Aurkezpenak aukera eman die berriz elkartzeko, iazkoak oroitzeko eta etorkizunerako dituzten asmoen berri elkarri emateko. Kontent dira denak, jendaurrean erakutsi baitute ia urtebetez egindako lanaren emaitza: Dantxarineako (Urdazubi) Tomasenea baserria zaharberritu dute, Baserriberri proiektuaren bidez. Interreg Poctefa mugaz gaindiko programaren babesa jaso du egitasmoak, eta Euskal Herri osoko hainbat erakunde eta eragile aritu dira lanean.
2024ko irailean jarri zuten abian Baserriberri proiektua, Peio Martikorena fundazioak sustatuta. Asmoa izan da bederatzi langabe zurgintza tradizionalean trebatzea. Hori lortzeko, Euskal Herri osoko hainbat erakunde inplikatu dira egitasmoan. Formakuntza prestatzeko lanetan, hain zuzen, ondoko ikastetxe hauek parte hartu dute: Angeluko Les Compagnons (Lapurdi), Irungo Bidasoa lanbide heziketako zentroa (Gipuzkoa), Donostiako Easo Politeknikoa eta Iruñeko Donibane lanbide heziketako zentroa. «Irakasleen parte hartzea funtsezkoa izan da. Erabat inplikatu dira proiektuan. Kontuan izan behar dugu zurgintza tradizionala egun ez dela inongo zentrotan irakasten, eta ahalegin handia egin dute Baserriberri proiektua garatzeko», nabarmendu du egitasmoaren koordinatzaile Amaia Rekartek.
Baserriberri proiektuaren bidez Dantxarinean zaharberritu duten Tomasenea baserria. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Hura ere kontent da lortu duten guztiarekin. 2024ko irailean hasitako lana iazko uztailean burutu zuten, eta emaitza bistan da: Tomasenea baserri zaharberrituak ateak zabaldu ditu. Rekartek esplikatu du helburua dela eraikinak balio izatea eskualdea suspertzeko eta mugaz bi aldeetako herritarrek eta eragileek bat egiteko. Baserriberri proiektua ere, finean, topagune bat izan da parte hartu duten irakasleentzat eta ikasleentzat. Dantxarinean hartu dute aterpe formakuntzak iraun bitartean, eta Menta izeneko tailerra sortu dute, parte hartzaileak trebatzeko. Tailerreko egunerokoa euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz garatu dute, eta lan horrek eman du bertzelako emaitzarik: zurgintza tradizionalarekin lotutako hiztegi bat osatu dute, hiru hizkuntza horietan.
Hainbat ikastetxe
Tomasenea aurkezteko ekitaldiak —abenduaren 11n egin zuten— jende anitz bildu du Dantxarinean. Ikasleek eta irakasleek bat egin dute berriz. Ikasleetako batzuk zurgintzaren arloko profesional bilakatu dira, eta hasi dira lanean, Baserriberri proiektuari esker. Horietako bat da Esteban Orlando gaztea. Leringoa da, baina Iruñean bizi da orain, hiriburuko enpresa batean kontratatu baitute. Irribarrea piztu zaio Tomasenea baserriari so, eta eraikina zaharberritzeko egindako lan guztiaz oroitu da. «Nik ez nuen batere esperientziarik. Altzariak zaharberritzen ikasten aritu nintzen Iruñeko Donibane zentroan, baina hau bertze gauza bat da. Baserri oso bat zaharberritu dugu. Ikasten jarraitzeko irrikan nago», erran du, harro.
Rekartek balio handia eman dio proiektuko parte hartzaileek egin duten ahaleginari. Bide bat urratu dutela azpimarratu du, eta irakasleak izan dituztela lagun. Irakasleon lana eta inplikazioa «funtsezkoa» izan dela erantsi du, hain zuzen, eta eskertu egin du haien ekarpena. Les Compagnons zentroko irakasle Iban de la Fuente izan da proiektuko arduradunetako bat, eta bat egin du Rekarterekin: «Garrantzitsuena da ikasleek egurra maitatzen ikasi dutela».
Dantxarineako Tomasenea baserria, barrutik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
De la Fuentek garbi erran du urtebetean ezin dela ofizio bat ikasi, baina uste du parte hartzaileek «oinarri bat lortu» dutela —1.400 ordu baino gehiagoko formakuntza jaso dute—, eta irakatsi dietela egur zaharrarekin zein berriarekin nola lan egin. Izan ere, Tomasenea baserriko egur zaharra proiektu berrirako erabili dute: eraikina zaharberritzeko erabilitako materialen erdiak birziklatu dituzte.
Amaia Rekartek kontatu du proiektuaren hastapenetan formakuntza jasoko zuten gazteak aurkitzea izan zela lan nagusia; hasierako asmoa hamabi parte hartzaile lotzea izan zen, baina azkenean bederatzik parte hartu dute. Lapurditik, Nafarroatik eta Gipuzkoatik batu dira ikasle gehienak.
Lanean hasteko gogoz
Argia Aramendia Zangozakoa da, eta Baserriberri proiektuarekin bat egin aurretik hasi zen egurraren munduan murgiltzen. Zehazki, Aurizperriko Agotzenea proiektuko kideekin aritu zen. Bioeraikuntzaren arloko egitasmo bat da. Han, Dantxarinean garatzekoa zen egitasmoaren berri jaso zuen, eta izena eman zuen. «Agotzenean bi hilabete eman nituen trebatzen, eta oso gustura aritu nintzen; banuen egurrarekin lanean jarraitzeko gogoa», azpimarratu du.
Aramendia proiekturako aukeratu zuten, eta Dantxarinean aritu da bertze parte hartzaileekin batera zurgintza tradizionalean trebatzen. «Esperientzia oso polita eta aberasgarria izan da», berretsi du Aramendiak. Erantsi du proiektuak aukera eman diela taldean lan egiten ikasteko, eta teoria eta praktika uztartu ahal izatea «oso inportantea» izan dela.
«Irakasleen parte hartzea funtsezkoa izan da. Erabat inplikatu dira Baserriberri proiektuan»
AMAIA REKARTE Baserriberri proiektuko koordinatzailea
Agotzenean hasi eta Baserriberri proiektuarekin trebatzen jarraitzeko aukera izan eta gero, Aramendiak garbi du zurgintzaren esparruan urratsak egiten segitu nahi duela, eta bere kabuz hasi da lanean. Baserriberri egitasmoko arduradunek nabarmendu dute, hain zuzen, formakuntza jaso duten bederatzi gazteetatik bostek lana aurkitu dutela zurgintzaren arloan: hiru enpresaren batean hasi dira, eta bertze bi, berriz, beren kabuz.
Harriz eta egurrez egindako baserri bat da Dantxarineako Tomasenea. Baserriberri proiektuko kideek hutsetik zaharberritu dute, eta eskualdearentzat utzi dute. Amaia Rekartek garbi du egitasmoa ez dela eraikina moldatzeko lanekin amaituko, eta baserriak emanen duela bidea eskualdeko eta inguruko herritarrak elkartzeko. Nabarmendu du «jende asko» batu dela proiektura, eta eskertu egin du denen inplikazioa eta babesa.
Zenbatekoa den aurrekontua, milioi eurotan. Baserriberri proiektuak 1,7 milioi euroren aurrekontua izan du Dantxarineako Tomasenea baserria zaharberritzeko. Peio Martikorena fundazioa izan da sustatzaile nagusia. Europak ordainduko du %65.
