Edurne Errea sexologoak (Aurizperri, 1987) Boteretze Erotikoaren Eskola jarri du abian, otsailaren 25era arte, Iruñeko Emakumeen Etxean. Hiriko udalak diruz lagundu du, eta doan da parte hartzaileentzat. Boteretzeaz, erotikaz, sentsualitateaz eta bertzez hausnartzera deitu du Erreak.
Emakumeentzat antolatu duzu eskola. Behar handiagoa dute?
Egia erran, bakarrik emakumeekin egitea ez da gogokoen dudana. Hala egiteak, baina, baditu abantaila batzuk, parte hartzen duten emakumeak seguru sentitzen baitira beren eta besteen esperientziak antzekoak direla ohartzen direnean. Horri esker, aukera dugu tailerrari aparteko intimitate puntu bat emateko.
Eta tailer mistoek zer dute?
Oso aberatsak dira, aukera baitago esperientzia ezberdinagoak mahai gainera ekartzeko. Edo, behintzat, hasieratik dago bestetasunaren ideia. Emakumeekin bakarrik eginez gero, parte hartzaileek uste izaten dute ez dutela bestetasun oso ezberdin bat aurkituko; hori, halere, ez da egia.
Emakumeak askotarikoak baitira, ezta?
Hala da. Tailerra bakarrik emakumeekin egitea gogokoen ez dudala erraten dudanean, erran nahi dut iruditzen zaidala emakume zuri eta heterosexualak izanen direla tailerrean parte hartzera deitzen dituztela sentituko dutenak. Eta hori oso mugatua da, galtzen ari baikara aberastasunaren zati handi bat. Toki eta adin ezberdinetako emakumeek aberastasun handia ekartzen dute, eta orientazio eta identitate ezberdinetako emakumeek ere bai.
«Emakumeak seguru sentitzen dira beren eta besteen esperientziak antzekoak direla ohartzen direnean»
Hirugarrenez antolatu duzue aurten; nolakoa izan da aurreko urteotako esperientzia?
Iruñerriko emakume euskaldunentzat da eskola, beraz, horrek muga bat ezartzen du. Ez da inoiz emakume trans edo sexu disidenterik egon, baina bai adin eta biografia ezberdinetako emakumeak, eta hori oso interesgarria izan da.
Boteretze erotikoaz ariko zara emakumeekin. Zer da, zehazki?
Izena potoloa da, bai! Boteretze hitza entzuten dudanean, iruditzen zait boteretze horrek bilakatu behar gaituela gai, seguru eta indartsu. Tailerrean, baina, kontrako bidea proposatzen dugu, gure asmoa baita nabarmentzea zaurgarritasunean zenbat botere dagoen.
Zaurgarri direla onartzea da kontua?
Zaurgarri garenean, ezinbestean hasten gara gertatzen zaizkigun gauzak onartzen; onartze horrek zama bat kentzen digu, atseden har dezakegu, eta, ondorioz, izan dezakegu benetan nahi ditugun gauzak egiteko eta nahi dugun horrekin konektatzeko ahala. Geruzak kendu eta gure esentzia agerian gelditzen denean, gaitasun handiagoa dugu, gure baldintzekin, gauzak modu egiazkoago batean bizitzeko eta kolektibizatzeko.
Erotiko hitzak zer ematen dio boteretze horri?
Kontua da helduok erotiko hitza lotu ohi dugula eszitazioarekin. Tailerraren bidez, proposatzen dugu nork bere burua ikertzea, talde baten barruan eta besteekin sarea ehunduz, horren inguruan; gogoeta egin nahi dugu erotikari buruz, baina eszitazioaren auzia bazter utzita. Beste hitz batzuk ekarri nahi ditugu mahai gainera: sentsualitatea, sedukzioa, plazera, desira. Hitz horiei eszitazioa gehitzen diegunean irudi sexualak datozkigu burura; eszitazioa bazter uzten badugu, agian beste irudi batzuk ager daitezke: non sentitzen naizen seguru, non sentitzen naizen oso, sortzaile, konektatua, oso pozik dagoen ume bat bezala. Asmoa da nork bere bideak aurkitzea, jolasaren bidez.
Barrura begiratzeko ariketa bat da tailerra?
Tailerra izan daiteke istripuz terapeutikoa, baina hori ez da asmoa. Txikitasunean eta umiltasunean oinarriturik, plaza bat sortzea da helburua, bidaia hori abiatzeko. Teoria landuko dugu gaia kokatzeko, baina, batez ere, jolastea eta esperimentatzea da kontua.
Nola, adibidez?
Sentsualitatearen inguruan, adibidez; gauza bat edo beste izan daiteke batentzat eta besteentzat. Sentsual sentitzeko modu bat izan dezake batek, eta tailerrean besteen moduak ezagutu. Jolasaren bidez, bideak irekitzen dira.
«Nerabeen bakardadearen, jakin-minaren eta beste iturri batzuen faltaren ondorio da pornoa»
Oraindik tabu anitz daude erotismoaren inguruan?
Alba Floresi irakurritako elkarrizketa bat datorkit burura, aipatzen baitzuen askatasun sexuala batzuentzat arriskutsua dela, esan nahi baitu nor bere gorputzarekin konektatzea, desirak ulertzea, gure jokabideak gure desira horiekin lotzea nolabait, eta, noski, hori guztia lortzen badugu, nork eginen du lan egunean zortzi orduz? Neurri apalago batean, pentsamendu horrek eta erlijioak izan duen eraginak eramaten gaituzte puritanismora. Batzuek uste dute puritanismoa Opuseko andreen kontu bat dela, baina, berez, denok ukitzen gaitu. Feminismo zuria oso puritanoa da. Plazera dago, bai, baina pentsa dezagun nola. Eta hori ailegatzen da erakundeetara.
Sexu heziketa behar dugu?
Gazteekin ari naiz institutuetan lanean, eta haiek badute gehiago jakiteko gogoa. Gehiago jakin nahi dute. Nik mezu hori jaso dut. Sexualitatearen gisa tabu diren gaien inguruan bakardade handia dago nerabezaroan. Helduaroan ere bai.
Pornografiaren inguruko kezkak hartu ditu guraso anitz. Zer deritzozu?
Pornoa da bakardade horren ondorio; bakardadearen, jakin-minaren eta beste iturri batzuen faltaren ondorio. Haiek garbi ari dira sexu heziketarako saio gehiago eskatzen. Skolaeri esker, gaia ikastetxe guztietako agendan dago. Aurten proiektu pilotu bat egon da ikastetxe batzuetan sexologoak egoteko. Urrats bat egin da, eta behar da Hezkuntzak baliabidez hornitzea.
