Arroizko herritar gehienak biogas makroplantaren egitasmoaren aurka azaldu dira

Arroizko herritar gehienak biogas makroplantaren egitasmoaren aurka azaldu dira

Stop Biogas plataforma osatu dute Arroizko (Nafarroa) herritarrek. Nafarroako Gobernuari eskatu diote AGR Biogas enpresari baimenik ez emateko herrian eraiki asmo duen biometanizazio makroplanta egiteko. Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Sailaren egoitzara joan dira gaur goizean, eta batu dituzten 508 sinadurak aurkeztu dizkiote gobernuari. Babes horiekin batera, mezu argi bat helarazi diote: arroiztar gehienak proiektuaren aurka daude.

Izan ere, plataformak azaldu duenez, herrian erroldatutako 18 urtetik gorakoen %60ren babesa du eskaerak. «865 pertsona zeuden 2023ko hautes-erroldan», adierazi dute. Bozkatzeko eskubidea duten herritarren %60 biometanizazio plantaren aurka egotea esanguratsua dela uste dute: «Herrian dagoen proiektuarekiko gaitzespen zabalaren eta sakonaren adierazle garbia da».

Arroizko Udalari ere aipamen zuzena egin diote. Nabarmendu dute udala gobernatzen duen alderdia —PSN— agintean dagoela haiek lortu dutena baino babes eskasagoarekin; 312 boto, zehazki. Hilabeteetan biogas proiektua babestu izana egotzi diote udal gobernuari.

Stop Biogas plataformak salatu duenez, proiektua gauzatuko balitz, nekazaritza eta abeltzaintzatik eratorrirako 140.000 tona hondakin tratatzeko ahalmena izango luke urteko, «Arroitzen 12.000 tona hondakinera iritsi ez ere direnean». Halaber, industria hondakinak ere tratatuko lituzketela esan dute, gero nekazaritzarako lurren ongarri gisa erabiltzeko. Plataformaren iritziz, lurrak nitrato eta metal astunekin kutsatuko lirateke modu horretan.