Hotzaldi betean, termometroak 0 gradutik beherako tenperaturak seinalatzen dituen orduetan, zenbaitek ez dute non hartu aterpe. Kalean lo egitera behartuta daude, baita muturreko hotza izanda ere. Iruñean, udalak handitu egin ditu etxegabeentzako baliabideak, baina, zenbait gizarte eragileren arabera, ez da nahikoa: salatu dute Iruñean 150 eta 200 artean egiten dutela lo kalean negu gorrian. Iruñeko Udalak ere antzeko datua eman zuen duela gutxi: 140 inguru dira, Txema Mauleon Iruñeko Gizarte Ekintza alorreko zinegotziaren arabera. Bada, egoera hori txarretsi dute Salhaketa, Dar Etxea, Derecho a Techo, Pertsona Migratzaileendako Informazio Gunea, Elkarri Babesa, Iruñerriko Kontseilu Sozialista eta SOS Arrazakeria erakundeek, ohar batean.
Eragile sozialen ustez, egoerak «okerrera» egin du urteko lehen egunetan, hotz handia egin baitzuen urtarrilaren 4ko, 5eko eta 6ko gauetan: ordu horietan, bost gradu izan ziren zero azpitik, eta sentsazio termikoa hiru gradu gutxiagokoa zen. Muturreko tenperatura horiek osasun kalte larriak eragiten ahal dizkiete kalean lo egiten dutenei, bizia arriskuan paratzeraino ere bai.
Sinatzaileen arabera, etxegabeen artean gora egin dute hipotermia kasuek eta arnas aparatuko gaitzek, patologia kronikoek okerrera egin dute, infekzioen aurkako babesa ahuldu da, eta hiltzeko arriskua ere handitu da. «Giza larrialdi bat da, eta horrek berehalako erantzun bat eskatzen du, larritasunaren araberakoa», azaldu dute.
Baliabiderik ez
Eragileen esanetan, baina, udalak «larrialdiko zerbitzu inprobisatuak» jarri ditu, baliabide eta berme nahikorik gabe: «Iruñeko Udalak ez du bere gain hartu larrialdi klimatikoko egoeretan kalitatezko aterpe egonkor bat bermatzeko ardura». Salatu dute, gainera, gizarte entitateek «gainezka» egin dutela baliabide publikoen eskasiaren ondorioz: «Gizarte eragileen eguneroko funtzionamendua tentsiopean jarri da zeharo, administrazio publikoen gabeziak estaltzeko, eta hori funtzio publikoak ezkutuan kanpora ateratzea da». Hots, eragile sozialak ari dira beren gain hartzen administrazioak egin behar lukeen lana.
Agiriaren sinatzaileek uste dute «iraingarria» dela Mauleon zinegotziaren eta Ruben Unanua Gizarte Ekintzako zuzendariaren jokabidea. Izan ere, udalak etxegabeen eskura jarritako baliabideen berri eman zuten Mauleonek eta Unanuak, urtarrilaren 7an eginiko agerraldi batean. Nabarmendu zuten Iruñeko aterpetxe eta gisakoetako lekuak 2023an halako hiru direla, eta kopuruak ez ezik politika sozialaren eredua ere aldatu dutela. Entitate sozialek onartu dute lo egiteko tokiak ugaritu egin direla azken urteotan, «baina etxerik gabekoen kopurua askoz gehiago ugaritu da, eta hortaz, baliabideak ez dira aski orain».
Eragileen ustez, udalak «2022ko irizpideei segika» heldu dio arazoari, baina egoera «errotik» aldatu da azken urteetan, eta udal agintariek ez dute asmatu egoerari aurrea hartzen: «Kudeaketa eskasa izan da; une oro ibili dira gabezia kronifikatu baten atzetik». Horren adibidetzat jo dituzte hotzaldiari aurre egiteko ezohiko neurriak: «30 leku gehiago, aurretik udal zerbitzuetan erregistratutako pertsonentzat. Ez dute besterik eskaini, eta gainera, ez diete aldaketaren berri eman ez entitate sozialei, ez Nafarroako Gobernuko Migrazioen arloko Orientazio eta Oinarrizko Informazio Zerbitzuari».
Udaltzaingoaren jarrera ere kritikatu dute, uste baitute etxerik gabeko gazte ugariri «jazartzen» aritu direla, baita haiek «desplazatzen eta xaxatzen» ere. Hori guztia kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuari eta Iruñeko Udalari exijitu diete larrialdi egoerari aurre egiteko «plan eraginkor eta berehalako bat» ezartzea, «etxegabe guztiei aterpea eta jatekoa bermatuko diena, kalitatezkoa eta egonkorra». Sinatzaileen arabera, hori da administrazio publikoek egin beharreko «oinarri-oinarrizkoena», kalte handiagorik eta heriotzarik izan ez dadin.
Berri otxoak, Barakaldon: «Pobrezia kriminalizatzeko kanpainek ez dute etenik»
Berri Otxoak, gizarte bazterketaren aurkako eta eskubide sozialen aldeko plataformak, elkarretaratzea egin du Barakaldon (Bizkaia), etxegabeen arazoaz ohartarazteko. Plataformako kideek salatu dute gaur egun ehun pertsona inguru bizi direla kalean Barakaldon, «egoera ezin makurragoetan», kutxa automatikoetan, karrerapeetan eta behin-behineko kanpalekuetan lo egiten. Udala jo dute horren erantzuletzat: «Herrian etxegabeen arazoa konpontze aldera, beharrezkoak dira etxebizitza duin bat eskuratzea bermatuko duten neurri integralak, baina udalak uko egin dio halakoak ezartzeari». Areago: plataformaren esanetan, «pobrezia egoera larrienak seinalatzeko eta kriminalizatzeko kanpainak» abiatu ditu udalak, eta ez du bete legeak exijitzen diona, «besteak beste, kalean egoera txarrean bizi direnentzako bizitokiak eta zerbitzu sozialak bermatzea».
Zehazki, salatu dute Lasesarreko aterpetxean «etxerik gabeko pertsonen %20» sartzen direla, eta erabiltzaile bakoitzak astebetez soilik erabil dezakeela baliabide hori, hiru hilabetean behin. Berri Otxoak taldeak gogorarazi du, gainera, etxerik gabeko emakumeentzako zentroa itxita dagoela 2024tik, eta eguneko arretarako zentroa «gainezka» dagoela: «Ondorioz, etxerik gabeko pertsonek egun osoa ematen dute kalean, komunak, dutxak eta garbitokia erabiltzeko aukerarik gabe».
