PSN bere baitara bildu da

Duela hilabete Sigma Dos enpresak kaleratu zuen hauteskundeak eginez gero EH Bilduk aurrea hartuko liokeela PSNri. Inkesta bat besterik ez da, baina PSNren beheranzko joera islatzen du, eta argi utzi Cerdan auziaren eskandaluak min handia egin diola alderdiari. Legealdia guztiz amaitu nahi du Txibitek, eta urte eta erdi geratzen zaio oraindik. Mundu bat, alegia. Etorkizuneko agertokiez hitz egitea politika fikzioa egitea da, baina, 2027ko bozei begira, PSNri funtsezko zaio «indar aurrerakoien» artean lehen postua lortzea berriro ere koalizioaren formula errepikatzeko.

Gobernu aldaketa horren bidez, autokritika moduko bat egin du Txibitek. Autoritarismoa zabaltzen ari den garai honetan, ez da aski kudeaketa on bat egitea. Haren irudiko, gestioa bezain garrantzitsua da eginikoa egoki komunikatzea. Mezu politikoagoak emateko, haren konfiantzazko zirkuluan bildu da. PSNren ahulgune bat ezkutatzeko, alderdiaren profil politikoa indartu nahi izan du. Koalizio gobernuetan oreka gordetzea beti zail denez, ikusi beharko da beste bazkideek nola hartzen duten PSNren aldaketa hori. Antzematen denez, baliteke legealdi amaiera mugitua izatea.