Aurreko astean, Nafarroako Volkswagenek ohartarazi zuen 93 langile kaleratzeko erregulazio espedientea aurkeztuko duela beharbada. ELA, LAB eta CGT sindikatuek salatu dute multinazionalak ezin duela mehatxu hori justifikatu, eta «langileak beldurtu» nahi izatea aurpegiratu diote. Sindikatuen ustez, VWen jokabidea «onartezina» da.
Gaur eguerdian prentsaurrekoa egin dute Landabengo lantokiaren sarreran. Urriaren amaieran lan ikuskaritza fabrikan izan zen. Abenduan ondorioztatu zuen, besteak beste, 151 langileren behin-behineko kontratuak justifikatu gabe daudela, eta 93 langileri kontratu finkoa egitera behartu zuen enpresa. Bete da hori egiteko ikuskaritzak ezarritako epea, baina oraingoz VWek eten egin ditu errelebo kontratuak, eta iragan astean langileen batzordeari ohartarazi zion litekeena zela ikuskaritzaren eskaerak «desoreka» eragitea.
Hori dela eta, ELAk, LABek eta CGTk azaldu dute urtarrilaren 20an bertan premiazko bilera bat eskatu ziola zuzendaritzari egoera aztertzeko. Era berean, fabrikan batzarretara deitu behar zela esan zioten langile batzordeari, beharginek egoeraren berri izan zezaten eta «enpresak gogoeta egin eta atzera egin zezan».
Sindikatuek azaldu dute Alfredo Morales batzordeko buruak uko egin ziola eskaerari. «Plantillaren ordezkaritza gune gorena blokeatuta eta baliogabetuta geratu da». UGTri eta CCOOri jarrera inkoherentea izatea aurpegiratu diote, multinazionalaren alde jarri direlako baina gero kontratazioak eskatu dituztelako.
VWen jokabidea
Era berean, VWek mehatxuen bidez langileen artean ikara sortu nahi duela salatu dute. Sindikatu horien arabera, kontratazio legea betearazteko lan ikuskaritzak egindako eskaera «multinazionalaren enpresa politikaren aurkakoa» da. Gaineratu dutenez, VW «ohituta» dago lege eta araudiak urratzera, «zigorrik jaso gabe».
Hala, haien ustez, 93 langile kaleratzeko mehatxua beteko balute, ezingo luketela plantillako soberakinik justifikatu. «Immorala litzateke gobernu batek horrelako planteamendua onartzea, batez ere, enpleguei eusteko aldi baterako espedienteen bidez jasotzen dituen dozenaka milioi euroen ondoren».
Salatu dutenez, gaur egungo lan hitzarmenean jasoa dago eraldaketa proiektuei lotutako kaleratzeak egitea. Gainera, sindikatuek uste dute VWek egoera baliatu nahi duela hurrengo lan hitzarmenaren aurreakordioa adosteko UGT eta CCOO sindikatuekin, «argi eta garbi beherantz».
