HP, Google eta beste hainbat korporazio teknologiko Gazako genozidioan parte hartzen ari direla eta, haiekiko harremanak eteteko eskatu dio Nafarroako Irakasleok Palestinarekin taldeak Nafarroako Gobernuari. Hezitzaileek «genozidioaren izaera ekonomiko eta enpresariala» deitoratu dute, eta, ildo horretan, gogora ekarri dute Nazio Batuen Erakundeak enpresa horiei leporatu ziela Israeli laguntza teknologikoa ematea. Hala, HPri egindako erosketa guztiak bertan behera uztea eta Googleren ordez beste nabigatzaile bat erabiltzea galdegin diote Hezkuntza Departamenduari.
Taldeak iragarri du instantzia guztietara joko dutela eskaera horrekin; besteak beste, gobernua eta parlamentua aipatu ditu. Izan ere, «irmotasunez» adierazi du hezkuntzaren arloa ezin dela neutroa izan genozidioari dagokionez, eta gainera, nabarmendu du Gazako hezkuntza sistema suntsitzea izaten ari dela sarraskiaren oinarrietako bat: «Unibertsitateak, bigarren eta lehen hezkuntzako ikastetxeak, haur eskolak… Den-dena suntsitu du Israelek Gazan, enpresa horien eta inolako eskrupulurik ez duen elite ekonomiko horren laguntzaz».
Urriaren 15eko greba
Era berean, iazko urriaren 15ean Palestinaren aldeko elkartasunez egindako greban ehunka irakaslek parte hartu zutela eta, haien eskaerak kontuan hartzeko eskatu diote departamenduari, eta lanuzteagatik kendutako soldata UNRWAra bideratzeko, «Israelek dinamitatutako hezkuntza azpiegiturak berreraikitzera». Grebaren harira isuna jaso duten kideei eta Iruñean atxilotutako bi pertsonei ere elkartasuna adierazi diete, eta «herri protestak kriminalizatzeari» uzteko eta mozal legea indargabetzeko eskatu.
Irakasleen ustez, «gezurrezkoa» da Gazako su etena, Israelek ehunka pertsona hil baititu tregoa indarrean sartu zenetik, baina «Palestina hedabideen titular handietatik baztertzea» ekarri du. Horiek horrela, mobilizatzen jarraitzera deitu dute, eta, zehazki, Israelen aurkako boikota indartzera: «Argi geratu da boikota funtsezko tresna dela. Hori dela eta, estatu sionistaren bazkide komertzial nagusia den Europako Batasuneko erakundeei Israelekin dituzten merkataritza akordio guztiak hausteko eskatzen duen herri ekinaldia babesten dugu, eta eskaera bera egiten diegu Nafarroako, EAEko eta Espainiako gobernuei eta enpresei ere. Hitzetatik ekintzetara pasatu daitezen nahi dugu».
