Nafarroako Volkswagenek ohartarazi du 93 langile kaleratu ditzakeela

Nafarroako Volkswagenek ohartarazi du 93 langile kaleratu ditzakeela

Abendu amaieran kolpea jaso zuen Volkswagenek. Urrian egindako bisita baten ondoren, Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen behin-behineko 93 langileri kontratu finkoa egin behar diela hamar egunen buruan. Hilabete iragan da geroztik eta zigor espediente bat jaso badezake ere, gaur VWek ohartarazi dio langileen batzordeari «kaleratzeko espediente bat» aurkeztera behartuta egongo dela. Enpresak arrazoitu du ikuskaritzaren erabakiak langile finko kopuruan «desoreka» eragingo duela, «egungo beharrak gaindituz». 

Ikusteko dago mehatxu hori gauzatuko duen, baina aurreko asteetan jada hartu ditu erabaki esanguratsuak. VWen lehen erantzuna izan da errelebo kontratuak geraraztea. Gainera, aurten merkaturako diren auto elektrikoei erantzuteko kontratazioa handitzeko asmoa zuen, eta horren inguruko baldintzen negoziazioa ere geldirik dago. 

Egoera hori aztertzeko zuzendaritzak jarraipen batzordea zuen sindikatuekin. Gaur goizeko bileran, UGTk onartu du «egoera bereziki txundigarria» dela, baina «erantzukizunez eta konpromisoz» jokatuko dutela. Aldiz, LABek zuzendaritzari gogorarazi dio «kontratazio arloko legedia» betetzera behartuta dagoela. Iragan astean, ELAk, LABek eta CGTk ohar batean VWen «jarrera mafiosoa» salatu zuten.

Salaketa eta ebazpena

LABek lan ikuskaritzan egindako salaketa batek eragin du auzia —ELAk ere 2024ean hainbat salaketa aurkeztu zituen—. 15/2022 berdintasunerako eta diskriminazio ezarako legearen arabera, ezin dira baztertu gaixo agiria duten langileak, eta lanean baleude bezala ordaindu behar diela dio. Hala, sindikatu abertzaleek eta CGTk salatu zuten VWek behin-behineko kontratuak «lan baldintzen ondoriozko egiturazko abstentismoa» ordezkatzeko erabiltzen zituela. Horri esker kontratu bakoitzeko soldatetan 600 euro inguru aurrezten zituen, gainsariak aintzat hartu barik.

Sindikatuek gaineratu zuten egoera hori posible zela zuzendaritzak UGTrekin eta CCOOrekin hitzartutako enplegu akordioari esker: «Langile batzorde osoari kontratazio arloko azalpenak ematea saihesten dute haren bidez, eta uste dute administrazioaren aurrean berdin joka zezaketela». Alta, administrazioaren galbahea ez du gainditu, nahiz eta lan ikuskaritzak hainbat aldiz erreklamatu behar izan zizkion kontratuen kopiak.

Azkenik, ikuskaritzak honakoa ebatzi zuen: 239 kontratuk gaur egungo legedia urratzen zuten, eta 151 kontratatazio justifikatu gabe leudeke. Horietako batzuk jada ez daude lanean fabrikan, baina uneotan 93 langileri eragingo lieke.

5.800 auto gehiago

Horrez gain, gaurko bileran baieztatu du aurten planifikatutakoa baino 5.800 auto gehiago egingo direla. Urte osorako egutegia lotu gabe dago, %60 baizik ez du hitzartu, eta produkzioaren igoerak aldaketak eragingo ditu. Alta, lan hitzarmenean jasotako epeak bete gabe gera daitezkeenez UGTk «konpentsazioak» eskatu ditu eta zuzendaritzak ontzat jo du. «Hurrengo bileran zehaztuko dugu hori», esan du UGTk. LABek, aldiz, lan hitzarmena bete dadila exijitu du.

Errelebo kontratuari dagokionez, VWek onartu du «lanpostu finkoen osaerari» eragiten diola eta «lan ikuskaritzaren eskaerari lotuta» dagoela.