Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentea ez da joan Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordera

Jose Manuel Entrecanales Accionako presidentea ez da joan Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordera

Accionako presidenteak pultsua bota nahi izan dio Nafarroako Parlamentuari. Nahiz eta legeak behartu egiten duen hori egitera, Jose Manuel Entrecanales ez da joan ikerketa batzordera. Behin ez dela agertu egiaztatuta, ikerketa batzordeak ateak itxi ditu «zer egin erabakitzeko».

Berez, ikerketa batzordearen araudiaren arabera, pertsona bat ez agertuz gero beste deialdi bat egin behar da «hiruzpalau egunen buruan» edo, baldin eta premiazko deialdi bat eginez gero, «biharamunean».

Entrecanales, Davosen

Ostiralean Accionak jakinarazi zion parlamentuari Joaquin Molinedo konpainiaren zuzendaritza taldeko kidea eta Jose Julio Figueroa Gomez joango zirela parlamentura. Taldearen arabera, administrazio kontseiluaren erabakia da nor joan erabakitzea. Dena den, barne iturriek Europa Press agentziari esan diotenez, Entrecanales uneotan Davosen (Suitza) dago, Munduko Ekonomia Foroan.  

Alta, atzo, Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordaren bileran, erabaki zen Accionaren jakinarazpena aintzat ez hartzea: Molinedori eta Figueroari joatea galdegin ez zaienez, berriro ere Entrecanales deitu zuten. Accionako presidentea agertu ez denez, orain ikerketa batzordeari dagokio erabakitzera pultsuari eutsi eta berriro deitu, edo enpresaren eskaera aintzat hartzea.

Batzordearen helburua da Nafarroako Gobernuak urteotan guztioetan Accionari eta Servinabarri esleitutako kontratu publikoak ikertzera. Auzi judizial bat dago irekita, Santos Cerdan, Jose Luis Abalos eta Koldo Garciari ustezko komisioak kobratzea leporatzen baitzaie. PSOEn zuen karguagatik, fokua Cerdanengan jarri bada ere, deigarria da balizko ustelgileengan ez dela azpimarra jartzen. 

Orain batzordeak Accionaren arduradun nagusia deitu duenean, hark azalpenak emateari iskin egin dion. Entrecanales ez dago auzi judizialean inplikatuta, eta, parlamentuko araudiak berak gogorarazten duenez, bertaratzen direnak egia esatera derrigortuta daude. Zigor Kodearen 502.3 artikuluak zehazten duenez, sei hilabete eta urtebete arteko espetxe zigorra ezar dakioke egia esaten ez duenari.  

Entrecanales agertu ez izanak, gainera, batzordearen bilakaera baldintza dezake. Bihar Justo Vicente Pelegrini Accionako eraikuntza zuzendari ohia dago deituta —Pelegrini auzi judizialean ikertua da, ustezko komisioak ordaintzea leporatuta—. Datorren astean, berriz, Antxon Alonso Servinabarreko burua dago deituta. Urtarrilaren 28an, berriz, Oses eraikuntza taldeko buruzagi bat. Eraikuntza horrek Accionarekin eta Servinabarrekin batera Aldi Baterako Enpresa Elkartea osatu zuen, eta Belateko kontratu publikoa adjudikatu zitzaien.