Jaso ikastola zaharra hustu dute, sute baten ondorioz

Jaso ikastola zaharra hustu dute, sute baten ondorioz

Sutea piztu zen atzo Iruñeko Arostegi etorbideko eraikin huts batean; garai batean Jaso ikastolarena zen eraikinean, alegia. Han, kalean bizi diren hainbat pertsonak hartzen zuten aterpe, eta, sutearen ondorioz, guztiak kanporatu behar izan zituzten. Hala ere, ez zen inor zauritu, SOS Nafarroak jakinarazi zuenez.

Sutea 17:00ak aldera piztu zen Arostegi etorbidean dagoen eraikinaren laugarren solairuan. Cordovillako suhiltzaileak, anbulantzia bat, Udaltzaingoa eta Foruzaingoa bertaratu ziren. 19:00ak aldera lortu zuten sutea erabat itzaltzea.

Hain zuzen, eraikin horretan bizi diren hainbat laguni aterpea eskaini diete asteon Katakraken. Izan ere, herri mugimendu batzuen ustez, erakundeen baliabideak ez dira nahikoa, eta, horregatik, kolektibo batzuek Negu gorriak izeneko kanpaina sustatu dute. Katakrakekin batera, ekinbide horri babesa eman diote CGT sindikatuak, Arituk, SOS Arrazakeriak eta GKSk.

Astelehenean bertan eman zuten prentsaurreko bat pertsona horiek pairatzen duten babesgabetasuna salatzeko. Haien esanetan, Iruñean 150 eta 200 pertsona bitartean daude kalean, eta Nafarroako erakundeek ez dute nahiko baliabiderik ipintzen haien beharrak asetzeko.