Toki entitateen interesak defendatzea. Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko arduradunek asmo hori hartu dute ardatz 2026rako, Xabier Alkuaz federazioko presidenteak nabarmendu duenez. Hedabideen aurrean agertu da urtarrilaren 21ean, Iruñean, datozen hilabeteetan landu eta lehenetsi nahi dituzten ildoen berri emateko. Alkuaz udalgintza babesteko beharraz, ondareaz, etxebizitzaz, berdintasunaz eta herrien husteaz aritu da.
Alkuaz 2023ko urriaren 6ko batzarrean izendatu zuten Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko presidente, PSNren botoei esker; UPNko Alejandro Toquero izendatu zuten lehen lehendakariorde, eta haren alderdikide Maria Lekunberri bigarren lehendakariorde. Toquerok, hain zuzen, Alkuazen hautagaitza kritikatu zuen batzar hartan, eta egoerak ez du hobera egin geroztik: abenduan, UPNko alkateak dituzten herriak «bigarren mailakotzat» hartzea egotzi zion Toquerok Alkuazi.
Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko presidenteak udalgintza babestu eta «polarizazioa baztertu» behar dela erranez erantzun dio Toquerori. Federazioak herrialdeko toki entitate guztiak batzen dituela berretsi du urtarrilaren 21eko agerraldian, eta erantsi «lanean» segituko duela 2023. urteko akordioaren bidez lortutako gehiengoa handitzeko.
«Lan gogorra da», aitortu du Alkuazek federazioan eman duen denbora hizpide hartuta, baina zehaztu du balantzea ona dela. «Federazioa askotarikoa da, gizartea bezala. Erabakiak askoren artean hartu behar dira, eta askoren artean aurrera eraman».
1
Udalgintza babestu
«Nafarroan gehiengo aurrerakoiak eta ezkertiarrak sendotzeko beste urrats bat da hau». Horixe erran zuen Alkuazek 2023an, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakari izendatu zutenean, eta, 2026rako asmoez aritu denean ere, ideia horri eutsi nahi izan dio. Onartu du, halere, azken boladan ez dela giro politikaren esparruan: «Etengabeko zarata eta polarizazioa dira nagusi; jendeak ustelkeriaz eta konfiantzarik ezaz hitz egiten du. Federazioko kideok, baina, garbi erran nahi dugu udalgintza bertze gauza bat dela, eta herrialdeko hautetsi gehienek gogor egiten dutela lan beren bizilagunen egunerokoa hobetzeko asmoz».
Federazioak, hain zuzen, «duen balioa» eman nahi dio udalgintzan ari direnen lanari. «Udalgintzaren alde egin nahi dugu 2026an, eta ongi ari direnen jardueraren berri eman. Toki entitateen interesak defendatuko ditugu», zehaztu du Alkuazek. Nola eginen duten ere azaldu du: «Arlo juridikoan babesa emanez, formakuntzarako bideak bultzatuz, eta babes instituzionala eskainiz. Toki entitateak dira lurralde kohesiorako giltza».
2
Ondarea ikertu
Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako Gobernuak akordio bat sinatu zuten iaz, Elizak Nafarroan immatrikulatutako ondasunak ikertu ahal izateko. Hitzarmen horri esker, hain zuzen, federazioak 26 udalerritako 174 ondasun ikertu ditu, eta, horietatik 79 kasutan, erreklamatzeko frogak eta zantzuak topatu. Gobernuak eta toki entitateek akordioa berrituko dute, eta 2026an modua izanen dute ikertzen jarraitzeko. «152 entitatek bat egin dute akordioarekin. Helburua da entitate horietako guztietako ondasunak ikertzea, eta entitateok bidean laguntzea baldin eta galdutako ondasun publiko horiek berreskuratzeko prozesua hasten badute», azaldu du Alkuazek. Federazioak laguntza teknikoa, juridikoa eta historikoa eskaintzen die udalei, berme handiagoz aurre egin ahal izateko ondasunak berreskuratzeko prozesuei.
