Auzitegi Gorenak atzera bota du Voxek Txibiteren aurka aurkeztutako kereila bat

Auzitegi Gorenak atzera bota du Voxek Txibiteren aurka aurkeztutako kereila bat

Vox eskuin muturreko alderdiak arkari politikoen aurka erabiltzen ditu auzitegiak. Kereila bat jarri dute Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariaren aurka, baina Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du oraingoan. 

Gorenak prentsa oharrean jakinarazi duenez, eskuin muturreko alderdiak hainbat delitu egitea leporatzen zion Txibiteri. Servinabar eta Acciona enpresek lortutako kontratu publikoak erabili dituzte oinarri gisa kereila aurkezteko. Gobernuburu denez, foruduna da Maria Txibite, eta haren aurkako edozein salaketa Gorenak aztertu beharra du.

Gorenaren arabera, Voxen kereilak ez du funts sendorik, «susmo orokor batean» oinarrituta baitago. «Ez du zehaztasunik, ezta nahikoa euskarririk ere». Leopoldo Puente Auzitegi Goreneko magistratua ikertzen ari den auzian, Servinabarreko buru Antxon Alonso eta Santos Cerdan buruzagi sozialista ohia daude ikertuen artean. Txibite biekin bildu izan dela argudiatu du Voxek kereila aurkezteko.

Gorenaren ustez, biekin harremana izatea ez da nahikoa inor auzipetzeko. «Horrek ez du esan nahi adjudikazio irregularretan parte hartu duenik bere mesederako».