Bi urtez, lupaz aztertuak

Bi urtez, lupaz aztertuak

Esku artean izan ohi dituzten espediente garrantzitsuen eta kudeatu ohi dituzten aurrekontuen ondorioz, ororen gainetik interes orokorra lehenestea eskatzen zaie gobernuetako goi kargudunei, izan sailburu, izan zuzendari. Alta, haietako bat bera ere ez da postu horietan betiko izango, eta nola berma daiteke gobernura sartu aurretik eta ondoren ez duela interes gatazkarik izango? Auzi etiko hori ez da berria. Dena den, Hego Euskal Herrian legedia berritu egin dute azken 11 urteetan. Ate birakarien kasuek eta zenbaitetan interes partikularrak lehenetsi diren susmoak asaldura eragin dute herritarren artean, eta eztabaida politikoa piztu Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan. 

Zer bilakaera izan du legeak?

Handia. Garaian garaiko gizartearen eskakizunetara egokituz joan da legedia. Izan ere, Hego Euskal Herrian, 1980ko hamarkadaren hasieran ezarri ziren Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako gobernu funtzionamenduari buruzko legeak. Nafarroari dagokionez, legeak oso labur esaten zuen presidenteak, kontseilariek eta zuzendari nagusiek ezin zutela euren karguaz gain beste funtzio publikorik izan, «ez eta beste jarduera profesional, industrial edo merkataritza arlokorik ere». Ez zen gehiago zehazten. EAEn, berriz, goi kargudunen bateraezintasunari buruzko berezko lege bat sartu zen indarrean urte hartan bertan (1983), eta Nafarroan baino muga zehatzagoak ezarri zituzten. Alde batetik, lehendakariek, sailburuek eta goi kargudun orok debekatuta zeukaten aldi berean bi kargu izatea, eta, bestetik, prozedura moduko bat ezarri zuten arau hausteak kudeatzeko.

Abiapuntu soil horretatik, edukia zehaztuz joan dira. Nafarroako Parlamentuak goi kargudunen bateraezintasunari buruzko foru legea onartu zuen 1996an, eta dekretu bat garatu. Gaur-gaurkoz hori dago indarrean, nahiz eta 2018an aldaketa esanguratsu bat egin zitzaion. EAEn, berriz, 2014an sartu zen indarrean kargu publikodunen jokabide etikoa eta interesen gatazka arautzen dituen legea, eta, 2016an, haren edukia garatzeko dekretua (156/2016) onartu zuten. Lege eta dekretu horiek berriagoak direnez, Nafarroakoa baino zehatzagoak dira.

Goi kargudun ohiek zer debeku dute?

EAEko legeak zehazten duenez, «kargua uzten duten egunetik hurrengo bi urteetan, ezingo diote inolako zerbitzurik eman kargua dela-eta zuzeneko harremana izan duten enpresa, sozietate eta beste edozein entitate pribaturi». Zuzeneko harremantzat jotzen da goi kargudunak bere jardun publikoan edo haren agindupeko organoak enpresaren aldeko ebazpen bat egin badu. Gainera, behin gobernua utzita, ezingo dute laguntza teknikoko kontraturik edo zerbitzuko kontraturik izenpetu administrazioarekin, «ez beren kasa, ez zuzenean edo zeharka (enpresa baten %10eko partaidetza izanda)». 

Nafarroako legearen arabera, antzera: «Goi kargudunek ez dute jarduera pribatuetan aritzerik izanen baldin eta jarduera horiek zerikusia badute kargua betetzen ari zirela haiek ebatzitako espedienteekin. Era berean, ezin izanen dute laguntza teknikoko kontraturik izenpetu administrazio publikoekin, ez eta zerbitzukorik edo antzekorik ere».

Izan al dezake zirrikiturik legeak?

Bai. Adibidez, EAEko legeak zehazten du ezin direla harreman zuzenekotzat jo honelako kasuak: adibidez, lehiaketa publiko batean aurkeztu den talde bateko partaide izatea enpresa, eta hark baldintza orokorrak bete izana; edo, administrazio prozedura baten barruan, organo tekniko batek hartu bazuen erabakia, eta bertako kideen izendapenean ez bazuen esku hartu goi kargudunak. Hau da, legez, gobernuko kide batek lan egin dezake enpresa horretan baldin eta baldintza horiek bete direla ebazten bada. 

Hori gertatu zen Yolanda Barcinarekin. 2015ean, harrabots handia eragin zuen ordura arte lehendakari izandakoa Movistarreko administrazio kontseiluko kide izendatu izanak. Parlamentuan, EH Bilduk galdetu zion Uxue Barkosen gobernuari ea Barcinak parte hartu al zuen zuzenean Telefonicaren edo bere negozio adar bati lotutako espedienteren batean. Gobernuaren arabera, Barcinak ez zuen zuzenean kontraturik izenpetu telekomunikazio taldearekin, ez eta negoziazioetan parte hartu ere. Alta, haren agintaldian gobernuak zenbait akordio erdietsi zituen Telefonicarekin. EH Bilduk gogora ekarri zuen gobernu kontseiluan «elkargoan» hartzen direla erabakiak. Hots, legeak Barcinaren kasua salbuetsi arren, ez al dago interes gatazkarik? Hori da eztabaidetako bat.