Elizak bere izenean jarritako eraikinen auziak ertz anitz ditu, eta immatrikulazioak auzitara eramateko bidea hagitz malkartsua da gehienetan. Hori dela eta, udalen eta kontzejuen federazioak «kontu handiz» egin nahi du aurrera. Orain ikerketa lehenetsi nahi dute, eta ikerketa amaitu eta gero egin beharreko urratsak «ongi zehaztu». Izan ere, udal batek auzitara jo baina galduz gero, baliteke aurrekari bat ezartzea bide bera egin nahi duten bertze toki entitateentzat; ondorioz, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko arduradunen asmoa da ongi prestatzea epaileen aurrera eraman beharreko auziak. Zehazteko dute salaketa bakar bat eginen ote duten federazioaren edo Nafarroako Gobernuaren izenean.
Elizaren immatrikulazioen aurkako protesta bat, 2024ko abenduan, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Federazioan etengabe ari dira akordioarekin bat egin nahi duten toki entitateen zerrenda berritzen, Alkuazek aipatu duenez. Pozgarritzat jo du hori, eta oraindik hitzarmenera batu ez diren udalak deitu ditu bat egitera, Elizak immatrikulatutako ondare publikoari buruz ikertzen jarraitu ahal izateko. Federazioak eta gobernuak iaz sinatu zuten lehen akordioa, eta, geroztik, Elizak ez du federazioko arduradunekin hitz egiteko urratsik egin, presidenteak zehaztu duenez. Alkuazek erantsi du federazioko kideek ere ez dutela deitu Artzapezpikutzara.
3
Etxebizitza, erronka nagusi
«Erronka nagusietako bat da, gure lehentasunetako bat». Horixe erran du Xabier Alkuazek etxebizitzaren auziari buruz. Herritarren artean ere etxebizitzaren ingurukoa da kezka nagusietako bat, eta, ondorioz, «erakunde publikoek arlo horretan lan egin» behar dutela erran du udalen eta kontzejuen federazioko buruak. Erantsi du «konponbide magikorik ez» dagoela etxebizitzaren esparruan, baina egoerari aurre egiteko balio dezakeen neurri oro dela garrantzitsua.
Etxebizitzaren esparruan, hain justu, araudiak berritu eta egokitu dira azken urteotan, eta aldaketa horiek toki entitateen eskumenak ukitu dituzte, Xabier Alkuazek azaldu duenez. Nafarroako Gobernuak tentsio handiko eremuak izendatu ditu, bertzeak bertze, eta etxebizitza hutsen ingurukoak arautu. Alkuazek uste du toki entitate txiki anitzentzat «zaila» dela araudietara egokitzeko egin beharrekoak egitea, ez baitute horretarako formakuntzarik. Hori dela eta, federazioak formakuntzaren arloa sustatu nahi du, eta toki entitateen esku jarri araudiak betetzeko baliabideak.
«Etxebizitza da erronka nagusietako bat, gure lehentasunetako bat»
XABIER ALKUAZ Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko lehendakaria
Etxe hutsen inguruko zergak kobratzeko ordenantzen auzia aipatu du Alkuazek. Nafarroako Gobernuaren asmoa da etxebizitza hutsak salgai edo alokairuan jartzeko neurriak bultzatzea, eta zergak dira horretarako bideetako bat. Gobernuaren lana da etxebizitza hutsen zerrenda osatzea, eta zerrenda horren berri ematea udalei, toki entitateok hutsik diren etxebizitzen gaineko zerga ezar dezaten. Ordenantza bat egin behar dute horretarako, eta, lan hori errazteko, Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak ordenantza orokor bat prestatuko du, udalek oinarri gisa erabiltzeko modukoa. «Oinarri sendo bat eman nahi diegu udalei», zehaztu du Alkuazek.
