Duela hilabete Sigma Dos enpresak kaleratu zuen balizko hauteskunde batzuetan EH Bilduk aurrea hartuko liokeela PSNri. Inkesta bat besterik ez da; baina PSNren beheranzko joera islatzen du eta argi uzten Cerdan auziaren eskandaluak min handia egin diola alderdiari. Legealdia agortu nahi du Txibitek eta urte eta erdi geratzen zaio oraindik. Mundu bat, alegia. Etorkizuneko balizko agertokiez hitz egitea politika fikzioa egitea da, baina 2027ko bozei begira «indar aurrerakoien» artean lehen postua lortzea funtsezko zaio PSNri berriro ere koalizioaren formula errepikatzeko.
Gobernu aldaketa horren bidez, autokritika moduko bat egin du Txibitek. Autoritarismoa zabaltzen ari den honetan, ez da aski kudeaketa on bat egitearekin. Bere irudiko, gestioa bezain garrantzitsua da hori egoki komunikatzea. Mezu politikoagoak emateko, bere konfiantzako zirkuluaren inguruan bildu da. PSNren ahulgune bat ezkutatzeko, alderdiaren profil politikoa indartu nahi izan du. Koalizio gobernuetan oreka gordetzea beti zail denez, ikusi beharko da beste bazkideek nola hartzen duten PSNren aldaketa hori. Legealdi amaiera mugitua izan daitekeela antzeman liteke.