Soka luzeko proiektua da Iruñeko Donapea auzo berriarena, duela ia hogei urte egin baitzituen lehen urratsak. Asmoa etxebizitzak eraikitzea izan da hasieratik, eta hiriburua hegoaldetik handitzea. Proiektuak 2008tik egin duen bidean, halere, aldaketa anitz izan dira; UPNk hasi zuen bide hori, eta egungo udal gobernuak eman dio azken bultzada: osoko bilkurak hiriko udal plana aldatzea onartu zuen otsailaren 5ean, aho batez, eta, urrats horri esker, Donapeako proiektua garatzen hasiko dira. 5.000 etxebizitza eraikiko dituzte, erdiak babes ofizialekoak.
Iruñeko Udaleko talde guztiek egin dute proiektuaren alde, baina otsailaren 5eko osoko bilkurako eztabaidak agerian utzi du ñabardunak badirela batzuen eta bertzeen iritzietan. Oposizioak «hagitz mantso» aritzea egotzi dio Joxe Abaurrea Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030erako Agendako zinegotziari (EH Bildu). «Urte eta erdi baino gehiago kostatu zaizue udal plana aldatzeko urratsa egitea. Lanak 2028an hasiko dituzuela erran duzu, baina ez dut uste hala izanen denik», erran dio UPNko Juan Jose Etxeberriak Abaurreari. PPko Carmen Albak ere uste du proiektua «berandu» ailegatu dela Iruñeko Udaleko osoko bilkurara, eta erantsi du udal gobernuak ez duela «deus ere» egiten etxebizitzaren arazoari aurre egiteko.
Iruñeko Udaleko Hirigintza zinegotzi Joxe Abaurrea, otsailaren 5ean, osoko bilkura hasi aurretik. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Abaurreak erantzun die kritikei, eta Etxeberriari oroitarazi dio bera izan zela Iruñeko Udaleko Hirigintza Saileko arduraduna hainbat urtez. Zehazki, Enrique Maia alkate erregionalistarekin aritu zen Etxeberria Hirigintza zinegotzi, 2011tik 2015era eta 2019tik 2023ra. «Zuek hasi zenuten proiektua, eta epaileek bitan utzi zizueten bertan behera», gogoratu dio Abaurreak Etxeberriari.
UPNk ekimen pribatuarekin batera hasitako proiektua moldatu egin du Iruñeko egungo udal gobernuak. Osoko bilkurak udal plana aldatzea onartu eta gero, Nafarroako Gobernuari dagokio aldaketa hori behin betikotzat ematea. Hori gertatu bitartean, udalaren asmoa da Donapeako proiektua garatzeko behar duen plan partziala prestatzen hastea, eta Abaurreak erran du otsaila amaitu baino lehen hasiko direla lan hori egiten; parte-hartze prozesu bat martxan jartzea izanen da lehen urratsa. Orain Donapearako proposamen bat dena, beraz, zehaztuz joanen dira.
Bixente Taberna arkitektoa, hain zuzen, Donapeako egitasmoa garatuko duen proiektu zehatzago horren zain da, baina, oraingoz, ez du begi txarrez ikusi. Ezaguna du auzo berriak 2008tik egindako bidea, Iruñeko Udaleko funtzionario aritu baita urte luzez; udal arkitektoa izan da, eta Hirigintza Saileko zuzendari teknikoa ere bai, bertzeak bertze. Udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu ez izana nabarmendu du Donapeako proiektuaren alde.
Iruñeko Udalak esku artean duen proiektuan jaso duenez, Donapean ezberdin samarrak diren bi eremu daude: Donapeako goi lautada, batetik, eta, bertzetik, Zaragoza etorbidearen ingurua. Asmoa da etxebizitzak bi eremuon artean eraikitzea. 5.000 egin nahi dituzte, eta erdiek nolabaiteko babesa izanen dute. Zehazki, babesa jasoko duten 2.500 etxebizitza horietako %60 izanen dira babes ofizialekoak, eta gainerakoak, berriz, etxebizitza tasatuak. Babes ofizialeko etxebizitzen artean, %30 alokairuan ematekoak izanen dira.
Abaurreak Donapeakoa «proiektu jasangarri bat» dela azpimarratu du, eta egitasmoak hartuko duen eremuaren iparraldean dauden berdeguneei eutsiko dietela. Berdegune horiek parke bilakatu nahi dituzte, eta haien bidez Donapeako etxebizitza berriak lotu Sadar ibaiaren eta Nafarroako Unibertsitatearen campusaren inguruarekin.
