«Harresia garai batean baino sotilagoa da, baina indarkeria ez da aldatu»

«Harresia garai batean baino sotilagoa da, baina indarkeria ez da aldatu»

Mikel A. Ceniceros idazleak (Lizarra, 1988) azken bost urteotako bizipenak jaso ditu Lunático izenburuko bere bosgarren liburuan (Loto Azul, 2025). Garbi erran du irakurleak probokatu nahi izan dituela izenburuaren bidez, eta osasun mentaleko diagnostikoen inguruko estigma apurtu. Salatu du sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituztenak artatzeko gaur egun indarrean den sistemak ez duela funtzionatzen.

Ero hitza aldarrikatu nahi izan duzu liburuan?

Bai, zalantzarik gabe. Izenburua probokazio bat da, estigma apurtzeko gogo handia baitut.

Estigmak indar handia du, oraindik ere?

Bai. Indar handia du, eta estigmaren kontrako borroka oso zaila da. Borroka interesgarria da, eta hor egon nahi dut, beharrezkoa baita, baina jakinda badela lan handia egiteko.

Pandemiaz geroztik, gehiago hitz egiten da osasun mentalaz; ez da nahikoa?

Pandemiaz geroztik depresioa eta antsietatea normalizatu egin dira, neurri batean, baina oraindik ere ez dugu bestelako diagnostikoei buruz hitz egiten.

Zergatik?

Ematen du buruko osasunaren aldeko urratsak egiten ari garela, baina ez da egia. Ez dira deus ere egiten ari osasun mentalaren esparruan. Berdinen arteko laguntza edo Hasier Larretxeak egiten dituen Osatzen duten hitzak izenburuko tailerren gisako ekinaldiak guztiz beharrezkoak dira.

Nafarroako Gobernuko agintariak aspalditik ari dira erraten osasun mentaleko arreta eredua irauli nahi dutela, eta pertsonak erdigunean jarri. Sinesten diezu?

Ez. Ez dut erakundeen mezu hori sinesten. Akaso anarkista samarra naizelako, baina ez dut sinesten.

«Telebista jartzen duen edonork erraz irensten du hedabideek sortutako eta errazkeriaz betetako diskurtsoa»

Ongi ezagutzen duzu egungo osasun mentaleko eredua. Nolakoa da?

1980ko hamarkadaren hasieran, sistema psikiatrikoaren erreforma egin zuten: ustez harresiak behera bota zituzten, baina zutik jarraitzen dute; ikusezin, baina zutik. Liburuan horixe nabarmendu nahi izan dut: orain harresia garai batean baino sotilagoa da, baina indarkeria ez da aldatu; lehengo bera da.

Segitzen dute, bertzeak bertze, jendea ohera lotzen.

Sistema oso zapaltzailea da, eta ez oso gizatiarra. Etikaz jardun dezatela behar dugu.

Sufrimendu psikosozialeko esperientziak dituztenen ahotsa entzuteko beharra bada?

Bai. Inoiz ez dugu eroari entzuteko ahalegina egin, eta bada garaia hori egiteko. Ero etiketa erruz erabiltzen da egun. Gizon batek emakume bat hiltzen duenean ero bat dela esaten dute. Ez da egia. Gizon hori matxista bat da. Trumpekin ere gertatzen ari da.

Erotzat jotzen dute anitzek.

Trump faxista bat da. Nire liburuaren bidez, nire ahotsa zabaldu nahi dut, baina badakit oihartzun mugatua izanen duela. Telebista jartzen duen edonork erraz irensten du hedabideek sortutako eta errazkeriaz betetako diskurtsoa. Eta mundu guztiak so egiten dio telebistari. Lan handia bada egiteko, eta ni nahiko ezkorra naiz.

Zure liburuak, halere, urrats bat dira diskurtso nagusi horren kontra, ezta?

Ni, behintzat, ez naiz isilduko. Nik oihu egiten segitu nahi dut. Barrua husteko modu bat da idaztea niretzat, eta idazten jarraitu nahi dut.

Pandemian hasi zinen Lunático idazten, konfinamendua hasi zen egun berean. Zergatik egun horretan?

Beti idatzi izan dut. Eta konfinamendua hasi zenean ere behar hori izan nuen. 2020tik 2025era bitarteko eguneroko baten modukoa osatu dut azkenean.

Gauza anitz gertatu dira tarte horretan?

Bai, gauza asko, eta liburuan kontatzen ditut. Ospitaleratu naute, eta neure buruaz beste egiten saiatu naiz. Horri buruz hitz egin dut, eta gizartean gertatu diren hamaika konturi buruz ere bai. Gainera, denbora horretan maitemindu naiz, eta bihotza puskatu didate. Horri esker, hain zuzen, bi poema liburu argitaratu nituen 2024an. Nire argiak eta itzalak daude liburuan.

Erran duzu beti idatzi duzula. Zertan lagundu dizu horrek?

Niretzat idaztea erabateko katarsi bat da. Idazteak salbatu nau. Nik uste dut hitzak baduela osatzeko ahala; idaztea izan daiteke, edo lagun batekin hitz egitea.

«Kontua da isiltasun hori apurtzen ahalegindu behar dugula, komunitatearen laguntza bilatu eta sareak ehundu»

Batzuentzat zaila izan daiteke barrua husteko pauso hori ematea?

Bai; askotan zaila da besteei laguntza eskatzea. Hurbilekoenei ere bai. Kontua da isiltasun hori apurtzen ahalegindu behar dugula, komunitatearen laguntza bilatu eta sareak ehundu.

Umorea ere bada aurrera egiteko tresna bat zuretzat?

Bai. Umorea behar dugu mundua ez dadin izan orain bezain arrotza. Osasun mentalaz hitz egiten badugu, ezin dugu ahaztu arlo soziala. Eromena, finean, geure burua babesteko modu bat da egungo gizartean. Sareak behar ditugu.

Gizarteak eskain dezakeen sareetako bat da Lizarrako bertze poeta batzuekin osatu duzun taldea?

Bai. Taldea osatu dugu, eta gustura nago hor.