«Ez dira salbuespenak, patriarkatuarekin, kolonialismoarekin, arrazakeriarekin eta kapitalismoarekin lotutako patroiak baizik». Nafarroako SOS Arrazakeriako kide Cecila Themmerenak dira hitzak, erakunde horrek etxeko eta zaintzako langileen egunerokoaren inguruan egindako ikerketari buruz; izan ere, ondutako txostenean agerian utzi dute etxeko eta zaintzako langileen erdiek arrazakeria sufritu dutela eta jatorriagatik baztertu dituztela beren lanpostuetan. Espainiako Estatuko datuak jaso ditu SOS Arrazakeriak; Nafarroako bulegoko kideek parte hartu dute ikerketan, eta Themmek nabarmendu du datuok herrialdeko errealitatea ere islatzen dutela. «Arrazakeria egiturazkoa da», oroitu du.
SOS Arrazakeriak abenduaren 17an aurkeztu zuen txostena, Etxeko eta zaintzako langileen aurkako adierazpen arrazistak eta indarkeriazkoak izenburupean. «Kontent gara, lanak oihartzun handia izan baitu», azaldu du Themmek. Azken asteotan, hain zuzen, Julio Iglesias abeslari espainiarraren aurkako salaketen auziak hizpidera ekarri du etxeko langileen egoera. elDiario.es eta Univision hedabideek zabaldu zuten albistea, urtarrilaren 13an: bi emakumezkok Julio Iglesiasen kontrako salaketa jarri dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan. Abeslariarentzat lan egindakoak dira salaketa jarri duten bi emakumezkoak, eta hark Dominikar Errepublikan eta Bahametan dituen etxeetan gertatutakoetan oinarrituta jarri dute salaketa. Sexu erasoak egitea egozten diote, baita gizakien salerosketa delituak, jazarpen sexuala eta lesioak egitea eta gehiegikeriazko lan baldintzak ezartzea ere.
Zaila da etxeko ateaz bertzaldean zer gertatzen den jakitea, eta etxeko eta zaintzako langile anitzentzat salatzea ez da aukera bat. Arrazakeria eta bazterketa sufritu duten etxeko langileen %64k nahiago dute isildu. «Langileok isildu bertzerik ezin dugu egin askotan, gure familiengatik eta seme-alabengatik aurrera egin behar baitugu. Paperik ez duenak ezin du lana galdu. Eta paperak dituenak, anitzetan, nahiago du Gizarte Segurantzan izena eman gabe aritu, izena emanez gero soldata hagitz eskasa baita. Baldintzak izugarriak dira», salatu du Esther Quevedok.
«Langile egoiliarrak, paperik ez dutenak eta 55 urte baino gehiago dituztenak dira zaurgarrienak»
CECILIA THEMME Nafarroako SOS Arrazakeriako kidea
Hark 60 urte ditu, eta Thycna Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen Elkarteko kidea da. Duela 33 urte ailegatu zen Nafarroara. Zaintza lanetan aritzen da, eta SOS Arrazakeriako kideek egindako txostenean jasotako ezerk ez du harritu. «Ni baztertu naute; adinagatik ere bai; hainbat kideri atea itxi egin diete beren azalaren kolorea ikusi dutenean». Etxe batean egoiliar egon zenekoa ere oroitu du: «Arroza, pasta eta eta arrautzak bertzerik ez zidaten ematen jateko; guk hori jaten genuela erraten zidan nagusiak», kontatu du.
SOS Arrazakeriak egindako txostenean, hain justu, agerian utzi dute etxeko eta zaintzako lanetan aritzen diren migratzaileen inguruan «estereotipo anitz» daudela indarrean, eta estereotipo horien bidez langileok «deshumanizatzen» dituztela. Txostenaren arabera, batez ere emakume migratu latinoamerikarrak aritzen dira etxeko eta zaintzako lanetan: «Kontua da, emakumeon inguruko estereotipoen arabera, esanekoak eta atseginak direla, eta gertukoak kulturari dagokionez», gehitu du Themmek.
SOS Arrazakeria erakundeko kideek etxeko eta zaintzako 59 langile elkarrizketatu dituzte Nafarroan —431 Espainiako Estatu osoan—. «Elkarrizketa horietako hamar elkarrizketa sakonak izan dira», zehaztu du Cecilia Themmek. Gainera, etxeko eta zaintza lanen arloan bitartekari aritzen diren sei teknikarirekin hitz egin dute.
