Iazko abenduaren 30ean Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Enigma Green Power eta Savanna Power Solar enpresek Artaxoa eta Mendigorria udalerrietan hamar haize errotez osatutako parke eoliko bat egiteko asmoa zuela, eta jendaurrean jarri zituzten proiektuak, alegazioak aurkezteko. Bada, Gure Haizea elkarteak gaur Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan 800 alegazio baino gehiago aurkeztu ditu, nahiz eta onartu duten informazio gutxirekin eta presaka egin behar izan dutela.
Hasiera batean, iazko apirilean enpresek aurkeztu zuten proiektuarekin zortzi haize errota instalatzeko asmoa zuten, baina baldintzak betetzeko aldaketak egin behar zituztenez, beste bi errota sartu dituzte proiektu berrian, eta jendaurrean jarri zuten abenduaren amaieran. Gure Haizea elkartearen ustez, «erokeria ekologiko eta soziala» da proiektua, eta enpresei egotzi diete Nafarroako ondare naturala eta baliabideak ustiatzetik dirua atera nahi izatea.
Elkartearen ustez, halako instalazioak presaka tramitatzearen atzean gizartearen erantzuna murrizteko helburua dago, «energia garbien eta trantsizio energetikoaren kontzeptuekin babestuta». Nafarroan azken urteetan haize errotek paisaia bete dutela deitoratu dute, ingurune naturalak eta herriak «ito» dituztela argudiatuz: «Zentzurik gabeko basakeria hau gelditu behar dugu. Ez dugu utziko gure lurra sakrifizio gune bihurtzea, eta gure herriak ez dira izango espekulatzaileei ateak irekiko dizkienak. Ozen eta garbi diogu berriro: berriztagarriak bai, baina ez horrela!».
50 MW
Proiektuko haize errota bakoitzak 4,99 megawatteko potentzia izango du; hau da, zentral eolikoak 49,9 megawatteko potentzia izango du bere osotasunean. 50 MW-etik gorako zentral eolikoen tramitazioa Espainiako Gobernuaren esku dago, eta langa horretatik behera autonomia erkidegoen esku, horregatik enpresa askok doi-doi muga horren azpitik dauden proiektuen eskaerak egiten dituzte, tramitazioa Eusko Jaurlaritzaren edo Nafarroako Gobernuaren esku eror dadin.
Zortzi milioi euro inbertituko dituzte parkea egiteko. 105 metroko altuerako aerosorgailuak izango liratezke, 149 metroko diametrorekin.