Federazioko presidenteak erantsi du garrantzitsua dela jakitea etxebizitzaren egoera zer-nolakoa den herriz herri, eta ikerketak bultzatu gogo dituzte horri bide emateko. Gainera, herrietako etxebizitza hutsak beharra duten herritarren esku jartzeko neurriak sustatuko dituzte.
4
Berdintasunaren aldeko sarea
Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioak bertze bultzada bat eman nahi dio iaz hasitako bertze egitasmo bati: berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren kontrako toki entitateen sareari, alegia. Alkuazek garbi erran du federazioaren asmoa ez dela sarea «zerrenda huts bat» izatea, eta egitura sendo bat eman nahi diotela proiektuari: «Helburua da sarea baliabideak dituen gune bat izatea, formakuntza bultzatzeko, batzuen eta besteen esperientziaren berri jakiteko, eta toki entitateek berdintasunaren alde duten konpromisoa ikusarazteko», azpimarratu du Alkuazek.
Hori lortzeko, federazioko arduradunak Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin eta herrialdeko hainbat berdintasun teknikarirekin elkarlanean ariko dira, berdintasunaren aldeko toki entitateen sareak egitura bat, araudi bat eta jarduera plan bat izan ditzan.
5
Neurriak bide orri
Despopulatzea da Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioaren egungo erronka nagusietako beste bat. Nafarroako Kontuen Ganberak txosten bat argitaratu zuen 2024ko maiatzean, eta, haren arabera, herrialdeko 166 udalerri daude husteko arriskuan, hau da, Nafarroako udalerrien %61. Pirinioetan, Pirinioaurreko eskualdeetan, Lizarrerrian eta Zangoza inguruko eskualdean daude gehienak.
Federazioak herrien husteari aurre egiteko prozesu parte hartzaile bat abiatu zuen iaz; 113 toki entitatetako 162 hautetsik parte hartu zuten, eta, denen artean, despopulatzearen aurkako 74 neurri adostu zituzten. «Udalerrien egunerokoa kudeatzen dutenek prestatutako neurriak dira; ez dira bulego batean edo aholkularitza zerbitzu batean sortuak. Nafarroako Gobernuari argi esan diogu neurri horiek izan behar dutela administrazioaren bide orria, gobernua despopulatzearen aurka prestatzen ari den legea garatzeko», erran du Alkuazek.
Iaz, federazioko arduradunek Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Parlamentuaren esku utzi zuten 74 neurri horiek jasotzen dituen txostena; gainera, Nafarroako Parlamentuko lan saio batean aritu ziren neurrien horien ingurukoak azaltzen. «Adi egonen gara; herrien husteari buruzko legeak asmo handikoa izan beharko luke, eta transbertsala. Beharrezkoa da neurri zehatzak hartzea, legea baliabidez hornitzea, eta tokiko entitateen errealitatera egokitzea», erantsi du Alkuazek.
Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko kideen batzarra, urtarrilaren hasieran, Iruñeko egoitzan. NUKF
Herrien hustea eragin dezaketen faktoreak askotarikoak dira, eta federazioko prozesuan parte hartu duten hautetsiek proposatutako neurriak ere bai; komunikazioaren, enpleguaren, zerbitzuen eta etxebizitzaren inguruko proposamenak egin dituzte, bertzeak bertze. Nafarroako Gobernuari eta Nafarroako Parlamentuari eskatu diete eman diezaiotela duen balioa landa eremuari, eta beharrezkotzat jo dute erakundeon jarduera eta garatutako araudiak landa eremuko errealitatera egokitzea.
Xabier Alkuazek garbi erran du hedabideen aurrean: «Toki entitateak kudeatzeko lana ez da batere erraza». Ez dira gutxi datozen hilabeteetarako dituzten erronkak. Arazo berei aurre egiteko «elkarlanean» aritu beharra dagoela berretsi du Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioko presidenteak, eta hori dela erakunde horren funtsa. Indarrak batzea eta elkarri babesa ematea, alegia. Etxebizitzaren, berdintasunaren, udalgintzaren, ondarearen defentsaren eta despopulatzearen esparruetan badute zer egin.
