Iruñeak hirukoiztu egin du etxegabeentzako tokien kopurua bi urtean

Iruñeak hirukoiztu egin du etxegabeentzako tokien kopurua bi urtean

Hotzaldiaren erdian, etxerik ez dutenen egoeraren larrian jarri dute arreta zenbait herri mugimenduk eta erakundek. Iruñeko Udalak giro hori aprobetxatu du azaltzeko zenbat eta nolako baliabideak bideratuko dituen aurten baztertuta dauden eta kalean lo egiten duten pertsonak artatzeko.

Txema Mauleon Iruñeko Gizarte Ekintza alorreko zinegotziak zerbitzu horiek azaldu ditu gaur udaletxean egindako prentsaurreko batean. Adierazi duenez, orotara 205 toki eskaintzeko ahalmena du udalak: horietako 155 leku, Trinitarioetako aterpetxean eta udal etxebizitzetan. Hotza dela eta, beste hamar toki jarriko dituzte, eta eguraldiarekin lotutako larrialdietan —uholdeak, elurteak eta osasuna arriskuan jartzen duten tenperaturak— beste berrogei tokirekin indartuko dute zerbitzua.

Mauleonek nabarmendu duenez, 2023an halako hiru leku daude orain —orduan hartu zuen Joseba Asiron buru duen taldeak Iruñeko gobernuaren lema—. Kopuruak ez ezik politika sozialaren eredua ere aldatu dutela azaldu du Iruñeko Gizarte Ekintzako zinegotziak. Haren esanetan, larrialdietan berehalako arta ematea ez ezik, udalaren lehentasuna da baztertuta daudenekin ibilbidea egitea eta gizartean integratzea. Eredu aldaketa horretan giltzarriak dira, haren ustean, enplegua eta etxebizitza bermatzea.

Iruñean kalean bizi direnen kopuruari dagokionez, 140 inguru daudela esan dute udal ordezkariek, nahiz eta gorabehera handiak izaten diren joan-etorrian ari diren migranteak direla eta. Profilari dagokionez, halakoak dira Iruñeko kaleetan lo egiten dutenak: gizon gazteak, migranteak eta lan egiteko adinekoak. Hala ere, «enplegurik ez dute, besteak beste paperik ez dutelako», jakinarazi du zinegotziak. Hain zuzen ere, lan egiteko baldintzak bermatzeari funtsezko deritzo, horrela bakarrik lortuko baitituzte «etxebizitza bat izateko diru sarrerak». Hori konpondu ezean, «etxegabeen arazo bati aurre egiten ari gara benetan migrazio arazo bat dagoenean».

Baztertuta dauden eta kalean bizi diren pertsonak artatzeko aurten 1,6 milioi euroko inbertsioa egingo dutela gogorarazi du Mauleonek. Gizarte zerbitzuen eredua aldatzeak eragin handia izan du funtsak bideratzeko moduan ere: lehen baliabideen erdiak bideratzen ziren joan-etorrian ari zirenen behar larrienak artatzera. Orain, ostera, kalean daudenentzako tokien %90 kalean daudenak gizarteratzeko erabiltzen dira. 

‘Negu gorriak’ kanpaina

Nolanahi ere, herri mugimendu batzuen ustez, erakundeen baliabideak ez dira nahikoa. Horregatik, kolektibo batzuek Negu gorriak izeneko kanpaina sustatu dute . Iruñeko Katakrak-ek hartu du kanpaina horren lema. Kalean bizi diren hamasei pertsonari eskaini diete aterpea, gehienak Jaso ikastolarena zen eraikinean eta Aranzadiko Agustindarren komentuan.

Astelehenean bertan eman zuten prentsaurreko bat pertsona horiek pairatzen duten babesgabetasuna salatzeko. Haien esanetan, Iruñean 150 eta 200 pertsona bitartean daude kalean, eta Nafarroako erakundeek ez dute nahiko baliabiderik ipintzen behar horiek asetzeko.

Katakrakekin batera, ekinbide horri babesa eman diote CGT sindikatuak, Arituk, SOS Arrazakeriak eta GKSk. Asteleheneko agerraldian elkartasunerako deia egin zuten, eta hura bideratzeko moduak iradoki zituzten: lokalak utzita eta dirua emanda.