Beste kasu bat Jon Darponena da. Jaurlaritza utzi eta bi hilabetera, Keraltyn hasi zen lanean, eta, bera gobernu kontseiluan esertzen zen garaian, enpresak 350.000 euroren laguntzak jaso zituen. Laguntza beste sail batek eman zuenez, legearen araberakoa dela kontratazioa ebatzi zuen kontrol erakundeak, baina herritarren begietan zalantzagarria izan daiteke etikoki. Gotzone Sagarduik, 2020tik 2024ra Jaurlaritzako Osasun kontseilari izandakoak, Vithas Gasteizko osasun pribatuko klinikan lan egiteko baimena eskatu zuen iazko abenduan. Jaurlaritzak ebatzi zuen bere agintaldian talde horrek ez zuela zuzeneko harremanik izan Osakidetzarekin edo Osasun Sailarekin. Dena den, kasu hartan baimena epez kanpo eman zen.

Nork zehazten du interes gatazkarik baden?

Gobernua utzi eta bi urteren buruan, beste lan bati ekiten dioten bakoitzean horren berri eman behar dute goi kargudun ohiek. Horretarako, prozedura bat ezartzen da. EAEn, Jaurlaritzaren barnean Funtzio Publikoaren Zuzendaritzako Pertsonalaren Erregistroko Zerbitzua arduratuko da eskaera aztertu eta legearen araberakoa ote den ebazteaz. Hilabeteko epea du horretarako. «Bateragarritasun prozeduretako isiltasuna negatibotzat hartuko da», dio legeak. Hau da, ezer esan ezean, eskaera onartu dela uler liteke; aldiz, interes gatazka badela ebatziz gero, interesdunari jakinarazten zaio, hark bere alegazioak aurkez ditzan. 

Nafarroan, 2018an, Oana jardunbide egokien eta ustelkeriaren aurkako organoa sortu zen, eta haren esku geratu da aztertzea bateraezintasunari eta interes gatazkei buruzko auziak. Bi kasuetan, organo horiek aztertu egiten dute gobernuan sartu aurretik kontseilari edo sailburu izateko hautagaiak interes gatazkarik izan dezakeen. Diferentzia nagusia da EAEko erakundea Jaurlaritzaren egitura barruan dagoela eta Nafarroakoa erakunde independentea dela.

Nahikoa al dira bi urte?

Hego Euskal Herrian epe hori ezarri da. Nazioartean ez dago irizpide bateraturik, baina normalki urte bateko eta hiru urte arteko epea ezarri ohi dute gobernuek. Europako Batzordeak, kasurako, erakundea utzi osteko bi urteko epea zehazten du. Frantzian, 2013tik, Bizitza Publikoaren Gardentasunerako Goi Agintaritzak hiru urtez kontrolatzen du goi funtzionarioen jarduna, behin arlo publikoa utzi ostean.

Nafarroan, 2015-2019 legealdian, Barcinaren eskandaluaren ondotik, EH Bilduk eta Ahal Dugu-k hamar urteko epea ezartzea proposatu zuten, baina Geroa Baik ez zuen onartu, bi urteko epea berme nahikoa zela argudiatuta. Arrazoitu zuen ezen, epe luzeegia jarriz gero, oztopo izan zitekeela arlo pribatutik publikorako bidean esperientzia handiko pertsonak erakartzeko. 

Diru saririk jasotzen al dute?

Bai. Beste lan bat topatu arteko trantsizio epe horretan, diru sari bat jaso ahal dute. Nafarroan, zehazki, euren jardun publikoan jasotako urteko soldataren %80 kobra dezakete. Nafarroako Gobernua derrigortuta dago informazio publiko hori argitaratzera. 2011-2015 legealdiko lau kontseilarik jaso zuten diru saria —Juan Luis Sanchez de Muniainek, Jose Iribasek, Marta Berak eta Lourdes Goikoetxeak—; 2015-2019 legealdiko lau kontseilarik —Mikel Aranburuk, Maria Jose Beaumontek, Fernando Dominguezek eta Isabel Elizaldek—; eta 2019-2023 legealdiko lau kontseilarik —Bernardo Zirizak, Eduardo Santosek, Itziar Gomezek eta Manu Aierdik—.

EAEn, gobernua utzi ondotik, Jaurlaritzako sailburuek eta goi kargudunek hilabeteko kalte ordaina jaso dezakete. Gainera, lanik gabe daudenek ordainsari bat jaso dezakete —soldataren %40 adinakoa—. Informazio hori ez da publiko egiten.

Kontrako ebazpenik egon al da?

Interes gatazkak aztertu eta horren berri emateko betebehar publikoa nahiko berria da. Urteotan, gobernua utzi osteko ebazpenik ez da ezagutarazi, baina duela bi urte bai, ebatzi zuten Nafarroako Gobernuko kontseilari batek bateraezintasunari buruzko 1996ko legea urratu zuela. Oscar Txibite 2023ko abuztuan izendatu zuten Lurralde Kohesioko kontseilari, eta, abuztuaren 18tik irailaren 14ra bitartean, Lauburu SM eraikuntza enpresako administratzaile gisa jarraitu zuen erregistroan. Legeak bi kargu aldi berean izatea debekatzen duenez, ustelkeriaren aurkako bulegoak ebatzi zuen arau hauste larria zela. Dena den, Oanaren arabera, «administrazioari edo hirugarren pertsonen ondareari» ez zitzaion kalterik egin, eta, iraupen motza izan zuenez, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzera mugatu zen zigorra. Kontseilariak onartu egin zuen haren edukia.