Corellako eskolan eta institutuan euskarazko ereduei jarritako trabak salatu ditu guraso talde batek

Corellako eskolan eta institutuan euskarazko ereduei jarritako trabak salatu ditu guraso talde batek

Irailean, Corellako (Nafarroa) 11 familiak salatu zuten herriko ikastetxean D ereduko lerro bat ezartzeko eskaera egina ziotela Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari, baina hark atzera bota zuela. Orduko hartan, departamentuak argudiatu zuen «protokolo bat» duela halako kasuetarako, eta ezinezkoa zitzaiola eskola mapa aldatzea ikasturte honetan. Hala ere, gurasoei esan zien eskaera egiteko 2026-2027 ikasturteari begira. Orain, herriko guraso talde batek salatu du Ciudad de Corella Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoko zuzendaritzak ere trabak jarri dizkiola D eredua ezartzeko aukerari.

Ohar batean adierazi dutenez, ikastetxe publikoko zuzendaritzak familiei ohartarazi die seme-alabak D ereduan matrikulatuz gero haurrak «Corellatik kanpora» atera beharko direla ikastera: «Esan diete hemen ez dela [D eredua] aterako». Mezu horien bidez, ikastetxeko zuzendaritza «informazio okerra» zabaltzen ari dela uste dute: «D ereduarenganako interesa desagertzea eragiten du horrek». Horrez gain, salatu dute zentroko zuzendaritzak ez diela D ereduaren gaineko informaziorik ematen guraso migratzaileei eta, oro har, «gaztelaniaz hitz egiten ez dutenei».

Jesus Rodriguez Hernandez da Ciudad de Corella ikastetxe publikoko zuzendaria, UPNko militantea eta Corellako Udalean alderdi horretako zinegotzi izandakoa. Agiria ondu duten herritarren ustez, Rodriguezek «bere ideologia politikoaren zerbitzura» jarri du ikastetxeko zuzendaritza, eta «Corellako familien eskubideak» urratu ditu.

Ohar berean, Corellako herritarrek salatu dute Alhama Bigarren Hezkuntzako Institutuan ere trabak jarri dizkiotela A ereduari. Euskara ikasgai gisa duen hezkuntza eredua aurten ezartzekoak ziren zentroan, baina urtebetez atzeratu dute. Gurasoen irudiko, «trikimailuak eta gezurrezko argudioak» erabili ditu zuzendaritzak, euskarazko eredua trabatzeko.

Horregatik guztiagatik, gurasoek Hezkuntza Departamentuari eta Euskarabideari galdegin diete «ikerketa bat» egin dezaten eta «kontrol prozesuak» ezar ditzaten hala Ciudad de Corella ikastetxean nola Alhama BHIan, «zuzendaritza taldeek familien borondatean esku har ez dezaten, eta Corellako familiek euskaraz ikasteko duten eskubidea bermatu dadin».