Urriaren 30ean ehunka lagun mobilizatu ziren Vito Quiles eskuin muturreko faxistaren aurka Iruñean, Nafarroako Unibertsitatean zein Iturrama auzoan. Gedar kazetaren arabera, gaur goizean bi lagun atxilotu dituzte egun hartan Quilesi aurre egiteagatik.
Ez dira auzi honetako atxilotu bakarrak: azaroaren 21ean ere beste lau lagun atxilotu zituzten arrazoi beragatik. Ordu hartan, goizean atxilotu, eta, epailearen aurrean deklaratu ostean, aske utzi zituzten arratsean. Era berean, istiluak izan zirenean ere, bi lagun atxilotu zituzten.
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta beste hainbat kolektibok atxiloketak gaitzetsi dituzte, eta «klase elkartasuna» adierazi. Gainera, jazarpenari aurre egiteko «antolatzeko» deia egin dute. Gedar kazetak salatu du «erantzun antifaxistan parte hartu zutenak jomugan» daudela.
Urriaren 30ean, Quilesek ekitaldi bat iragarri zuen Opuseko unibertsitateko Komunikazio fakultatearen aurrean. Iragarpen horrek berak unibertsitatearen ohiko jarduera hankaz gora jarri zuen, eskola guztiak bertan behera uztea erabaki baitzuen errektoreak. Erantzun antifaxistaren beldur, Quiles azkenean ez zen bertaratu, baina fakultatearen inguruak poliziaz beterik zeuden.
Ehunka lagun mobilizatu ziren ekintzaile faxistaren eta haren jarraitzaile urrien aurka. Unibertsitate barruan, poliziek hesi bat sortu zuten, eta ez zieten pasatzen utzi; baina guztia amaitutakoan, protestan segitu zuten Iturrama auzoan, eta bertan poliziak oldartu egin ziren protesta egin zutenen aurka. Egun hartan bi lagun atxilotu zituzten.
