Nafarroako Ahal Dugu-k hurrengo egunetan eztabaida prozesua hasiko du. Datorren urteko foru hauteskundeetan bateratuta aurkeztea aztertuko du militanteekin, Nafarroako hainbat udalerritan. Alderdiaren arabera, eztabaida irekia izango da eta militanteei zein boto-emaileei bertan parte hartzera dei egin die. Zehazki galdera hau zuzenduko die: «Zer bide hartu nahi dugu hurrengo udal eta foru hauteskundeetan?»
Lehen bilera bihar egingo dute Tafallako kultur etxean, 18:00etan. Bateratzeak eztabaida irekian lelopean, hauteskundeei begira jarriko dira alderdiko kideak eta «proiektu politikoa, bozetako estrategia eta balizko aliantzak» izango dituzte hizpide.
Roldanen kritika
Neniques Roldan koordinatzailearen arabera, «militanteek izango dute ahotsa, ez aurrekoan bezala». Aurreko legealdian, Zurekin Nafarroa koalizioarekin aurkeztu zen alderdia, eta aliantza akordio horri buruz aurreko zuzendaritzak militanteei ez kontsultatu izana kritikatu du Roldanek, eta gogora ekarri du oraingo zuzendaritzak konpromiso hori hartu zuela.
Alderdiaren arabera, koalizioaren edukiari erreparatu nahi diote. «Bateratuta joatea ez da soilik siglak elkartzea, baizik eta ikustea zer proiektu defenditzen dugun eta gure ahotsa erakundeetan entzutea». Bere ustez, koalizioa osatzen duten alderdiak ezin dira ikusezin bihurtu: «Ezkerreko indarren arteko lankidetza elkarrekiko begirunez egin behar da eta bertako kideen printzipioak aitortuz».
Roldanek aurreratu du eztabaida prozesu horretan «gogoeta partekatu» nahi dutela, aldez aurretik erabakirik hartu gabe: «Bertan militanteek bere iritzia plazaratu dezakete eta ekarpena egin, guztion artean alderdiaren ildoa zehazteko». Tafallakoaz gain, antzeko bilkurak egingo dituzte beste herri batzuetan, baina ez dute oraingoz zehaztu non.
