Gizon bana atxilotu dute Tuteran eta Gasteizen, indarkeria matxista leporatuta

27 urteko gizonezko bat atxilotu zuten asteburuan Tuteran (Nafarroa), bikotekideari sexu erasoa egitea egotzita. Tuterako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 25 urteko emakume batek Poliziari deitu zion larunbat goizaldean, 03:00 aldera, eta azaldu zuen bikotekideak sexu erasoa egin ziola.

Agenteek Reina Sofia ospitalera eraman zuten emakumea. Bitartean, foruzainek gizona bilatzeko operatiboa abiatu zuten. Lau ordu geroago gizonezkoa antzeman eta atxilo eraman zuten.

Gasteizen beste bat

Gasteizko Udaltzainek gaur 05:00etan emakume baten deia jaso dute. Hark esan die gizon batek bi pertsonari eraso egin diela, eta Alde Zaharrera joateko eskatu die. Udaltzainak hara joan dira, eta hiru pertsona topatu dituzte. Denak galdekatu diutzte, eta gizon batek aitortu die eraso egin diela beste bi pertsonei; bikotekidea zuen horietako bat, telefonoz deia egin duen emakumea.

Gizonak aitortza eginda, eta emakumeak ezpainean zuen zauria ikusita, udaltzainek atxilotuta eraman dute gizona. 23 urte ditu.