Zaintza eredua
Patriarkatua, kolonialismoa, arrazakeria, kapitalismoa. Horiexek aipatu ditu Themmek, eta botere harremanak utzi agerian. SOS Arrazakeriak orain arte nagusi izan den isiltasuna apurtzeko urrats bat egin nahi izan du argitaratutako ikerketaren bidez, eta, gainera, gogoetarako hainbat auzi nabarmendu. «Hasteko, zaintza ereduari buruz hausnartzeko garaia da», erran du Themmek.
Emakumeak ari dira nagusiki zaintza lanetan. Lan gogorra da, eta gaizki ordaindua. «Administrazio publikoek ez dute zaintzaren auzia konpondu; ez dute zaintza publiko duin bat bermatu, eta nor bere kabuz saiatzen da etxean duen egoerari aurre egiten», aipatu du Themmek. Gehienek emakume migratzaileak kontratatzen dituzte, eta, ondorioz, emakumeon bizkar dago egun, neurri handi batean, zaintzaren ardura. «Langile egoiliarrak, paperik ez dutenak eta 55 urte baino gehiago dituztenak dira zaurgarrienak», nabarmendu du Themmek.
«Arroza, pasta eta eta arrautzak bertzerik ez zidaten ematen jateko; guk hori jaten genuela erraten zidan nagusiak»
ESTHER QUEVEDO Zaintzako langilea eta Thycna elkarteko kidea
Zaintza eredua aldatu behar da etxe barruko botere dinamika horiek apurtzeko; arrazakeriak eta patriarkatuak zuzenean ukitzen dituzte etxeko eta zaintzako lanetan ari diren emakumeak, eta, ondorioz, Themmek garbi du langileon eta mugimendu antirrazistaren eta feministaren arteko sareak ehundu behar direla. «Euskal Herrian egin da zaintza greba bat; badira unean uneko harremanak, baina harreman estuago bat behar dugu, epe luzerako helburuak eta bideak zehaztuko dituena», berretsi du.
Esther Quevedo iritzi berekoa da, eta azpimarratu du aliantza zabalak behar direla «indarrak batzeko». Mugimendu feministari eta antirrazistari egin die so, bai eta etxeko eta zaintzako langileen elkarteei eta sindikatuei ere. Sindikatuekin, baina, ez da anitz fidatzen, aitortu duenez, uste baitu zaintzako langileak ez direla haientzat lehentasun.
Elkarteen esparruan, La Rebelde izan zen Nafarroan lehenengoetakoa; 2012an sortu zuten. Azken urteotan, bertze hainbat talde sortu dira. Batek, hain zuzen, Nafarroako SOS Arrazakeriaren babespean hasi zuen bidea; 2023ko martxoan bitan zatitu zen, eta sortutako talde berrietako bat da Thycna. Themmek nabarmendu du etxeko eta zaintzako langileak antolatzen hasi izana «urrats garrantzitsu» bat izan dela beren lan baldintzak hobetzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Quevedok ere egin du elkarteen alde, eta erantsi «babesgune» bat direla langileentzat. «Errazagoa da gure eskubideen alde egitea elkarte baten babesa duzunean».
SOS Arrazakeriak beharrezkotzat jo du sareak ehuntzea; gainera, bertzelako neurriak eta proposamenak jaso ditu bere txostenean, etxeko eta zaintzako langileen eskubideen alde, eta beren lan baldintzak hobetze aldera. Batetik, bazterketa sufritu duten eta gorrotozko delituen biktima izan diren langile guztiak erregulariza ditzatela eskatu dute, eta erraz ditzatela halakoak salatu ahal izateko bideak. Bertzetik, babesa eta laguntza eskatu dute salatu duten langileentzat, «arlo guztietan»: babes juridikoa eta psikologikoa behar dela azpimarratu dute, eta erraztu behar zaiela etxebizitza bat lortzeko prozesua. Helburua da, langile egoiliarren kasuan, erasotzaileekin bizi behar ez izatea. Neurri eta proposamen horiek garatzeko, SOS Arrazakeriak administrazio publiko guztien inplikazioa behar dela nabarmendu du.