Iruñeko hegoaldean garatuko duten Donapea auzo berriko irudi bat. IRUÑEKO UDALA
Udalak proposatu du, bertzalde, Zaragoza eta Nafarroa etorbideen egungo lotura moldatzea; asmo horrek, hain zuzen, zalantza eragin dio Bixente Tabernari. Egun, zubi batek lotzen ditu bi errepideok, Zaragoza etorbidearen gainetik pasatzen baita Nafarroa etorbidea. Donapeako proiektuaren arabera, asmoa da bi bideon arteko lotura lur azpitik egitea. «Egungo udal gobernuak oinezkoei eman nahi die lehentasuna hirian, oro har; errepideak eta hiriko kaleak ez dira gauza bera, ordea, eta lur azpitik eginda ere, errepide soila izanen da. Zalantzak sortzen dizkit konponbide horrek», azaldu du Tabernak.
Iruñe irisgarriagoa
«Batetik, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko bide bat da, eta, bertzetik, hiria modernizatzeko tresna bat». Horixe erran du Joxe Abaurreak Donapeako proiektuari buruz. Berretsi du egitasmo horren helburua ere badela ingurua lehengoratzea eta «kalitatezko espazio bat» sortzea. «Iruñe demokratikoago, irisgarriago eta atseginago bat eraiki nahi dugu», bukatu du.
Horiek dira asmoak, eta orain osatuko duten plan partzialak jaso beharko ditu, Donapea auzo berria garatzen hasteko. Abaurreak onartu du proiektua ezin izanen dutela «berehala» gauzatu, baina oinarri sendotzat jo du, hemendik urte batzuetara etxebizitzaren auziari aurre egiteko. Bitartean zer? Oposizioko taldeek zalantzan jarri dute Iruñeko udal gobernuak arazoari heltzeko ahala ote duen. Abaurreak erantzun du «urratsak egiten» segituko dutela.
Urratsez urrats
2008. Iruñeko Udala hasi zen Donapeako proiektua mamitzen. Ekimen pribatuko egitasmo bat zen garai hartan, lur jabeek eta sustatzaileek bultzatu baitzuten. Proiektuak, hasiera hartan, Iruñeko eta Galarko lurrak hartzen zituen.
2009. Nafarroako Gobernuak udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatu zuen Donapeako egitasmoa.
2011. Nafarroako Gobernuak herrialde osoa hartzen zuten lurralde antolamendurako bost plan onartu zituen. Hirugarrena zegokion erdialdeari, eta testu horretan jaso zuen Donapeakoa «garatzeko eremu bat» zela. Urte berean, Galarko Udalak aurkeztutako helegitearen bidez, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen gobernuak Donapeari buruz onartutako udalerriz gaindiko eragina duen plana.
2014. Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen udalerriz gaindiko eragina duen planaren aurkako epaia.
2015. Nafarroako Gobernuak udalerriz gaindiko eragina duen plan berria onartu zuen Donapeako proiektua garatu ahal izateko.
2018. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen, otsailean, Donapeako egitasmoaren inguruko udalerriz gaindiko eragina duen plana, bigarrenez. Orduko asmoa zen Iruñeko hegoaldean 4.300 etxebizitza eraikitzea.
2019. Espainiako Auzitegi Gorenak ere bigarrenez zapuztu zituen Nafarroako Gobernuaren asmoak, eta bertan behera utzi zuen Donapeako udalerriz gaindiko eragina duen 2015eko plana.
2022. Galarko eta Iruñeko udalek hitzarmen bat sinatu zuten, Donapeako eremuarekin zer egin adostu eta gero. Hitzarmen horren bidez, Iruñeak eskuratu zituen Donapeako proiektua garatu ahal izateko Galarrenak ziren lurrak, eta Galarren esku gelditu ziren, bertzalde, Iruñeko Udalarenak ziren bertze batzuk.
2025. Iruñeko Udal Gobernu Batzordeak hiriko udal plana aldatzea onartu zuen, apirilean, Donapea auzo berria garatzen hasi ahal izateko.
2026. Iruñeko Udaleko osoko bilkurak, Udal Gobernu Batzordeak adostutakoari jarraituz, hiriko udal plana aldatzea onartu zuen, aho batez, otsailaren 5ean. Nafarroako Gobernuari dagokio aldaketa horri behin betiko oniritzia ematea. Donapeako proiektua zehaztuko duen plan partziala onartzea da hurrengo urratsa.
