Pizkundea

Pizkundea

Esaten dute euskara larrialdi linguistikoan dagoela, eta neurriak hartu ezean urte batzuen buruan desagertu egingo dela. Diotenez, beste garai batzuetan ere gertatu izan da hori bera, eta oraindik ez da desagertu, zorionez. Esaten dute, halaber, mirari bat dela munduko beste hizkuntza familiarekin harremanik eduki ez eta munduko txoko txiki bateko biztanle gutxi batzuek erabiltzen duen hizkera hau oraindik ere bizirik mantentzea. Esaten dute —esaera zaharrak dio— hizkuntza bat ez dela galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak erabiltzen ez duelako baizik, alegia, dakienak erabili ez eta bere hurrengoei ukatzeagatik. Eta hala ere euskarak bizirik dirau, osasunez makal, baina bihotza taupadaka.

Utzi ditugu neguko solstizioaren inguruko jai eta bestelako ospakizunak atzean, Trumpek eman dio hasiera urte berriari ohiko bilakatu dizkigun bere beste performance batekin, eta Kontseiluak deituta abenduaren 27an Miribillan bizitako beroaldia lausoturik, irakurketa pausatua egiteko garaia heldu da: oraindik ere kirioak dantzan jartzen zaizkigu batzuoi Bilbo Arena topera irudikatzerakoan, gure hizkuntzaren eta nortasunaren aldarrikapenezko oldarraldi gozo hura gogora ekartzerakoan.

Burura datorkidan lehen irakurketa: ez dela hain erraza euskaldun-euskaltzale izatea. Pizten baino, berpizten dihardugu une oro, arrazoiak direnak direla, baina beti badelarik zerbait. Eta hala ere, lortu izan dute gure aurrekoek piztu eta berpiztea eta gu geu ere ari gara lortzen harrotasuna, duintasuna eta burua zutik mantentzea. Osasunez makal gabiltza, baina gure zainetan odola badugu, odol beroa, eta horri esker segitzen dugu kantatzen.

Hala ere, ez da hain erraza; gure nortasuna etengabean aldarrikatzen jardun eta horretan irautea etsigarri izatera hel daiteke. Hemendik pare bat hilabetera abiatuko da Korrika, Atharratzetik; Korrika, besteak beste, euskararen aldeko kontzientzia suspertzea xede zuen ekimen gisa sortu zuen AEK-k duela jada 46 urte, eta ordutik, bi urtean behin, txandala eta kirolerako oinetakoak jantzi eta horretan darraigu, guztiok batera eta elkarrekin, korrika eta korrika Euskal Herria zeharkatzen goitik behera eta eskuinetik ezkerrera, gau eta egun, bota euri, elur edo kazkabar. 10 egunez, ‘Gu ere euskararen alde’ oihukatuz.

Iaz Euskaraldia izan genuen eta hurrengo urtean ere izango dugu; Euskaraldiaren zioa ere antzekoa, alegia, euskaraz elkar ulertzeko gai garenon arteko ahozko hizkuntza ohiturak aldatzearena, euskaraz gehiago solastatu gaitezen. Eta berdin, hamar egunez bakoitzak bere txapatxoa paparrean ipiniko dugu, mundu osoak argi eta garbi ikus dezan ekimenean parte hartzaile aktibo eta konprometitu garela, eta euskararengatik eta euskararentzat egiten dugula, euskaldun-euskaltzaleak garelako.

Ez da hain erraza euskaldun-euskaltzale izatea. Pizten baino, berpizten dihardugu une oro, arrazoiak direnak direla, baina beti badelarik zerbait

Iritsiko al da eguna zeinetan horrelako ekimenik ez den beharrezko izango? Zeinetan gure eskubideekiko begirunea eskatzeagatik ez dugun azalpenik ematen aritu beharko, gaizkileak bagina bezala? Gure giza eskubideak irain eta bestelako mespretxuetatik babestu eta haien alde altxatu beharrarena ez den burutik pasa daitekeen zerbait izango?

Batzuek diote hamaika eraso jasan ondoren —zein baino zein bortitzago— orain arte iraun badu hurrengo belaunaldiek ere bere gisara berrasmatu eta emango diotela jarraipena euskarari. Badira hain baikor ez diren beste batzuk, eta sinetsita daudenak, azkenean, beti boterea daukana irteten dela garaile. Agian gakoa eta giltza dira unean-unean egin dezakegun horretan jartzea gogoa eta indarra, bihotzez eta zintzotasunez sinesten dugun horretan, garen hori pizturik mantendu dadin hemen gauden artean.