Iruñeko Alde Zaharreko Mercaderes kaleko 18. zenbakiko bizilagunek ez dituzte beren etxeak utzi beharko; ez, behintzat, luze gabe horiek pisu turistiko bihurtuko dituztelako. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak goizean egindako prentsaurreko baten bidez jakinarazi duenez, eraikin horren jabe den Vidaurre Group enpresak bertan behera utzi du bloke horretan pisu turistikoak egiteko asmoa. Sindikatuaren arabera, hilabete hauetan sindikatuko kideek, Mercaderes 18ko auzokideek eta Alde Zaharreko bizilagunek egindako borrokari esker lortu dute enpresak atzera egitea.
Mercaderes 18ko bizilagunek joan den azaroan eman zuten beren egoeraren berri. Salatu zuten Vidaurre Group enpresa eurak kaleratu nahian zebilela, beren etxebizitzak pisu turistiko bihurtzeko asmoz; 11 pisu ditu eraikinak, eta alokairuan bizi dira hango bizilagunak. Presioaren eraginez, eraikinetik joan ziren haietako batzuk, baina beste batzuek geratzea erabaki zuten. Horiek, ordea, «jazarpen praktikak» jasan zituzten enpresaren aldetik; besteak beste, sindikatuko kideek azaldu dutenez, enpresak etxeko ataria obra-hondakinez beteta uzten zien eta matxuratutako igogailua konpontzeari uko egin zion.
Blokeko bizilagunek Vidaurre Group enpresako jabe Fernando Vidaurreren gutun bat jaso zuten urtarril amaieran, eta Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak gaurko prentsaurrekoan esan duenaren arabera, hark adierazi zien bertan behera utziko zutela Mercaderes kaleko 18. zenbakian pisu turistikoak egiteko plana, azken hilabeteetan jasandako presioaren ondorioz.
Hala, sindikatuak garaipentzat jo du enpresaren erabakia, eta nabarmendu du «auzokideen borroka antolatuari eta auzoko eragile eta bizilagunen elkartasunari esker» izan dela posible. Horren harira, sindikatuko kideek adierazi dute Mercaderes 18ko auziak balio dezakeela antzeko egoeran dauden herritarrei ikusarazteko «antolatzeak merezi» duela, eta «Vidaurre eta gainerako espekulatzaileek» ikus dezaten ezingo dutela «inpunitatez aritu».
Udalari eskaera
Vidaurre Groupek 2024ko udan eskatu zuen bloke horretan pisu turistikoak egiteko lizentzia. Hasieran ezezkoa jaso zuen arren, azkenean baiezkoa jaso zuen, promotoreak jarritako helegite baten bidez. Halere, sindikatuak gogorarazi du Iruñeko Udalak Alde Zaharrerako lizentziak emateari uztea erabaki zuela, behin-behinean, 2024ko irailean, eta iazko urtarriletik indarrean dagoela erabaki hori.
Hala, goizean egindako prentsaurrekoan, sindikatuak Iruñeko Udalari eskatu dio bertan behera uzteko Mercaderes 18ko 11 pisuen lizentzia turistikoak, «garaipen honen emaitza behin betikoa izan dadin, eta aurrerapauso kualitatibo bat izan dadin Alde Zaharrean negozio turistikoari aurre egiteko urteetako borrokan».