Berriozarko proiektua
SOS Arrazakeriak inplikazioa eskatu die erakunde publikoei, eta Berriozarren, behintzat, lortu du. Han, udalak utzitako etxebizitza batean, eta Nafarroako Gobernuaren diru laguntzaren bidez, etxeko eta zaintzako emakume langile migratzaileak artatzen dituzte. Urte batera bitarteko egonaldien bidez, helburua da emakumeokin lan egitea, prekaritatea atzean uzteko eta euren baldintzak hobetzeko aukera bat izan dezaten. 2022an hasi ziren proiektua mamitzen, eta iaz jarri zuten martxan.
Zenbat langile baztertu dituzten jatorriagatik. Bazterketa salatu duten etxeko eta zaintzako langileen %30ek azaldu dute beren jatorriagatik baztertu dituztela, SOS Arrazakeriak egindako ikerketaren arabera. Ia %26k erran dute paperik ez izateagatik baztertu dituztela.
«Hagitz kontent gaude; proiektuak aurrera egin du, eta ari gara langileak hartzen eta bidean laguntzen», erran du Cecilia Themmek. SOS Arrazakeriako kideak uste du Berriozarko esperientzia «eredugarri» izan daitekeela. «Gisako lehena izan da Euskal Herrian, baina espero dugu bertze udal anitzetan ere martxan jarri ahal izatea». Themmek zehaztu du «langileek eskatuta» garatu dutela proiektu osoa. «Etxeko eta zaintzako lanez ari bagara, esparru horretan ari diren emakume langileak jarri behar ditugu erdigunean; ezin diegu haiei dagokien agentzia kendu».
«Agentzia» dutela erakutsi dute Thycnaren gisako elkarteetako kideek. Lanean ari dira zaintza eredua iraultzeko, eta langileen eskubideak eta lan baldintza duinak bermatzeko.
testigantzak
«Estereotipoen ondorioz, jendeak uste du deus ere ez dakigula. Gehienok, baina, ikasketak ditugu. Ezjakintzat hartzen gaituzte, eta horrek asko mugatzen gaitu» (64 urteko emakume langilea, jatorriz Nikaraguakoa; 6 urte Nafarroan)
«Kaleratu ninduten, arrazoi garbirik eman gabe. Nire gauzak zabor poltsetan sartu zituzten. Ikasketak amaituta kontratua eginen zidatela hitzeman zidaten, baina ez zuten bete. Edozer gauza eskatzen nuenean, kontraturik ez nuela oroitarazten zidaten» (58 urteko emakume langilea, jatorriz Kolonbiakoa. Bi urte Nafarroan, paperik gabe)
«Egoiliar egon nintzenean, nagusia sexu eraso bat egiten saiatu zen. Mozkortzen zenean, nire gelan sartzen saiatzen zen; haren ustez, latinoamerikar guztiak gara putak» (emakume langilea, jatorriz Nikaraguakoa; zortzi urte Nafarroan, paperik gabe)
«Ez nuen salatu beldurra nuelako, paperik ez nuelako, ezta frogarik ere. Nahiago nuen bertze lan bat bilatu eta alde egin; banekien abokatuek ezin izanen zutela deus ere konpondu» (66 urteko emakume langilea, jatorriz Senegalgoa, 33 urte Nafarroan, pentsioduna)
«Hagitz gaizki pasatu nuen. Argaldu nintzen, eta terapiara joan behar izan nuen. Negarrez ematen nuen eguna, ezin bainuen bertze edozeinek duen bizitza izan» (54 urteko emakume langilea, jatorriz Nikaraguakoa; bost urte Nafarroan)
«Hagitz ezeroso sentitzen nintzen zaintzen nuen adineko gizonarekin. Inoiz ez ninduen gogor ukitu, baina, haren keinuen eta hitzen ondorioz, inoiz ez nintzen seguru sentitu. Beti adi egon behar nuen» (56 urteko emakume langilea, jatorriz Perukoa; hiru urte Nafarroan, paperik gabe)
«Herrietan aurreiritzi anitz daude. Lapurtzera gatozela erraten dute. Halako egoerek kalte anitz eragiten digute. Batek egin dezakeenak guztiak ukitzen gaitu» (59 urteko emakume langilea, jatorriz Boliviakoa. Hamalau urte Nafarroan)
