Creena Nafarroako Hezkuntza Bereziko Baliabideen Zentroko zuzendaritzak dimisioa eman zuen azaroan, Nafarroako Gobernuak Alegria fundazioarekin akordio bat sinatu eta gero ikasle autistak artatzeko. Ander Domblas Creenako zuzendari ohiak (Lizarra, 1966) eskertu egin du jasotako babesa eta elkartasuna —ehun ikastetxek baino gehiagok eta hezkuntzaren esparruan ari diren sindikatu guztiek bat egin dute Creenako zuzendaritzako kide ohiekin—, eta «koherentziaz» jokatu dutela nabarmendu.
Azaroan hartutako erabakia berretsi zenuten abenduan, jendaurrean. Zergatik?
Guk argi utzi nahi izan dugu arrazoi tekniko batengatik erabaki genuela dimisioa ematea; ez da izen-abizenen kontu bat. Ez naiz ni izan erabakia hartu duena: zuzendaritzako kide guztiok hartu dugu.
Alegria fundazioarekin sinatutako akordioak piztu du eztabaida. Salatu duzue atea irekitzen diola pribatizazioari. Hori da zuen arrazoi teknikoa?
Nafarroan oso sistema sendoa sortu dugu; sistema propioa dugu, eta sendoa. Jende askok parte hartu du orain arteko bidean, eta aurretik egin den lanagatik ere badugu orain dugun hori. Eta ez dugu ulertzen egun dugun sistema horretan pitzadura bat sortu nahi izatea.
«Sistema propioa dugu, eta sendoa; ez dugu ulertzen sistema horretan pitzadura bat sortu nahi izatea»
Nafarroako Gobernuak Alegria fundazioarekin sinatutako akordioa da pitzadura?
Bai. Akordio horren paragrafo batean jasota dago fundazioko profesionalak geletan sartu ahal izanen direla. Hor bide bat irekitzen ari dira zerbitzua pribatizatzeko. Hori da gure kezka, eta horregatik utzi dugu Creena.
Uste duzue pribatizazioarekin batera zerbitzuaren kalitateak behera eginen duela?
Gure sisteman profesional asko ditugu, eta ongi prestatuak. Ikastetxe guztietan ditugu aniztasuna lantzeko profesional espezializatuak; gainera, Creenako baliabideak ditugu, dauden beharrak osatzeko. Beti esan dugu elkarteekin eta fundazioekin elkarlanean aritu behar dugula, eta horrek denok aberastuko gaituela. Baina nork bere tokitik. Errespetatu egin behar dugu zentro orok duen autonomia, eta zentro horietako profesionalek egiten duten lana.
Litekeena da Alegria fundazioko kideak geletan sartzeak aurrekari bat ezartzea, zuen ustez?
Adibidez, Hezkuntza Departamentuak ONCErekin hitzarmen bat sinatu zuen 1991n, Creena sortu baino lehen, alegia. Creena sortu eta gero, adostu zen ONCE erakundeko kide bat Creenan egotea, eta hortik bideratzen zen, eta bideratzen da, eskoletan egiten den lana. Alegria fundazioari dagokionez, bertze gauza bat planteatu dute, ordea: hamar edo hamabost kide egon daitezke ikastetxeetan lan egiten. Ez dugu uste hori koordinatzea erraza denik. Eta zer gertatuko da Alegria fundazioarekin egindako hitzarmenarekin gisakoak sinatzen badituzte beste elkarteren batekin? Elkarte guztietako kideak egonen dira ikastetxeetan?
Salatu duzue, gainera, zer behar dauden aztertzeko inolako ikerketarik egin gabe sinatu dela akordioa.
Hezkuntza Departamentuak ez du inolako ikerketa teknikorik egin, eta Alegria fundazioak ere ez. Creenak proposamen tekniko bat egin du. Guk garbi dugu Hezkuntza Departamentuak egun badituela behar diren baliabideak, eta badituela lan hori egiteko behar diren teknikariak. Guk ezin izan dugu parte hartu Alegria fundazioarekin sinatu den akordioan.
Departamentuko kideek ez dute zuen iritzia jaso nahi izan?
Urtarrilaren 31n erran ziguten otsailaren 3an Alegria fundazioarekin zerbait eginen zutela. Baina ez ziguten azaldu zer. Otsailaren 4an, prentsaren bidez jakin genuen akordioaren berri. Biharamunean, akordioa eskatu genuen. Harrituta geunden, ez genuen ulertzen halako hitzarmen bat sinatu izana gu kontuan hartu gabe. Arduraz jokatzea erabaki genuen, eta akordioa lantzea, proposamen bat egin ahal izateko.
Zer proposatu zenuten?
Pentsatu genuen bazela modua beste elkarte batzuekin ere erabilgarria izan zitekeen hitzarmen bat zehazteko. Elkarlanerako proposamen bat egin genuen. Departamentuko arduradunekin aritu ginen, eta garbi utzi genien guretzat marra gorri bat zela kanpoko profesionalak geletan sartzea. Aurreko zerbitzuko zuzendariari eta orain dagoenari garbi esan nien Alegria fundazioarekin sinatutakoa ez bazen aldatzen kargua utziko nuela. Eta asmoa berretsi zidaten azaroaren 20an. Azaroaren 24an, dimisioa aurkeztu genuen talde gisa. Gure hitza bete dugu.
«Sinatutako akordioa ezin genuen onartu: kalitateagatik, autonomiagatik eta ekitateagatik»
Gobernuak ez du negoziatzeko jarrerarik izan?
Carlos Gimeno kontseilariak sinatu zuen akordioa. Bilera bat egiteko eskatu diogu, eta ez digu onartu eskaria. Hamar hilabetez aritu gara gaia etxe barruan lantzen, eta ez da gurekin elkartu. Creena instituzio bat da, eta gutxieneko errespetua merezi genuen kideok. Zerbitzuburuarekin eta Gil Sevillano zuzendari nagusiarekin elkartu gara, hori bai, eta Alegria fundazioarekin ere bai.
Zer erran zizueten fundazioko kideek?
Ez ziren prest geletan sartzeko aukera jasotzen zuen paragrafoa bazter uzteko. Ez zioten horri uko egin nahi. Eta hori zen gakoa, Guk ezin genuen onartu: kalitateagatik, autonomiagatik eta ekitateagatik.
Gogorra izan da uztea?
Meritu lehiaketa baten bidez sartu ginen Creenan, bost urterako plan estrategiko bat eginez. Pena handia dut plana bertan behera geldituko delako. Baina koherentziaz jokatu dugu. Ezin genuen jarraitu.
