Hego Euskal Herriko aireportuek zortzi milioi bidaiariren langa igaro zuten iaz

Zortzi milioi bidaiarik baino gehiagok erabili zituzten iaz Hego Euskal Herriko lau aireportuak. Azken urteetako gorakadari segida eman, eta inoizko bidaiari gehien hartu zuten. 2024ko datuei erreparatuz gero, bidaiari kopurua %3,8 handitu zen. Dena den, eta urte arteko datuak alderatuz gero, igoerarik handiena hegaldi kopuruan izan zen, %4,8 gehiago izan ziren eta: 78.250 hegaldi 2024an, eta 82.269 iaz.

Loiuko (Bizkaia) eta Forondako (Araba) aireportuek izandako gorakada da datu historiko horien oinarria. Loiukoak, hain zuzen, zazpi milioi bidaiarien langa gainditu zuen aurrenekoz. 7.062.681 bidaiarik erabili zuten, 2024an baino %3,8 gehiagok. Hegaldiak ere %3,7 ugaritu ziren, eta garraiatutako zama %23 handitu.

Loiuk bidaiari marka hobetu zuen hirugarren urtez jarraian, eta AENA Espainiako Aireportuak eta Aire Nabigazioa erakundeko presidenteak —Hego Euskal Herriko aireportuak erakunde horrek kudeatzen ditu— ohartarazi du aireportua bere ahalaren mugara iristen ari dela. Halaber, iradoki du hobekuntza eta handitze lanak egin beharko liratekeela hartan, besteak beste hegazkin konpainiek gero eta toki handiagoa eskatzen dutelako.

Forondak ere urte oparoa izan zuen bidaiariei dagokienez. 307.163 lagunek erabili zuten, 2024an baino %16,4 gehiagok. Igoera nabarmena da, baina Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak helburu gisa jarritako kopurua urrun dago oraindik: milioi erdi bat bidaiari izatea hartu zuen jomuga. Hegaldiak ere ugaritu egin ziren, %2,5; ez, ordea, garraiaturiko zama. Datu hori garrantzitsua da, Foronda garraio aireportua baita batez ere. Guztira 69 milioi tona zama mugitu ziren iaz, 2024an baino %2,1 gutxiago.

Hondarribian, behera

Bidaiari gutxiago hartu zuen aireportu bakarra Hondarribikoa (Gipuzkoa) izan zen: 472.666 lagunek erabili zuten aireportu hori, 2024an baino %2,8 gutxiagok. Datu deigarria da, hegaldiak %7,8 ugaritu baitziren —6.482 izan ziren guztira—. Kopurua jaitsi arren, bilakaera historikoari erreparatuz gero inoizko bidaiari kopururik handienetan hirugarrena da iazkoa. Iberia Espainiako hegaldi konpainiak Madrilerako eta Bartzelonarako hegaldi gutxiago jarri zituen iaz, eta erabaki horrek eragina izan du bidaiari kopuruan.

Azkenik, Noain (Nafarroa) izan zen bidaiari gutxien mugitu zuen Hego Euskal Herriko aireportua. 233.398 bidaiarik erabili zuten azpiegitura hori, 2024an baino %5,8 gehiagok. Hegaldiak, berriz, 7.019 izan ziren guztira, aurreko urtean baino %21,8 gehiago. Kontuan hartzeko moduko datua da; izan ere, Hondarribiko aireportuan baino hegazkin gehiagok lur hartu zuten bertan, esaterako. Guztiak, gainera, bidaiarien hegaldiak izan ziren, ez baitzuten zamarik hartu. Egun aireportua ataka zailean da, helmuga garrantzitsuenetako batzuetara joateko hegaldien lehiaketa publikoa adjudikatu gabe itxi berri dute eta.