Nafarroako ekonomia %2,3 handitu zen iaz, espero baino hobeto

Nafarroako ekonomia %2,3 handitu zen iaz, espero baino hobeto

Bere aurreikuspen ekonomikoak hamarren bat hobetu ditu Nafarroako Gobernuak. Nastat estatistika erakundeak gaur iragarri du iaz jarduera ekonomikoa %2,3 handitu zela, gobernuak espero zuena baino gehiago. «Nazioarteko testuinguru konplexu eta ziurgabean, Nafarroako ekonomiko sendo eta erresiliente dagoela erakusten du», azpimarratu du Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak. Aurreko astean Eustatek aurreratu zuen EAEko ekonomia %2,3 handitu zela, eta horrek esan nahiko luke Hegoaldeak hazkunde tasa hori izan zuela 2025ean.

[articles:2153344]

Goizean aurkeztutako emaitzak lehen aurrerapena baino ez dira, eta martxoaren 26an emango ditu behin betiko datu ofizialak Nastatek. Dena den, koadro makroekonomikoak agerian uzten du hiruhilekoz hiruhileko abiada iraunkorra izan zuela iaz barne produktu gordinak (BPG). Hau da, urritik abendura bitartean %0,5 azkartu zen jarduera, aurreko hiruhilekoetan bezala. Urtearteko hazkunde tasa, berriz, %2,1ekoa izan zen, 2024ko azken hiruhilekoarekin alderatuta.

Beraz, urte osoko dinamika errepikatu du ekonomiak, nahiz eta amaierako azken txanpan bultzada handiago bat izan. Horri esker hobetu ditu aurreikuspenak. Hala, barne kontsumoak eta zerbitzuen sektoreak eutsi diote neurri handi batean hazkundeari, eta eraikuntzak «tonu onari» eutsi dio, Arastiren hitzetan. Aldiz, industriak nazioarteko merkataritza gatazkaren eta tentsio geopolitikoen eragina nabaritu du ezinbestean. «Ekipo ondasunen inbertsioa ahuldu egin da industriak duen testuinguru zail horren eraginez».

Nafarroaren kasuan, industriako fabrika handienaren egoerak ere galgatu du jarduera. Volkswagenen fabrika auto elektrikoaren produkziora egokitzeko lanetan murgilduta dago, eta, horren ondorioz hala ibilgailuen produkzioa zein esportazioak nabarmen jaitsi dira; zehazki %18 —225.225 auto ekoitzi zituen iaz—. Horrek autogintzari eragin dio, baina gainera, Europako industriaren motelaldiak eta nazioarteko eskaria ahulak sektore osoari eragin diote.

Industria produkzioa, behera

Urtarriletik azarora bitartean, industria produkzioa %1,9 beheratu zen, 2024ko epe bereko datuekin alderatuta. Azpi sektoreen artean, beherakada batik bat metalgintzak (-%3,9) eta autogintzak (-%10,3) nabaritu zuten. Aldiz, beste alor batzuk dinamismoz jardun zuten: hala nola, elikagaien industriak (+%2.1), papergintza-zurgintzak (+%3,5) eta energiak (+%11,9). Dena den, azarora arteko datuak aintzat harturik, atzerrian %5,3 gutxiago saldu zuten enpresek.  

Jose Luis Arasti, Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur, Nafarroako Gobernuaren prentsa aretoan. IÑAKI PORTO / EFE

Lan merkatua «sendo» ikusten du Arastik. Aurreko urtean baino 5.000 langile gehiagok eman zuten izena Gizarte Segurantzan; hortaz, «beste marka historiko bat» lortu du okupazioak, 317.337 afiliatu baitzeuden erregistratuta abenduan. Dena den, «alerta seinale batzuk» atzeman ditu gobernuak. INE estatitistika erakundearen Biztanleria Aktiboaren Inkestak islatu du sortutako enpleguek «indarra galdu» dutela eta langabeziak gora egin duela. «Datu horiek zuhurtziaz interpretatu behar dira, eta behartzen gaituzte arreta jartzera ondorengo hilabeteetan aterako diren lan merkatuko adierazleetan», esan du Arastik, INErena inkesta bateko datuak direla azpimarratu nahirik.

Hasi berri den urteari begira, ekonomia %1,8 haziko dela aurreikusten du Nafarroako Gobernuak.%1,6 eta %2,1 arteko tartean mugitzen dira finantza erakundeen aurreikuspenak, eta gobernuarena hortaz erdian kokatzen da. Arastiren arabera, barne kontsumoa indartsu jarraitzen duen artean, oinarri egonkorra du ekonomikoak. Dena den, arriskuez ohartarazi du: «Industriaren suspertze motelak eta nazioarteko merkataritza arloko tentsioek ekonomia baldintzatzen jarraituok dute». 

Industria funtsa

Iazko otsailean partaidetza publiko pribatuko funts baten berri eman zuen Nafarroako Gobernuak. Arastik aurreratu du «aurki» jakinaraziko dutela zenbat diru bildu duten eta zer enpresek parte hartuko duten bertan.

Gainera, 2025-2029 eperako ekarpenaren negoziazioak ez dira hasi ere egin. Arastiren arabera, «elkarrizketak» dituzte Madrilekin, baina negoziazioei ekiteko 2025eko estatuko aurrekontu kontsolidatuak izatea funtsezkoa da. Horri gehituz gero uneotan Espainiako Gobernuaren egoera politikoa hauskorra dela, Arasti ez da ausartu esatera noiz hasiko diren negoziazioak ofizialki.