San Kristobal gotorlekua memoria demokratikorako leku izendatu dute

San Kristobal gotorlekua memoria demokratikorako leku izendatu dute

Hitzarmen bat sinatu dute gaur Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Angel Victor Torres Espainiako Memoria Demokratiko eta Lurralde Politikako ministroak. Hala ebatzi dute: hemendik aitzinera San Kristobal gotorlekua memoria demokratikorako leku izanen da. Ezkaba mendiaren gainean dago, eta Alfontso XII.a da haren benetako izena. Izena ez ezik, erabilera ere bertzelakoa du egun, Francok, Molak eta Sanjurjok diseinatutako estatu kolpearen aitzinetik kartzela bat baitzen San Kristobal gotorlekua. Garai hartan espetxe erraldoi bat bilakatua zuten Iruñea, eta makina bat abertzale, sozialista, komunista, anarkista eta errepublikazale espetxeratu zituzten inguruko kartzeletan, Ezkabakoan nola. 

Txibitek eta Torresek hitzartutako akordioak protokolo bat du oinarri, zeinetan zin egiten den gotorlekuaren inguruan Nafarroako Gobernua egiten ari den jarduera hezitzaileak bultzatzeko aukera emanen duela hitzarmenak. Eta konpromiso batzuk zehaztu dituzte: Nafarroako Memoriaren Institutuak diseinatutako proiektu memorialista bultzatzea, Gotorlekuaren Interpretazio Historikorako Zentroa abian jartzea, eta bisita publikoen araubide bat ezartzea, erraterako. 

Ez da kontu berria bisitena. 2018an, kasurako, San Kristobal gotorlekutik Urepelera (Nafarroa Beherea) doan bidea zabaldu zuen Nafarroako Gobernuak, 1938an gotorlekutik ihes egindako presoen memoria gordetzeko helburuarekin. Ezkaba 1938-2018 erakusketa ere abiatu zuten geroago, eta hamaika herri eta ikastetxetara eraman zuten. 

Foru legearen arabera, gainera, gotorlekua dagoeneko bazen oroimenerako leku, baina Txibitek zehaztu du lege horretan ez zela egoki esplikatzen zer-nolako irismena zuen San Kristobalek, eta, hortaz, gaurko akordioa «euskarri instituzional handiagoko adierazpen bat egin ahal izatea» ekar lezakeelako egin dutela. Eta ez hori bakarrik, olatu negazionistari ere egin dio keinua: «Negazionismoa aurrera doan eta autoritarismoari balioa ematen zaion egoera honetan, behar-beharrezkoa da gotorleku honen gisako tokiak berreskuratzea. Konpromiso gizatiar eta historiko batez ari naiz, baina batez ere konpromiso demokratikoaz». 

Gaur adostutako planaren arabera, lau urte iraunen du proiektuak, baina luzatuko dela aurreikusi dute. Hitzarmen berria, baina, etorriko bada, aitzinerago etorriko da, Torresek berak erran duenez. 

Sentimendu gazi-gozoak

«Honek guztiak esanahi berezia du Nafarroarentzat», esplikatu du Txibitek. Kontatu duenez, aspalditik ari ziren memoria demokratikoaren alde elkarrekin zerbait egin nahian, eta poztu egiten du «publikoki formalizatu» ahal izateak. Sinistuta dago proiektu gehiago ere eginen dituztela etorkizunean, eta akordio gehiago ere eginen dituztela, betiere «konpromiso politikoa oinarritzat hartuta». 

Antzerako jarrera erakutsi du Torresek: «Gaur egun handia da Nafarroarentzat». Baina ez herrialdearentzat bakarrik: «Baita historiarenzat eta memoriarentzat ere». Haren aburuz, «ezinbestekoa» da gazteek jakitea zer izan zen San Kristobal eta zergatik izan zen hain berezia lurraldean. Kontent agertu izanagatik ere, gazi-gozo solastatu da jendaurrean, eta kontatu du sentimenduak «nahastu» egiten zaizkiola halako ekitaldietan. «Diktadura frankistaren eta Espainiako gerraren errepresioaren biktimen senideei aitortza eta ordaina emateko eguna da gaurkoa, eta atsekabe sentimendua datorkit. Baina baita nolabaiteko poza ere, sufritu zutena aitortu zaielako erreparazio ekintza baten bidez». 

Horrenbertzez, eta oroimen demokratikoaren alde hartutako konpromisoagatik, eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari, eta Txibiteri adierazi dio demokrazia defendatzen jarraitu behar dutela. Demokraziak norberari nahi duena errateko aukera ematen dio, Torresen irudiko, «hiltzeko beldurrik izan gabe». Baiezkoan da Txibite, eta elkarbizitzaren, memoriaren eta demokraziaren aldeko lanean jarraitzeko promesa egin dio Torresi.