«Marmotaren eguna». Labur, halaxe esan diete kazetariei Accionak Nafarroako Parlamentura bidalitako bi zuzendariek. Alta, euren buruzagi nagusia, Jose Antonio Entrecanales, ez da bertaratu. Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordeak gaurko bigarren aldiz deitu zuen Jose Antonio Entrecanales Accionako presidentea. Legearen arabera, derrigorrezkoa bada ere, urtarrilaren 20an gertatu bezala, azkenean ez da joan. Bere ordez Accionako bi zuzendari bidali ditu berriz: Joaquin Mollinedo eta Jose Julio Figueroa.
Nafarroako Parlamentua ez dago konforme, eta bihar erabakiko du zer egin. Zigor Kodearen 502. artikuluak dioenez, «Espainiako Gorteetako eta autonomia erkidegoetako ikerketa batzordeetara ez joatea desobedientzia delitutzat joko da», eta sei hilabete eta bi urte arteko espetxe zigorra ezar dakioke hori egiten duenari.
Dena den, Accionak uste du kasu honetan deitutako pertsona ez dela Entrecanales bera, baizik eta Acciona enpresa, pertsona juridiko gisa. Hala, urtarrilaren 20an argudiatu bezala, enpresak dio haiei dagokiela erabakitzea nor joango den.
Are: enpresak parlamentura bidalitako idatzian dioenez, batzordera joateko hitzordua Acciona Construcciones enpresari eskatu behar litzaioke eta ez Acciona taldeari. «Belateko adjudikazioko enpresa elkartean parte hartu duena bata Acciona Construcciones, Acciona taldeko filiala», azpimarratzen du. Aldiz, gaineratzen du talde nagusiak ez duela lizitazioan eta adjudikazioan parte hartu. Era berean, oroitarazten du ez taldea ez filiala ez direla auzi judizialean ikertu. Hain justu, epaileek pertsona zehatzen aurka jo ohi dutelako, eta ez enpresen aurka.
Azkenik, Accionak berresten du Entrecanalesek joateko borondatea adierazten duela bi ordezkari hara bidalita. Mollinedo zein Figueroa bertaratu egin dira, baina ikerketa batzordeak ez ditu aintzat hartu, eskaera Entrecanalesi zuzendu zaiolako. Accionak dio haien presidentea ez dela enpresaren ordezkari, administrazio kontseilua baizik. Enpresaren hitzetan, enpresak bere ordezkaria izendatzeko duen eskubidea urratu du parlamentuak.
Parlamentuaren ikuspegia
Bihar, 09:30etan bilduko da batzordea berriz, eta orduan erabakiko du zer egin. Legelarien ikuspegia entzun nahi dute taldeetako ordezkariek eta ikusi zer egin. Entrecanales bigarren aldiz joan ez denez eta Zigor Kodea argi eta garbi mintzatzen denez, aukera nagusietako bat da fiskaltzari jakinaraztea gertatutakoa. Entrecanalesen jokabidearen aurka mintzatu dira zazpi taldeetako ordezkariak, baina zenbaitek nahiago izan dute zuhurrago jokatu.
«Parlamentuak defenditu behar du mundu guztia berdin tratatu dadila», esan du UPNko Javier Esparzak. Bere hitzetan, beste edozein herritarren modura ikerketa batzordera joateko betebeharra du Accionako presidenteak. UPN fiskaltzari jakinaraztearen alde agertu da, baina gaineratu du hartzen den erabakia «aho batez» hartu behar dela. «Ez dugu adostasuna hautsiko».
Antzera, PSNko Ainhoa Unzuren esanetan, legelarien ikuspegia entzun nahi dute lehenik. «Entrecanales batzordera bertaratu beharreko pertsona bat gehiago da, eta besteen modu berean jokatu behar dugu harekin», adierazi du, eta gaineratu: «Legea betetzera derrigortu behar zaio edonori, eta berdin zaizkigu haren izen-abizenak».
EH Bilduko Laura Aznalen arabera, ez dagokio Accionari erabakitzea nor joango den ikerketa batzordera. «Gure jarrera oso argia eta irmoa da. Fiskaltzara eramatea proposatzen dugu». Ildo beretik jo du Zurekin Nafarroako Carlos Guzmanek. Bere ustez, frankismotik eratorritako elite ekonomiko bat dago, «nahieran jokatzera ohituta». Zurekin Nafarroak asmoa adierazi du fiskaltzari informazioa bidaltzeko.
Zuhurrago jokatu nahi izan dute Geroa Baik eta PPk. Pablo Azkonaren (Geroa Bai) arabera, bihar zehaztuko dute zer urrats egin. «Irmo jokatu behar dugu, eta batzordearen ikuspegia defendatu». Dena den, argi utzi du fiskaltzari jakinaraztearen alde bozkatuko dutela. PPko Javier Garciak ere ez dio arazorik ikusten horri. «Ikusi nahi dugu beste aukerarik planteatzen ote den».
Voxek ez du ezer esan. Emilio Jimenez eskuin muturreko eledunak Oscar Arizkuren UPNko idazkari nagusi ohia batzordera joateko eskatu du.
Oscar Txibite eta Santos Cerdan
Entrecanales ez da agertu baina oso aste beroa izango da ikerketa batzordean. Bihar, behin erabakia hartuta, Oscar Txibite Lurralde Kohesioko kontseilaria joango da. Adjudikazio prozesuaren erdian hartu zuen kargu, 2023ko abuztuan, eta horren ostekoak zein gainkostuen inguruko polemikaz galdetuko diote batzordekideek.
Biharamunean, berriz, auziko protagonista nagusia joango da: Santos Cerdan PSOEko eta PSNko Antolamendu idazkari ohia. Auzi judizialeko beste ikertu batzuen aldean, Cerdan ez zen isildu Espainiako Senatuan egindako agerraldian, eta espero da galdera batzuei erantzungo diela.
