Inautea: beti berdin, beti berri

Inautea: beti berdin, beti berri

Garaiz ibiltzea askorik ez berantestea bezain inportantea da Iturenen (Nafarroa). Eta Zubietara (Nafarroa) azaltzen direnentzako ere halakoxea behar luke aholkuak inauterien hasierako erritu handiaren egunean. Nahita ere nekez aurreikus daiteke joareen burrunba noiz ailegatuko den toki bakoitzera, eta norabidea da segurua den kasik bakarra aldiro: Zubietatik Iturenerainoko ibilbidea lehenbizi, Aurtitz auzotik pasatuta; eta, biharamunean, aldrebes. Beti berdin, beti berri. Eta mezu bat aldarri: «Ongi etorri, udaberri». 

Aski. Inauterietako egun handia ez da egokiena errimekin endredatzeko. Goizean goizetik hasi baitira gorputz barrenetan kirioak dantzan. 11:00ak jo gabeak erlojuan, eta ordurako urduri da jendea Iturengo plazan. «Autoa aparkatzeko? Hemen? Orain? Saia zaitezke, baina ez dut uste lortuko duzunik, e? Esana nizun: joaldunen harrera hemen izanda…», gizon batek, serio, telefono hariaren bestaldean galdezka daukan lagunari. Haiek artean ez zekiten, baina oraindik ere lau ordu luze falta ziren joaldunak herrira ailegatzeko. 

Hori du errituak berezi, besteak beste: ordutegirik eza. Eta itxaronaldia bera xarmaren parte da, horrenbestez. Gazteluko (Nafarroa) Juana Mari Oteiza, esaterako, gustura azaldu da Iturenera aurten atzera ere: presarik gabe, «pozik», eta batez ere Zubietako joaldunek Iturengo Auritz auzokoekin bat egiten duten unea ikusteko gogotsu, «edonoiz dela ere».

Hain justu, Aurtizko joaldunek eguerdian ekin diote prestaketari, Iturengo gainerakoek baino are lehenago egin beharko baitiete harrera Zubietakoei. Hamaiketakoa egin ondoan, elkartean bertantxe jantzi dira; banaka lehenbizi, eta binaka-hirunaka gero. Eta, aurten, Aitor Manterola izan da janzten aurrenekoa. «Horrela tokatu delako e, ez pentsa!», aitortu du. Edonola ere, berari begira sumatu ditu inguruko berrogeitaka herritar zenbait minutuz, baita irudiak hartzen ari diren lauzpabost kamerari ere, eta pixka bat lotsatuta, bai, baina batez ere pozik dirudi horregatik. Are, usadioak urtetik urtera izandako eboluzioa ikusita ere pozik dirudi Manterolak. «1981ean atera nintzen lehenbiziko aldiz joaldun Aurtitzen, 14 urte nituela; pentsa zenbat gauzari erreparatu ahal izan diodan», aitortu du. Bi kontu azpimarratu ditu horri buruz, besteak beste. Lehena, hau: garai batean, 14 urte betetakoan eta bakarrik ezkondu arte izan zitekeen norbait joaldun. Bigarrena: Manterolak oraindik gogoan du auzoan soilik sei joaldun zirenekoa eta orduko «diskrezioa». «Kasik inor ez genuen izaten begira!». Bistan da: ikustekorik ez gaur egun haien itzuliek sortzen duten interesarekin. Ikusnahi bizia da orain nagusi.

Ituren eta Zubietaren artean, autobusak etengabe izan dira harat-honat. Eta jende mordoa mugitu da errepide bazterretan barna oinez, batera eta bestera. Euskalki bat baino gehiago aditzeko aukera izan da, eta hiruzpalau erdara ere bai tartean, bost laguni ingelesezko argibide mordo bat ematen ari zitzaien gizon baten hizketa kasurako. Eta hori bakarrik ez, belarriak zorroztuz gero, oro urre ez dela iradoki duen ahotsik aditu ahal izan da zurrumurru artean. «Nik, aizu, beldur hori badut. Hona gatoz, ados, baina ez al gara hau parke tematiko bihurtzen ari?». Ondokoak ez dio hitzez erantzun, baina bekainak goratu ditu, esanez bezala: «Akaso bai, baina guztia bezala, ezta?». 

Pabiloietatik kanpo

Nolanahi, gauzak non eta batez ere nola ikusi, horrek berebiziko garrantzia duela utzi dute agerian joaldunen ibilbidea ikustera Iturenera azaldutako bost neskatok: Laiak, Enarak, Maianek, Lumak eta Izarok. Amekin joan dira, ilusioz, joaldunak «beren etxean» ikustera. Izan ere, kontatu dutenez, azken hilabeteotan hainbat tokitan ikusi dituzte joareak astintzen, hala nola Olentzeroren kalejiran, Errege Magoei bidea irekitzen, eta Zetak taldeak emandako kontzertuetan. Haien arabera, aukera horiek ere ederrak izan dira, baina, tradizioaz ikasteko, ez dago sorterrira bertaratzea bezalakorik. 

Zubietako joaldunak, segizioa hasi baino lehenago prestatzen. A. KARASATORRE / FOKU

Prestaketak luze joan dira, eta, azkenerako, euri langarra indartsuen izan denean, 14:00ak paseak zirenean ailegatu dira zubietarrak Aurtitzera. Herrian sartu-atera bat egin, eta Iturengo Zubiburu zubirako norabidea hartu dute bateko eta besteko joaldunek, eta Latsaga inguruan egin dute bat falta zirenekin: Iturengoekin. Guztiek elkarrekin, hots bakarrez eta abiada bizi-lasterrean egin dute aurrera bidean, harik eta Iturengo plazara ailegatu diren arte. Errituaren klimaxa heldu da orduan. 

Iturengo plazak zernahi kabiarazteko moduko tokia ematen baitu orduantxe. Joaldunak ez baitira bakarrik ailegatzen. Usadio denez, joaldunen atzetik heldu dira zomorroak, eta baita bestela mozorrotutako hamarnaka lagun ere. Eta hainbat karroza, eta herritar olde handi bat, segizioa ixteko. 

Karrozetako bat, Iturengo plazan. A. KARASATORRE / FOKU

Mandarina sasoia? 

Tradizioaz gainera, zirikatu nahia, josteta eta parodia izaten dira nagusi herriko gazteek inauteri sasoirako prestatzen dituzte mozorro eta karrozetan. Aurten, adibidez, misil itxurako tramankulu erraldoi bat sartu dute plazan. Iturengo baselizan inspiratutako karroza bat ere atera dute jendaurrera mojaz eta apaizez mozorrotutako hainbat lagunek, eta futbol amerikarreko bi gizon talde ere azaldu dira halako batean, goitik behera lohituta. Gainera, jendeari mandarinak eskaintzen aritu dira bi lagun. Eskaintza onartu, eta bat edo beste erori da tranpan: mandarina ustelak ziren, barrenean lohia ere bazutenak. «Edo kaka da? Kaka usaina!», egin du txilio gizon batek. Sorpresa. 

Kontuak kontu, ez txantxek, ez tranpek, ez joaldunek, ez dute ibilbidea bukatu. Bihar, iturendarrek eta aurtiztarrek zubietarrei itzuliko diete bisita.