Bertze urrats bat: Iruñeko Udaleko osoko bilkurak aho batez onartu du hiriko udal plana aldatzea, Donapea auzo berria garatu, eta hiriburuko hegoaldean 5.000 etxebizitza eraiki ahal izateko. Soka luzeko proiektua da Donapeakoa, UPNk hasi baitzuen, duela hainbat urte; 2009an onartu zuten Donapeari buruzko udalerriz gaindiko eragina duen plana, baina epaileek bertan behera utzi zuten, bi aldiz: 2011n eta 2014an. Iruñeko Udaleko egungo gobernuak proiektua moldatu du; osoko bilkurak udal plana aldatzea onartu eta gero, Nafarroako Gobernuari dagokio aldaketa behin betiko onartzea.
Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzi Joxe Abaurreak nabarmendu du eraikiko dituzten 5.000 etxebizitzetatik erdiak babes ofizialekoak izanen direla. Proiektua «jasangarria» izanen dela erantsi du, eta hiriko eremu hori «irisgarriago eta atseginago» bilakatuko duela. Garbi erran du proiektuak «bide bat» egin behar duela oraindik. Lehenik eta behin, auzo berria garatzen hasteko plan partziala egin behar dute. Abaurreak erran du otsailaren 25en jarriko dutela martxan plan partziala osatzeko prozesua.
Osoko bilkurak aho batez onartu du Donapea auzo berriari bultzada emanen dion aldaketa egitea, baina eskuinak salatu du udal gobernua «hagitz mantso» ari dela lanean. Abaurreak UPNri oroitarazi dio epaileek bitan egin zutela erregionalistek prestatu zuten proiektuaren aurka, eta etxebizitzak «aberatsentzat» nahi izatea egotzi die.
