Nafarroako amiantoaren biktimek dagoeneko eskatu dezakete haien kalteen ziurtagiria

Nafarroako amiantoaren biktimek dagoeneko eskatu dezakete haien kalteen ziurtagiria

Nafarroako amiantoaren biktimek haien gaitzen eta haiek eragindako kalteen ziurtagiria eskatu dezakete bihartik aurrera. Nafarroako Gobernuak bide hori irekitzen duen foru agindua argitaratu du gaur. Bertan azaltzen dira, besteak beste, kasuak aztertuko dituzten medikuen zerrenda eta biktima ziurtagiria lortzeko prozeduraren pausoak. Agiri hori ezinbestekoa da Espainiako Gizarte Segurantzak kudeatzen duen amiantoaren biktimentzako konpentsazio funtsaren kalteordaina lortzeko.

Eusko Jaurlaritzak iazko irailaren 18an argitaratu zuen bere prozedura bidea eta bihartik aurrera Hego Euskal Herri osora zabalduko da eskubide hori. Konpentsazio funtsaren helburua da amiantoarekin harremana izateagatik gaixoturiko pertsonei kalteordaina ordaintzea, beti ere kutsaduraren sorburu izandako enpresa desagertua badago. Halaber, lan eremuaz gain, etxean edo kaleko esposizioaren eraginez gaixoturiko pertsonak ere babesten ditu.

Prozesua hasteko interesa duten pertsonek modu telematikoan edo aurrez aurre has daitezke. Horretarako Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutura (NOPLOI) jo behar dute. Mediku taldeek balizko gaixoaren egoera aztertuko dute, amiantoarekin izan zuen harremana, eta hiru hilabeteko epean bidaliko diote ebazpena. Gero hark jo beharko du Espainiako Konpentsazio Funtsera, asko jota bost urteko epean.

Araudiak aurreikusten duenez, amiantoarekiko esposizioak eragindako gaixotasun profesionala aitortuta duten pertsonek ordainketa bakar batean eskatu ahal izango dute kalteordain osoa. Arauak gaitz hauek hartzen ditu aintzat: mesotelioma, biriketako eta laringeko minbizia eta absestosi kasu larri eta moderatuak.