Enhol taldearen hiru parke eoliko desmuntatuko ditu Renercyclek Erriberan

Enhol taldearen hiru parke eoliko desmuntatuko ditu Renercyclek Erriberan

Enhol taldeak Caparroson eta Cabanillasen (Nafarroa) dituen hiru parke eolikok 24 urte baino gehiago dituzte. Renercycle enpresak bertako 87 haize errota desmuntatuko ditu aurten. Horiek kenduta, potentzia handiagoko 11 errota jarriko dituzte: bost Caparroso parkean, eta beste sei, berriz, Cabanillasko Serralta eta San Gregorio parkeetan.

Renercycle parke eolikoen desmuntantzean espezializatuta dago. 2022an sortu zuten sektore eolikoko hamar enpresak: hala nola Acciona Energia, Nordex, Enhol, Enerfin, Ingeteam, RWE, E06, Abintus, Tetrace eta Innoenergy. Gaur-gaurkoz 27 turbina desmontatu dituzte.

Orain arte lortutako kontratu handiena izenpetu du, beraz. Kenduko dituzten 86 haize errotek 600 eta 700 kilowatterainoko arteko potentzia dute, eta beste batek, berriz, 1,6 megawattekoa. Hitzartutako kontratuaren arabera, desmuntatzeaz gain, Renercyclek hondakinak kudeatuko ditu; berrerabil daitezkeen piezak Faltzesen (Nafarroa) duen logistika plantara eramango ditu, eta erroten palak birziklatu egingo ditu Irunberriko lantokian (Nafarroa) —Acciona Energiarekin batera Waste2fiber egitasmoa bultzatu dute bertan—.

Potentzia handitzeko

Lanak aurten egingo dira. Enholen asmoa da potentzia eta tamaina handiagoko errotekin ordezkatzea. Zehazki, dorreek 120 metro inguru dituzte, eta erroten palek, 163 metroko zabalera. Hamabi errotak 5,7 megawatteko potentzia dute, eta bik 5ekoa. Hots, jatorrizko erroten aldean, 8-9 bider potentzia handiagoa dute.

Kontuan hartu behar da Cabanillasko Serralta eta San Gregorio parkeak 1998an inauguratu zituela Enholek, eta Caparrosokoa 2001ean. Birpotentziazio proiektu horretan gero Fustiñana eta Bardeako parke eolikoak gehituko ditu, eta orotara 87 milioi euro inbertituko ditu.