Nafarroako Auzitegiko Lehen Atalak 11 urteko kartzela zigorra ezarri dio 52 urteko gizon bati, 2024ko martxoaren 20an beste gizon bati bost aldiz tiro egiteagatik. Tiro horietako baten eraginez biktima paraplegiko geratu zen: %75eko desgaitasuna du. Hiru milioi euroko kalte ordaina eman beharko dio.
Auzitegiak gizon bat hiltzen saiatzeagatik zigortu du. Aringarri bat aplikatu dio: anomalia psikikoa. Zigortuak espetxetik ateratakoan ezingo du beste gizonarekin harremanetan jarri hogei urtean, ezta harengandik 200 metro baino gutxiagora hurbildu ere. Kartzelatik atera eta zaintzapean egongo da hamar urtean.
Abenduaren 17an epaitu zuten. Fiskaltzak hamabost urteko kartzela gizorra eskatu zuen; akusazio partikularrak 25ekoa; eta defentsak errugabe izendatzeko, haren iritziz akusatuak toxikoen kontsumoari lotutako nahasmendu psikotikoa zuelako.
Nahasmenduak
Bi gizonak ezagunak ziren eta elkarrekin egoteko geratu ziren. Epaiaren arabera, zigortua etxetik jaitsi zen eta zuzenean joan zen beste gizonarengana, «hura hiltzeko asmo garbi eta nabariarekin». Bi tiro eman zizkion eskuineko hankan. Biktima odol asko galtzen hasi zen eta ihes egiten saiatu zen, baina erasotzailea haren atzetik joan zen korrika, eta hiru aldiz tirokatu zuen: bi tirok jo zuten, batek sabelaldean eta besteak bizkarrean. Bizkarreko tiroak zauri larriak eragin zizkion.
Zigortuak nahasmendu duala eta nortasunaren nahasmendu mistoa ditu. Alkoholaren, kalamuaren eta estimulatzaileen kontsumoari lotuak. Auzitegiak zehaztu du tiro egin zuen egunean substantzia horien eraginpean jokatu zuela, baina ez du uste errugabetzeko arrazoia denik, haren iritziz frogek ez dutelako erakutsi bere gaitasun intelektualak eta borondatea baliogabetuta zituenik.
«Bertatik bertara»
Defentsarentzat ez zen hilketa saiakera izan, giza hilketa saiakera baizik. Auzitegiak hilketa egotzi dio, ordea, zigortuak «maltzurkeriaz» jokatu zuela uste duelako: «Haren [biktimaren] bizitzaren kontrako erasoa egin zuen arma ezkutatuta eta bat-batean, ezustean, bertatik bertara tiro eginda. Biktimak ez zeukan armarik eta bere burua babesteko aukerarik. Gero haren atzetik joan zen eta bizkarretik tiro egin zion, jakinda ezin zuela babesteko ezer egin».
Epaiak nabarmendu du gizona ez zela hil poliziek eta larrialdi zerbitzuek azkar artatu zutelako, zauriek haren heriotza eragin baizezaketen.
Epaia ez da irmoa eta helegitea aurkez dezakete Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian.
