Gizon bat atxilotu dute Tuteran eta beste bat Gasteizen, indarkeria matxista leporatuta

Bi gizonezko gazte atxilotu dituzte azken egunotan indarkeria matxistarekin lotuta. Lehen atxiloketa asteburuan izan da, Tuteran (Nafarroa), eta bigarrena, gaur, Gasteizen. 27 eta 23 urte dituzte atxilotuek, eta biei leporatu diete emakumezko bikotekideei eraso egitea.  

Tuterako Udaltzaingoak jakinarazi duenez, 25 urteko emakume batek Poliziari deitu zion larunbat goizaldean, 03:00ak aldera, eta azaldu zuen bikotekideak sexu erasoa egin ziola. Agenteek Reina Sofia ospitalera eraman zuten emakumea. Bitartean, foruzainek gizona bilatzeko operatiboa abiatu zuten. Lau ordu geroago, gizonezkoa atzeman, eta atxilo eraman zuten.

Gasteizen, berriz, udaltzainek gaur 05:00etan emakume baten deia jaso dute, esanez gizon batek bi pertsonari eraso egin diela, eta Alde Zaharrera joateko eskatuz. Bertan, hiru pertsona topatu dituzte; denak galdekatu dituzte, eta gizon batek aitortu die eraso egin diela beste bi pertsonari; bikotekidea zuen horietako bat, telefonoz deitu duen emakumea. Gizonak aitortza eginda, eta emakumeak ezpainean zuen zauria ikusita, udaltzainek atxilotuta eraman dute gizona. 23 urte ditu.

Epaiketara

Bestalde, fiskalak bost urteko espetxe zigorra eskatu du gizon batentzat, emakume bat bortxatzea leporatuta. Gipuzkoako herri batean gertatu zen erasoa 2021eko apirilean: biktimak eta akusatuak lokal horretan bazkaldu zuten beste hamazortzi lagunekin, eta etxeratzeko garaian, emakumeak bertan geratzeko baimena eskatu zion gizonari, edanda zegoelako eta ez zuelako autoa hartu nahi. Bi sofa elkartuta elkarrekin lo egitea adostu zuten, baina andreak ohartarazi zuen sexu harremanik ez zuela izan nahi. Lo zegoela, ordea, gizonak biluztu egin zuen, eta bortxatu, emakumea esnatu zen arte.

Fiskaltzaren ustez, sexu eraso delitu bat izan zen. Espetxe zigorraz gain, biktimarekiko urruntze agindua ere galdegin du, baita 6.000 euroko kalte ordaina ere.