Hotzaldiaren erdian, etxerik ez duten pertsonek bizi duten egoeraren larrian jarri dute arreta zenbait herri mugimenduk eta erakundek. Iruñeko Udalak giro hori aprobetxatu du azaltzeko zenbat eta nolako baliabideak bideratuko dituen aurten bazterketa egoeran eta kalean lo egiten duten pertsonak artatzeko.
Txema Mauleon Iruñeko Gizarte Ekintza Alorreko zinegotziak zerbitzu horiek azaldu ditu gaur udaletxean egindako prentsaurreko batean. Adierazi duenez, orotara 205 toki eskaintzeko ahalmena du udalak: horietako 155 leku Trinitarioetako aterpetxean eta udal etxebizitzetan. Tenperatura hotzak direla eta, beste hamar toki jarriko dituzte, eta larrialdi klimatologikoaren egoeretan —uholdeak, elurteak eta pertsonen osasuna arriskuan jartzen duten tenperaturak— 40 toki gehiagorekin indartuko dute zerbitzua.
Mauleonek nabarmendu duenez, leku kopuru hori 2023an baino hiru bider handiagoa da —orduan hartu zuen Joseba Asironek buru duen taldeak Iruñeko gobernuaren lema—. Kopuruan ez ezik, politika sozialaren eredua ere aldatu dutela azaldu du Iruñeko Gizarte Ekintzako zinegotziak. Haren esanetan, larrialdi egoeretan berehalako arta ematea ez ezik, udalaren lehentasuna da bazterketa egoeran dauden pertsonekin ibilbidea egitea eta gizartean integratzea. Eredu aldaketa horretan giltzarriak dira, haren ustean, enplegua eta etxebizitza bermatzea.
Iruñean kalean bizi diren pertsona kopuruari dagokionez, 140 inguru daudela esan dute udal ordezkariek, nahiz eta gorabehera handiak izaten diren joan-etorrian ari diren migranteak direla eta. Profilari dagokionez, halakoak dira Iruñeko kaleetan lo egiten dutenak: gizon gazteak, migranteak eta lan egiteko adinean. Hala ere, «enplegurik ez dute, besteak beste, paperik ez dutelako», jakinarazi du zinegotziak. Hain zuzen ere, lan egiteko baldintzak bermatzeari funtsezko deritzo, horrela bakarrik lortuko dituelako «etxebizitza bat izateko diru-sarrerak». Hori konpondu ezean, «etxegabeen arazo bati aurre egiten ari gara benetan migrazio arazo bat dagoenean».
Bazterketa egoeran dauden eta kalean bizi diren pertsonak artatzeko aurten 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo dutela gogorarazi du Mauleonek. Gizarte zerbitzuen eredu aldaketak eragin handia izan du funtsak bideratzeko moduan ere: lehen baliabideen erdia bideratzen zen joan-etorrian ari zirenen behar larrienak artatzera. Orain, ostera, kalean daudenentzako tokien %90a kalean dauden pertsonak gizarteratzera bideratzen dira.
Negu Gorriak kanpaina
Nolanahi ere, herri mugimendu batzuen ustez, erakundeen baliabideak ez dira nahikoak. Horregatik, kolektibo batzuek sustatu dute Negu Gorriak izeneko kanpaina. Iruñeko Katakrak-ek hartu du kanpaina horren lema. Kalean bizi diren hamasei pertsonari eskaini diete aterpea, gehienak Jaso ikastolarena zen eraikinean eta Aranzadiko Agustindarren komentuan.
Astelehenean bertan eman zuten prentsaurreko bat pertsona horiek pairatzen duten babesgabetasuna salatzeko. Haien esanetan, Iruñean 150 eta 200 pertsona bitartean daude kale egoeran, eta Nafarroako erakundeek ez dute nahiko baliabiderik ipintzen behar horiek asetzeko.
Katakrakekin batera, ekinbide horri babesa eman diote CGT sindikatuak, Arituk, SOS Arrazakeriak eta GKSk. Asteleheneko agerraldian elkartasunerako deia egin zuten, eta hura bideratzeko moduak iradoki zituzten: lokalak utzita eta dirua emanda.
