Belateko tunelaren adjudikazio prozesua oso korapilatsua izan zen 2023an. Sei hilabete iraun zituen, kontratazio mahaiko kideen artean eztabaida handiak izan ziren, eta azkenean pilota Pedro Lopez Bera orduko Nafarroako Gobernuko Herri Lanen zuzendari nagusiaren gain geratu zen. Hark aurrera jotzea erabaki zuen, eta kontratu publikoa sinatu zuen Acciona, Oses eta Servinabarrek osatutako enpresa elkarte irabazlearen alde. Gaur Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean, zuzendari izandakoak baieztatu du ez dela horregatik damutzen.
Zurekin Nafarroako Miguel Garridok gogora ekarri dio oso ezohikoa dela kontratazio mahai batean boto partikularrak izatea —zehazki hiru, prozesuaren aurka—, eta, ondorioz, galdetu dio zergatik ez zuen auzia egoera horiek aztertzen dituen kontratazio batzordearen esku utzi. «Okerrago izango zen», erantzun du Lopez Berak: «Beste modu horretan egin izan bagenu, askoz gehiago luzatuko zen, eskandalua are handiagoa izango zen eta azkenean baliogabetuta geratuko zen adjudikazioa. Ez zen aurrera aterako», arrazoitu du.
Nahiz eta eskuineko oposizioak ustelkeriaren susmoa Belateko tunelaren obrara zabaldu nahi duen, Lopez Bera «konbentzituta» dago prozesu garbia izan zela. Sinetsita dago bertan parte hartu zuten pertsona guztiek profesionaltasunez jardun zutela, «gauzak ahalik eta hobekien egiteko asmoz». Kontratazio mahaiko kide gehienak bere ardurapean zeuden, baina ez du haiengan mesfidantzarik. «Bestela ez leudeke nire taldean». Hala, euren artean izandako desadostasun handiak irizpide teknikoen ondorioz izan zirela uste du. «Oso deseroso nago txutxumutxuez eta kontu pertsonalez hitz egitean», esan du. Alta, Garridok galdetu dio ea mahaia osatu aurretik euren arteko tentsioak gauzak erraztu ote zituen: «Baliteke ezetz», ihardetsi dio.
Gainkostuen harira
Lopez Bera zurrunbilo politikoaren erdian egon da. Iazko azaro amaieran, Nafarroako Gobernuko Kontu Hartzaile nagusiaren txosten batek ondorioztatu zuen Belateko tuneletan izandako zortzi milioi euroko gainkostuetatik 6,2 milioi justifikatu gabe daudela. EH Bilduk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak erantzukizun politikoak eskatu zituzten, eta abenduan Maria Txibite lehendakariak Pedro Lopez kargugabetu zuen. Gaur onartu du ez diotela erabakiaren inguruko azalpenik eman.
Kontu Hartzaile Nagusiak txosten horretan azaldu zuen enpresa elkarteak proposatutako hiru aldaketa ez zirela ustekabeen ondorio, «enpresaren komenientziaren araberakoak» baizik. «Ez nago inondik ere ados», erantzun du irmo Lopez Berak, horri buruz galdetuta.
Bere esanetan, 2024ko apirilean lanak hasi zirenetik haren nondik norakoak azaldu dizkiote kontu hartzaileari: «Edozein susmoren berri eman izan baligu edo bide onetik ez gindoazela esan, norabidez aldatu edo behar zen guztia egingo genuen», aipatu du, eta gaineratu: «Baina ez zigun ezer txarrik esan eta bat-batean, urte eta erdi geroago, halako txostena plazaratzen du».
«Ziurtatu dezaket Belateko obra zuzentzen duen taldearen eta enpresaren artean tentsioa maila gorenera heldu dela»
PEDRO LOPEZ BERA Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilari ohia
Lopez Berak ohartarazi du Belatekoa oso lan konplexua dela. 2018an, gobernuak azterketa geologiko bat egin zuen eta hark bildutako informazioaren inguruan egituratu zen lizitazioan definitutako proiektua. Lopez Beraren arabera, lau taldek «informazio berarekin irizpide tekniko desberdinak» eman zituzten, eta uste du horregatik behin lanak hasita enpresak proposatutako aldaketa nagusiak, tunelaren estalgarriari eta zulatze metodoari buruzkoak, ustekabeen ondorio direla.
Hori egin ezean, tunelaren segurtasuna kolokan egon ote daitekeen galdetuta, erantzun du «baietz». Bere esanetan, bertara joan besterik ez dago ikusteko ur asko dagoela eta horrek arroka hauskor bihurtzen duela. Obra zuzentzen duen taldearen irizpideak jarraitu dituztela onartu du. «Ziurtatu dezaket obra zuzentzen duen taldearen eta enpresaren artean tentsioa maila gorenera iritsi dela». Iragan ekainean Guardia Zibilak bere txostena kaleratu zenetik, «harremana aldatu» dela onartu du.
Garridok galdetu dio ea zer pentsatu zuen Guardia Zibilak Santos Cerdan Servinabar enpresarekin lotu zuenean. «´Falta zitzaiguna!’, pentsatu nuen». Aurrekontu aldaketa salaketa horrekin lotuko zela jabetu ziren berehala Lurralde Kohesioko Departamentuan, eta «eskandalizatuta» geratu zirela onartu du. Dena den, «ziur dago» Santos Cerdan PSOEko buruzagi ohiak ez zuela esku hartu herri lan horren adjudikazio publikoan, eta Jesus Polo kontratazio mahaiko presidentearengan konfiantza duela onartu du.
maria torresek hartuko du lopezen lekukoa
Pedro Lopez abenduan kargugabetu zuen Nafarroako Gobernuak, eta haren hutsunea bete gabe zegoen. Gaur jakinarazi dute Maria Torresek hartuko duela bere lekukoa. Lurralde Kohesioko kontseilari berria Bideko ingeniaria da eta 2023tik lanean da departamentu horretan, Proiektu eta Herri Lanen Zerbitzuan. Aurretik 23 urtez egin du lan eraikuntza sektorean, hala arlo pribatuan zein publikoan. Galiziarra da, eta 47 urte ditu.
Nafarroako Gobernuaren arabera, «Nafarroarentzat estrategikoak diren proiektuak zuzentzeko erantzukizuna hartu du».
