiaren hazkundean eta antolaketan: «Apenas dagoen espazio publikorik, are gutxiago gazteondako. Azken urteetan, zenbait kale oinezkoentzakoak bihurtu dituzte, eta horri esker, eremu batzuk irabazi ditugu, baina oso txikiak dira». Izan ere, urteetan, Arrosadiak ez du plazarik izan. Asfaltozko labirinto bat izan da, berdegune bakar bat zuena: Ilargienea parkea.

Arrosadian eraikitzen ari diren etxebizitza blokeetako bat. IDOIA ZABALETA / FOKU.

Orain, berriz, auzoaren parte dira NUPen eta Sadar futbol zelaiaren ingurumarietan eraikitzen ari diren blokeak ere, eta horrek abaguneak zabaldu ditu beste hirigintza mota bat ezartzeko. Ainzuaren ustez, baina, udalak alferrik galdu du aukera: «Funtsean, Lezkairu, Erripagaña eta beste auzo moderno batzuen eredua errepikatu dute hemen: etxe blokeak bata bestearen ondoan eraiki dituzte. Etxebizitza pila bat, elkarri itsatsita, elkargune edo plaza publikorik gabe. Eta pena da: aukera bazegoen gabezia historiko horri buelta emateko, baina ez dute baliatu».

Bat dator Sarda: «Hirigintza ez da ordenatua, eta horrek arazoak sortzen ditu». Haren irudiko, auzoak handitzeko tenorean, hirigintza proiektuak ez dituzte pixkanaka planifikatzen: «Auzo osoak sortzen dira hutsetik, eta kolpean egiten dituzte ehunka eraikin. Auzoaren izaera zeharo aldatzen du horrek, eta kalte egiten die herri mugimenduari eta ehun sozialari».

Arrosadian bizi osoa daramatenez gain, bizilagun berri asko ere kexu dira hazkunde urbanistikoaren albo kalteez. Lorea Etaio da horietako bat. Badira bi urte Xavier Mina plazan bizi dela, eta azpiegitura publikoen eta zerbitzuen falta sumatu du: «Jende asko bizi gara bloke hauetan, eta, hirigintza plan berrien arabera, askoz gehiago izanen gara datozen urteetan, baina zerbitzu publikoak ez dira abiada berean ugaritu». Osasun etxea jo du horren adibidetzat: «Zentroa leporaino dago beti, eta askotan, medikuarekin ordua eskatzeak luze jotzen du». Saltoki txikien eskasia ere nabarmendu du, eta kezka agertu du, administrazioek hirigintza planak aldatu dituztelako berriki, etxebizitza gehiago eraiki ahal izateko: «Erabilera aldatu diete lursail batzuei; hortaz, zerbitzu eta azpiegitura publikoen ordez, etxe gehiago altxatuko dituzte. Ongi dago babes ofizialeko etxebizitzak egitea, baina ez dadila izan zerbitzu publikoen kaltetan. Horiek ere ezinbestekoak dira, auzoa ez dadin izan lo egiteko edo egoteko eremu bat bakarrik».

Liburutegi publikoan ere egin dute azpimarra batek baino gehiagok. Salatu dute txikiegia dela, leihorik gabeko etxabe zahar batean jarri zutela eta, hortaz, ez dela argi naturalik sartzen barrura. «Aspaldiko eskaria da beste liburutegi bat egitea», gehitu du Xabi Sardak. Hark ere behin baino gehiagotan atera du gaia, auzo elkarteak udalarekin izandako bileretan, baina proiektua geldirik da oraindik: «Zaragoza etorbideko orubeetako batean eraikiko omen dute liburutegi berria, baina kostako da: lursaila saldu behar dute lehenbizi, eta hor egin asmo dituzten eraikinetako batean atonduko dute zerbitzua. Luze joko du».

Euskara eta auzolana

Arrosadia handitzeak eragina du euskararen ezagutzan eta erabileran ere. Auzoan, Hegoalde udal ikastola izan da euskararen sustatzaile nagusietako bat, hari esker dozenaka belaunaldi izan baitira euskaraz haziak eta heziak. 1980ko hamarkadan sortu zen, eta, 2003. urteaz geroztik, D ereduko ikastetxe publikoa da. Kasu honetan, gainera, auzoa handitu izanak mesede egin dio ikastetxeari, ikasle gehiagok eman baitute izena euskarazko eredu publikoan. Horrez gain, Printzearen Harresi haur eskolak ere euskarazko lerroa eskaintzen du. Hortaz, Arrosadian aukera dago 0-3 zikloa, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza euskaraz egiteko, eta ez dira gutxi Bigarren Hezkuntzako Institutu bat ere galdegin duten bizilagunak. Hartara, euskaraz ikasi nahi duten gazteek horretarako aukera izanen lukete auzotik atera gabe.

«Gero eta euskaldun gehiago ditugu auzoan», laburbildu du Sardak. Hala ere, uste du «erabileran eragitea» dela gakoa: «Euskara Taldean lanean ari gara erabilera indartzeko egitasmoak antolatzen: Euskararen Eguna, Libertimendua… Ekitaldi xumeak dira guztiak ala guztiak, ez baitugu gehiagorako indarrik, baina pozik gaude emaitzarekin».

Aurten, lehen aldiz, Libertimendua antolatu dute Arrosadian. Jendetzak parte hartu du. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Hala ere, kexu da Euskara Taldeko kidea, «ahul» ikusten baitu herri mugimendua: «Arrosadian, herri mugimendua oso indartsua izan da urteetan, baina egoera zaila da gaur egun. Gazteek ez dute aukerarik izan auzoan gelditzeko: alokairuak izugarri garestitu ziren, eta gazte askok Arrotxapera, Mendillorrira, Sanduzelaira edo beste auzo batzuetara alde egin behar izan zuten. Eta fenomeno horrekin batera, herri mugimenduaren indarra apalduz joan da, ia desagertzeraino. Orain, lau katu gaude jaien antolakuntzan eta bestelako talde eragileetan, eta gehienak nire adin bertsukoak». Koordinazio handiagoa, horixe eskatzen du Sardak: «Talde bakoitzak bere txokoan egiten du lan: Hegoalde ikastolakoak alde batean, Euskara Taldekoak beste batean, San Fermin peñakoak ere antzera…».

Bat dator Ainzua. Uste du auzoa «ehundu» beharra dagoela, hura osatzen duten kolektibo guztien artean. Eta horretarako, auzo lokal bat irekitzeko lanean dira auzoko hainbat gazte. Isaac Albeniz kalean zabalduko dute, eta izena aukeratua dute dagoeneko: Larrosa. «Lokalaren helburua da bizilagunon topaleku izatea, sareak sortzea eta etorri berri direnei harrera egitea. Aurki sinatuko dugu kontratua, eta, hori eginda, auzolanari ekinen diogu, lokala atontzeko. Bilera irekiak ere antolatuko ditugu, proiektuari forma emateko», esplikatu du. Hortxe jarria dute esperantza, mozolo zaharraren habia denentzat izan dadin bizigarri.