Eusko Jaurlaritzak oniritzia eman dio Zalduondoko 5.480 eguzki plakako planta fotovoltaikoari

Perfect Business Location SM enpresak 2023ko abuztuan hasi zituen Zalduondon (Araba) 5.480 eguzki plakako eta 2,5 megawatteko planta fotovoltaikoa eraikitzeko tramite administratiboak. Katarri izeneko proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren aldeko ingurumen inpaktu txostena jaso zuen 2025eko abuztuan. Horren ondoren, Jaurlaritzak administrazioen eta pertsona interesatuen alegazioak jasotzeko prozesua ireki zuen. Gaur jakin denez, azken tramite administratibo hori gainditu du proiektuak, eta zentral fotovoltaikoak aurrera egingo du, abuztuko txostenean ezarritako neurri zuzentzaileekin.

Alta, prozesuak bizilagun batzuen aurkakotasuna piztu du. Izan ere, Jaurlaritzak «eduki bereko» 277 partikularren alegazio jaso zituen. Alegazio horietan, argudiatu dute proiektuak kutsadura arriskua lekarkeela eta eragin negatiboa izango lukeela ingurumenean, paisaian eta ondarean, baita azpiegiturak ez lukeela tokiko itzulera ekonomikorik izango ere. Administrazioak, ordea, alegazio horiek guztiak ezetsi ditu, eta, hortaz, proiektuak aurrera egingo du izapide administratibo guztiak gainditu ostean. Orain, enpresa bultzatzaileak hiru urteko epea izango du proiektua eraikitzen hasteko baimena eskatzeko.

Energia biltegia Aiaran

Ez da hori gaurko Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean onartu den proiektu energetiko bakarra. Izan ere, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak oniritzia eman dio Lemon Tree Power Ren 10 SLU enpresak Aiarako lurraldean (Araba) bultzatu nahi duen energia biltegiratze instalazioari ere. BESS PB Navegantes 31 izeneko instalazioa 9.950 metro koadroko partzela batean eraikiko dute, eta energia biltegiratzeko litio ioizko bateriak izango ditu, 30 megawatteko potentzia instalatuarekin. Kasu horretan ere, sailak aldeko ingurumen-inpaktu txosten sinplifikatua eman du, iritzita «ez dela uste proiektua gauzatuta kalte handirik egingo zaionik ingurumenari».

Hala ere, aurreko proiektuarekin bezala, hainbat neurri zuzentzaile proposatu ditu, obrek irauten duten bitartean zarata apaltzeko eta hondakinen kudeaketa egokia ziurtatzeko, esate baterako.

Eolikorik ez Murchanten

Nafarroan, aldiz, energia berriztagarrien proiektu baten aurkako ebazpena argitaratu da gaur. Nafarroako Ingurumen zuzendariak Murchanten (Nafarroa) egitekoa zen haize erroten parkearen aurkako ebazpena egin du. Ingurumen zuzendariak argitaratu du aurretik antzeko beste proiektu bat egin nahi izan zela ingurune horretan, eta haize erroten proiektu hark ere aurkako inpaktu txostena jaso zuela, «hegalarien faunan eta Natura 2000 sarean izango zituen inpaktu negatiboengatik».

Hortaz, orain Mistral Renovables 22 SM, Andromeda Renovables 22 SM eta Olivo Generacion Renovables SM enpresek bultzaturiko proiektua funtsean aurretik aurkeztu zen beste proiektu haren berdina dela iritzita, zuzenean aurkako ebazpena plazaratu du zuzendariak, ingurumen inpaktuaren ebaluazio prozesua hasi ere egin gabe.