Krisia dagoela ukatu eta «normaltasunez» hartu dute Nafarroako Gobernuko aldaketa kontseilari berriek

Krisia dagoela ukatu eta «normaltasunez» hartu dute Nafarroako Gobernuko aldaketa kontseilari berriek

Nafarroako Jauregiko aretorik dotoreenean, Tronuen aretoan, egin dute zin. Javier Remirezek elebitan egin du eta honez gero Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena da, baita bozeramaile eta Presidentetza eta Berdintasun departamentuko arduradun ere. Inma Juriok, berriz, gazteleraz egin du zin eta Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilari kargua hartu du. Biek krisia dagoela ukatu dute, eta gobernu aldaketa «normaltasunez» hartu behar dela azpimarratu dute.

Kargu hartze ekitaldia xumea bezain motza izan da. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak bezperan egindako diskurtsoa errepikatu du, eta onartu die «zaila» dela jada abian den tren batera igotzea; baina behar dutenean laguntzeko prest dagoela promes egin die. Aldi berean, unea «gozatzeko» eskatu die, aurki galtza bete lan izango dutelako.

[articles:2152278]

Aretoaren alde batean, senideek jarraitu dute ekitaldia, bai eta gobernuko gainerako kontseilariek, parlamentu taldeetako ordezkariek —besteak beste, Geroa Baiko Pablo Azkona, EH Bilduko Laura Aznal eta Adolfo Araiz, UPNko Juan Luis Sanchez de Muniain, Zurekin Nafarroako Miguel Garrido—, eta erakundeetako ordezkariak —hala nola Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria edo Maria Iraburu Nafarroako Unibertsitateko errektorea—. Ekitaldiari amaiera emateko Joaquin Gaztanbide konpositore nafarraren pieza bat interpretatu dute Alvaro Iborra klarinete joleak eta Maitane Ezpeleta gitarra jotzaileak.

«Hau ez da krisi bat. PSNk koadroak ditu, taldea du, eta batzuetan beharrezkoa da aurpegiak aldatzea»

JAVIER REMIREZ Nafarroako Gobernuko presidenteorde lehena eta bozeramailea

Jarraian, gobernuko bozeramaile gisa, lehen hitzak izan ditu Remirezek. Krisi hitza saihestu du, eta gogora ekarri du aurreko legealdiko esperientzia: «COVID-19aren pandemiari aurre egin behar izan genion eta hura bai izan zela egiturazko krisia. Orain nazioarteak markatutako beste testuinguru batean gaude. Europan zein maila nazionalean demokrazian sinesten ez duten indarrak daude, eta zoritxarrez PPk eta UPNk haiekin bat egin dute».

Aldi berean, ukatu egin du aldaketak PSNren estrategia bati erantzun dionik. «Gobernu aldaketak ohikoak dira Nafarroan zein Espainian». Txibitek aurreratutakoarekin bat eginez, legealdiko azken txanpa hartzeko «bultzada politikoa» behar dutela uste du. «Krisia Gazakoa da edo Estatu Batuetan eta Venezuela gertatzen ari dena. Hau ez da krisi bat. PSNk koadroak ditu, taldea du, eta batzuetan beharrezkoa da aurpegiak aldatzea. Nik neuk aurreko legealdian ardura bat izan nuen eta gero beste bat egokitu zitzaidan».  

Beste behin ere, Nafarroako Gobernuaren egonkortasuna nabarmendu du, eta gizarteari begira horrek balio politikoa duela aldarrikatu du. Espainiarantz begiratu du jarraian. «Begiratu besterik ez dago eskuineko alderdiek zer ikuskizun sortu duten Extremaduran, Aragoin edo Valentzian. Herritarren esku utzi nahi dute arduradun politikoei dagokien erantzukizuna». Horren aurrean, Nafarroa aurrerantz doala iritzi dio. «PPk eta Voxek erakundeetako ezegonkortasuna bilatzen duten bitartean, gu ez gaude estrategia alderdikoiak jarraitzeko». 

Hala ere, ukaezina da Cerdan auziak azken sei hilabeteetan herritarren artean piztutako ezinegonek eta susmoek zerikusi zuzena dutela gobernu aldaketarekin, eta horri buruz galdetu zaio Remirezi. Eledun berriak gogora ekarri du auzi horri dagokionez, gobernuak «jarrera proaktiboa» izan duela, eta kanpoko zein barneko ikuskaritzak egin dituela Acciona eta Servinabarrekin hitzartutako kontratu publikoak aztertzeko. «Gobernuaren ekinaldi bat bera ere ez da auzitan jarri judizialki».

Felix Tabernari eskerrak eman dizkio aldaketan laguntzeagatik. Berdintasun politikekin jarraitzeko asmoa adierazi du. Gainera, boluntariotzako legeak eta gardentasun legea aurrera ateratzeko asmoa adierazi du.

Nafarroako Gobernuaren irudia, osaketa berrituarekin. IÑIGO URIZ / FOKU

Erronka handiak

Remirez senataria zen Maria Txibiteren deia jaso zuenean, baina Inma Juriok politikaren lehen lerroa utzia zuen, estatuko funtzionario lanetan ari baitzen. Orain baiezkoa eman dio abian den tren batera igotzeko eskaintzari. 2011-2012 aldian, UPN eta PSNren arteko gobernu barruan Justizia eta Barne zuzendari izan zen, baina orain koska bat igo da gobernu egituran. Bi erronka nagusi izango ditu: trafiko eskumena guztiz burutzea eta funtzio publikoko estatutua aurrera ateratzea.

Hamabost hilabete baino ez dira geratzen horretarako, baina lehen unetik bere burua «indartsu» ikusten duela esan die kazetariei. Trafikoari dagokionez, Iruñeko zein Madrilgo gobernuak auzi teknikoak eztabaidatzen jarraitzen dute. Juriok aurreratu duenez, Nafarroako lantaldea «atsedenik gabe» ari da lanean.

Funtzio publikoko estatutuari dagokionez, apirileko grebaren ondotik, negoziazioei berrekin zieten gobernuak eta urte amaieran proposamen berri bat aurkeztu zuen. Aurki, bilkura bat egingo dute. Ez du gauza handirik aurreratu. «Sindikatuek alegazioak aurkez ditzakete». Legealdiaren amaiera begi bistan, «epeak» ezarriko dituztela onartu du.